Elikadura osasuntsuaren alde

Gizarte Berria Eraikitzen taldetik sortutako lehenengo enpresa da Lur Denok. Elikadura osasuntsuaren alde lan egin nahian, lehenengo baratze ekologikoa ireki dute, Astigarragan.

Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten bazkideen artean banatzen dituzte Astigarragako baratzean bildutako produktuak, astero. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Duela zazpi urte hasi zen guztia, Koldo Saratxagak (Sopuerta, Bizkaia, 1947) Irizar enpresan zuen kargua utzi zuenean. Saratxaga ezaguna da lan munduan egin dituen ekarpenengatik, eta hainbat sari jaso ditu horri lotuta.

2007an, Un nuevo estilo de relaciones liburua idatzi zuen, eta bertan bildu zituen berak defenditzen duen lan egiteko filosofiaren oinarriak; nagusiki, askatasuna, konfiantza eta komunikazioa. K2K Emocionando aholkularitza enpresa ere sortu zuen, filosofia hori beste enpresetara zabaltzeko asmoz. Gaur egun, urte batzuk beranduago, hogeitik gora enpresak osatzen dute Gizarte Berria Eraikitzen taldea (GBE).

Gizarteari laguntzeko hainbat proiektu egiten dituzte, eta Lur Denok SL da GBEren baitatik sortutako lehenengo enpresa. Nekazaritza ekologikoa bultzatzea da horren eginkizuna, eta elikagaiak ekoitzi eta saltzera bideratuta dago bere jarduna: Astigarragan (Gipuzkoa) ireki berri dute lehenengo baratzea.

Euskal Herrian albo batera utzita dauden edo etekin gutxi ateratzen zaien lurrak berreskuratu, eta erabilera eman nahi diete. Horrela, egoera horretan dauden lurren jabeekin hitz egin, eta alokairua adosten dute. «Proiektua gustatzen bazaie, tratua egiten dugu. Horrela, guk haien lurrak lantzen ditugu, eta haiek, trukean, guk ekoitzitako produktuen bi saski jasotzen dituzte astero», azaldu du Mikel Rubiraltak, Lur Denok taldeko kideak. Nekazaritzako ingeniari teknikoa da, eta Astigarragako baratzean lan egiten du beste bi lagunekin batera.

Helburuetako bat da Astigarragakoa bezalako baratzeak Euskal Herriko hainbat txokotan sortzea; udaberrirako, adibidez, Gernikan horrelako beste bat irekitzea espero dute. Izan ere, baratze ekologikoen bidez elikadura osasuntsuaren aldeko kultura sustatzeaz gainera, krisi ekonomikoaren ondorioz hainbeste zabaldu den langabeziari irtenbidea bilatu ere egin nahi diote.

Bazkidetza bidez finantzen da Lur Denok SL taldea. Pertsonak eta erakundeak batuta, guztira 190 bazkidek finantzatzen dute. Helburua ahalik eta bazkide gehien lortzea da: «Ez ditugu kapital osoa bere gain hartuko duten bi edo hiru bazkide handi nahi: bazkide asko eta txikien bila ari gara». Hirurehun euro dira akzio bat erosteko kopuru gutxienekoa, eta diru hori erabiliko dute euren lana aurrera eramateko beharrezkoak dituzten inbertsioak egiteko. Bide horretan, kontsumitzaile guztiak dira bazkideak, baina ez bazkide guztiak kontsumitzaile.

Oraingoz, euren kontsumitzaileen %90 dira GBE taldeko langileak: «Hasiera batean, haiei zuzendu genien kanpaina, baina nahi duen oro izan daiteke Lur Denok SLko bazkide».

Gaur egun, Bizkaian eta Gipuzkoan banatzen dituzte ekoizten dituzten produktuak, hain zuzen ere, euren bazkideek lan egiten duten eremuetan.

Rubiraltaren arabera, ez guztiek, baina «proiektuarekiko motibazio handiena dutenek» hainbat taldetan banatuta lan egiten dute, borondatez: «Batzuek instalazioak bilatzen laguntzen digute —berotegiak, traktoreak, lursail berriak...—, komunikaziokoek webgunea kudeatzen dute, eta badago beste lantalde bat kontsumitzailearekin dugun harreman estua mantentzen duena».

Ezohiko planteamendua

Elikadura osasuntsuaren kultura zabaldu nahian, ikastetxeekin heziketa eta formakuntza lana egingo du Lur Denok taldeak. Ongi jateak «elikagai osasuntsuak, garaian garaikoak eta gertukoak izatea esan nahi du» taldearen ustez, eta ideia hori transmititzea izango da zereginetako bat.

Gizartean oro har, eta lan alorrean zehazki, zabaldu beharreko balioak planteatu zituen Saratxagak Un nuevo estilo de relaciones liburuan. Ez hori bakarrik: gaur egun enpresen munduan gailentzen den egitura hierarkikoaren ordez, egitura horizontala duen ereduaren alde egin zuen. Hori posible izateko, pertsonak lehenengo mailara ekarri behar dira: konfiantza eskaini, haien iritzi eta ekarpenak adierazteko askatasuna lehenetsiz. Horrela lan eginda bakarrik sentituko baitu pertsonak proiektuaren parte dela, taldean lan eginez, berdintasunean, kontuan hartzen dela konturatuta: Saratxagaren ustez, horrek jendea motibatu eta ardurak bere gain hartzea ekarriko du.

«Pertsonen ezagutza kapitalaren aurretik» jartzea da Lur Denok SL osatzen duten guztien asmoa, modu horretara, jendearen parte hartzea eta proiektuarekiko konpromisoa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA