Esther Zabalegi Burgik (Tafalla, Nafarroa, 1937) gaztetatik bizi izan du immigrazioa, Parisera emigratu baitzuen lan bila. Bizitza osoa eman du Palestinaren aldeko borrokan, bai eta presoen eskubideen eta emakumeen berdintasunaren alde ere. Joan den hilabetean, Palestinaren aldeko manifestazio baten amaieran, poliziak Zabalegi atxilotzen eta identifikatzen saiatu ziren. Baina indarrez aurre egin zien emakume nafarrak; gatazka horren bideoa biral bihurtu da, eta orain Nafarroatik kanpo ere ikusi dute Zabalegiren izaera borrokalaria. Iruñeko amona izendatu dute komunikabideek.
Nondik dator Palestinarekiko inplikazioa?
Etxetik datorkit. Gurasoak oso gorriak eta solidarioak ziren: sobran ez bazegoen ere, inoiz ez zitzaigun ezer falta izan. Amak beti esaten zuen: «Jainkoa existitzen bada, zeinen maltzurra izango den, haurrak gosez hiltzen uzten dituelako». Ideia horiekin hazi nintzen, eta txikitatik erakutsi zidaten bide zuzena. Pena handia ematen dit Palestinan gertatzen denak: gosez hiltzen dira hemen janaria sobran dagoen bitartean. Ezin dut ulertu horrenbesteko gaiztakeria; Netanyahuren erabakiak gorrotagarriak dira. Palestina palestinarren lurra da, Nafarroa gurea den bezala, eta ez diete kenduko. 75 urte baino gehiago daramatzate aurre egiten, eta modu harrigarrian jarraitzen dute [gatazka oroitzean, hunkitu egin da, eta ahotsa eten egin zaio]. Horregatik, guztiok kalera atera beharko genuke, baita adineko jendeak ere, askok [36ko] gerraostean gosea pasatu baitzuten, eta badakite zeinen gogorra den hori.
Nola jaso duzu Iruñeko amona titulua?
Izenak grazia egin zidan. Bai, amona naiz, baina ez bakarrik Iruñekoa, baita Donostiakoa eta egon naizen leku guztietakoa ere. Guztien amona naiz, eta borrokan jarraituko dut hil arte. Asko hunkitu ninduen. Manifestaldien lehen lerroan nago beti, baina ez protagonismoagatik, baizik eta oraindik kartzelan dauden presoek ikus nazaten eta pentsa dezaten: «La Navarricak borrokan jarraitzen du».
«Guztien amona naiz, eta borrokan jarraituko dut hil arte»
Zure ustez, gazteak aurreko belaunaldiak bezain inplikatuta daude?
Ez, gazteek esnatu egin behar dute, datorrena oso serioa baita. Mozal legea dute gainean, ez dute lanik aurkitzen, eta asko gurasoen eta aitona-amonen menpe daude, baina horrek ez du justifikatzen sofan geratzea. Kalera irten behar dute, antolatu eta borrokatu; bestela, odolarekin, izerdiarekin eta ostikoekin irabazitako guztia pikutara joango da. Guk geurea egina dugu; orain haiei dagokie. Eta argi diot: futbola burua jaten ari zaie. Mafia bat da [oihuka]. Aberastasunak mugitzen du negozioa jendea gosez hiltzen den bitartean. Estadioak milaka pertsonaz betetzen dira gol bat oihukatzeko, baina ez dira betetzen bidegabekerien aurka edo Palestinaren alde oihu egiteko. Horrek amorrarazten nau. Futbolarekin txoratuta jarraitzen badute, dena galduko dute.
Aurten Iruñeko sanferminetako txupinazoa Yala Nafarroak bota du. Zer sentitu zenuen Palestinaren aldeko oihuak nazioarteko telebistetan entzuterakoan?
Niri balkoian egotea eta suziria botatzea proposatu zidaten, baina ezetz esan nuen, hori palestinar batek egin behar zuela uste nuen eta. Nik goian egon nahi nuen nire banderarekin, eta, azkenean, udaletxe ondoko eraikinean egoteko modua eman zidaten. Palestinako bandera aterkiaren puntan lotu nuen, eta balkoitik atera nuen, baina Poliziak «arriskutsua» zela esan zidan. Beraz, bandera eskutan hartu eta ahal nuen moduan eutsi nion. Gorputza ubelduraz betea amaitu nuen, baina balkoian astintzea lortu nuen. Tristeena da ia banderarik ez zegoela: nirea balkoian, eta gutxi batzuk plazan. Aintzat hartuta txupinazoak zenbateko oihartzuna duen mundu osoan, bandera palestinarrez bete behar zen. Ez zeuden debekatuta, nahikoa zen poltsikoan eraman eta ateratzea, baina jendeak edatea, ardoa botatzea eta festa egitea besterik ez zuen buruan. Niretzat porrota izan zen: Palestinari ikusgaitasun handiagoa emateko aukera galdua.
