Telesailak

Elkanori buruzko telesail bat grabatzen ari dira Getxon

RTVEren eta Amazon Prime Videoren 'Sin límites' telesailaren grabaketak Euskal Herrian abiarazi dituzte. Simon West zinemagilea da ekoizpenaren zuzendaria.

Grabaketaren une bat, atzo. GETXOKO UDALA
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 6a
10:55
Entzun

Argentinako Patagoniako San Julian badia XVI. mendean irudikatzen ari dira Getxoko Azkorri hondartzan (Bizkaia). Juan Sebastian Elkano eta Fernando Magallaes inguru horietara iritsi zirenekoak eta Argentinako lehen meza katolikoa ari dira grabatzen atzo eta gaur, Sin límites telesailarentzat. RTVEren eta Amazon Prime Videoren telesail bat da, Elkanok 1519tik 1522ra munduan egindako bidaiaren gorabeherak jasotzen dituena —ekoizpena Espainiako Defentsa Ministerioak eta RTVEk sinatu duten hitzarmen baten barnean sartuta dago—.

Apirilaren 26an hasi zituzten grabaketak. Hego Euskal Herriko beste leku batzuetan ere ari dira grabatzen: Azkoitiko Santa Klara komentuan; Erriberrin, Nafarroako errege-erreginen jauregiaren bueltan (Nafarroa); Iruñeko Katedralean; eta Lazkaoko Infantodoko Jauregian (Gipuzkoa).p>

Getxoko Azkorrin grabatutako eszenetan, honelakoak birsortu dituzte: matxinadak, exekuzioak, erbesteratzeak eta Patagoniako indigenekin izandako «liskarrak». Getxoko Udalak eman du informazio hori, eta grabaketei bisita egin die Getxoko alkate Amaia Agirrek. Alkateak zera esan du: «Sormen eta kultura industriei laguntzea da, Getxoko Udalaren ekonomia sustatzeko ildo estrategikoetako bat. Turismo Bulegoak Bilbao Bizkaia Film Commissionekin lan egiten du 2016. urtetik». Horren adibide dira Bizkaiko kostaldeko herrian grabatu dituzten zenbait pelikula, dokumental, iragarki eta telebista saio. Agirrek hau gaineratu du: «Kultura sustatzea eta hedatzea funtsezko osagaia da gizarte aurreratu batean, eta Getxon sektore horri laguntzeko lanean jarraituko dugu».
Getxoko alkatea Fernando Larrondorekin bildu da, telesailaren ekoizleetako batekin. Eta Larrondo grabazioaren parajeaz mintzatu da: «Natur eremu zoragarria da Azkorrikoa, bakana, eta oso baliagarria garai hura irudikatzeko».

Gipuzkoan grabatu dute jada
Getxoko grabaketetan, telesailaren aktore protagonistetako batzuk ari dira parte hartzen. Alvaro Mortek —La casa de papel— egiten du Elkanorena, eta bertan izan da. Pepon Nietok —Los hombres de Paco— Bartolome apaizarena egiten du, eta fikzioan haren ardura da Argentinan egindako aurreneko meza katolikoa ematea. Barbara Goenaga ere aktore taldean da, baina ez du parte hartu Getxoko grabaketetan. Telesailaren zuzendaria Simon West zinemagilea da.

Aurreko egunetan, Gipuzkoako Lazkao eta Azkoitia herrietan aritu da lantaldea grabaketak egiten. Astelehenetik asteazkenera, Lazkaoko Infantadoko Jauregian aritu ziren Sin límites-en eszenak grabatzen; hogei bat kamioi eta furgoneta Elosegi kalean jarrita, estudio erraldoi bihurtu zuten ingurua.
Euskal Herriko grabaketak amaitzean, Dominikar Errepublikara joango da taldea itsasoko eszenak grabatzera.

[Youtube]https://youtu.be/2F1BBSSxkH8[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.