Nola bizi izan zenuen Poliziarekin izandako talka hura?
Lasai nengoen: «Boikot Israel» zioten pegatina txiki pare bat jarri nituen Corte Ingleseko erakusleihoan. Eta bat-batean, bi polizia etorri zitzaizkidan, eta besotik heldu zidaten, delitu larria balitz bezala. Bi pegatinarengatik! Nik oihu egin nien askatzeko, eta jendeak berehala inguratu eta babestu ninduen. Azkenean, esku hutsik alde egin behar izan zuten, eta Poliziaren baldarkeria horri esker, gatazka hura sare sozialetan zabaldu da. Poliziari esker, sare sozialetan Palestinaren inguruan mintzatu dira, ez soilik Iruñeko amonari buruz.
«Poliziari esker, sare sozialetan Palestinaren inguruan mintzatu dira»
Zer iruditzen zaizu Gazako egoeraren berri ematen duten kazetariak isilaraztea?
Oso larria eta guztiz bidegabea. Genozidio baten berri ematen saiatu diren 240 kazetari baino gehiago hil dituzte. Premiazkoa da jendea gehiago eta indartsuago mobilizatzea. Ez da nahikoa ekitaldi puntualak egitea; kalera atera behar dugu, manifestazioak antolatu, justizia eskatu eta egoera ikusarazi. Borroka ez da Palestinagatik bakarrik; bidegabekerien biktima guztiengatik ere bada: haurrak, errefuxiatuak, etxerik gabeko pertsonak, gosez hiltzen direnak eta kazetariak. Funtsezkoak dira han zer gertatzen den ulertzeko. Haiei erasotzea egiari berari erasotzea da, eta jarduteko behar dugun informazioa moztea. Gizarteak begiak ireki, informatu eta jardun egin behar du, horrela bakarrik egin baitaiteke presioa egoera aldatu eta justizia egin dadin.
Nola lotzen da zuretzat borroka feminista beste mugimenduekin?
Feminismoa nire bizitzaren parte izan da beti: amak emakumeen eskubideak defendatzen irakatsi zidan. Irungo [Gipuzkoa] mugimendu feministetan parte hartu nuen aspaldi, eta egoera zailetan zeuden emakumeei lagundu diet beti. Neure begiekin ikusi dut genero arrakala eta klaseen arteko desberdintasunak eragiten duen mina. Eta, maiz, baliabide gutxien duen jendeak pairatzen ditu kalteak. Niretzat, emakumeen eskubideak defendatzea ezin da banatu beste bidegabekerietatik, dela Palestinan, dela beste edozein lekutan.
Zerk ematen dizu borrokan jarraitzeko indarra?
Bidegabekeriak ematen dit indarra. Baita kapitalismoak eta Elizak duten botere guztia ikusteak ere. Aita santuak jainkoarengan sinetsiko balu, Elizak ez luke horrenbeste aberastasun izango jendea gosez hiltzen den bitartean. Ikusten dut jendeak ez duela Eliza kritikatzen, baina munduan gertatzen ari den guztiaren erruduna da [oihu egin du, bereziki haserre]. Eta ez bakarrik Eliza Katolikoa, baita Jehovaren Lekukoak, ebanjelistak eta gainerako beste erlijioak ere. Ez da gauza horietan sinetsi behar, errealitatean sinetsi behar da; jendea kalean ikusi, jendea agurtu, haiekin egon, maitatu... hori egin behar da. Ahaztu Jainkoa edo hartaz erditu zen ama; errealitateak axola du, jendeak, haien alde borrokatzeak. Horrek ematen dit bizitzan jarraitzeko indarra.
lotsabako
Zertan sinisten duzu?
Pertsonengan eta begiradetan.Nor da zure erreferentea?
Ni neu eta nire gurasoak.Megafonoa edo pankarta?
Megafonoa, entzun gaitzaten; baina pankarta ere funtsezkoa da.