Pasaportea esku artean eta bestarako gogoa aurpegian, jendetza dabil Zizur Nagusian (Nafarroa) goiti eta beti. Ez dira turistak, eta ez dute muga fisikorik zeharkatu behar izan Nafarroako ikastolen besta handian parte hartzeko. Bai, ordea, muga linguistikoa: euskara ofiziala ez den eremutik baitatoz zenbait. Eremu ez-euskaldunean dagoen ikastoletako bat da Vianako Erentzun ikastola; 96 familia eta ehun ikasle inguru biltzen ditu. Zizur Txikiko San Fermin ikastolaren egoera, berriz, bertzelakoa da. Iruñetik gertu dago, eta Nafarroako ikastolarik handiena da; mila familia eta 1.500 ikasle inguru biltzen ditu. Bi ikastola, bi errealitate, baina helburu bera: euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea. Horretarako, eskuz esku egin dute Nafarroa Oinez antolatzeko bidea, leloari jarraikiz: Bidean bat gara.
Aurten bada berritasun bat: Oinez ginkana erraldoia, 6 eta 14 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat. Parte hartzaileek pasaporte bat jaso dute goizean goizetik, eta, erronkaz erronka, helmugaraino ailegatu beharko dute. DBHko 3. eta 4. mailako 150 gaztek ere badute egiteko propioa, ohiko legez: Erronka. 10:00etan izan dute lehendabiziko proba, Ardoiko urmaelean.
Ordu berean entzun da adar hotsa Ardoiko Luis Ibero plazan, eta, Txantreako joaldunen zintzarriek erakarrita, fite bete da agertokia. Bestari hasiera emateko ekitaldia egin dute han, eta San Fermin ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltza eta Erentzun ikastolako lehendakari Marta Tejada izan dira oholtzara igotzen lehenak.
Ez dira esku hutsik agertu. Aitak egindako egurrezko eskultura bat erakutsi dio publikoari Sagastibeltzak. E hizkia du marraztua: «Niretzat etorkizuna, euskara, erabilera eta elkartasuna da. Hori da gurasoek transmititu didatena, eta hori bera da nire bi semeei transmitituko diedana». Aurtengo leloan ere, Oinez hitzaren e hizkiari forma berezia eman diote; Irulegiko eskuaren itxura, hain zuzen.
Izan ere, eskuz esku doan proiektua da Nafarroa Oinez, eta Irulegiko eskuak hainbat gauza irudikatzen ditu; hala nola euskara, erronka, elkartasuna eta elkarrekin aritzea. Baita Erentzun ere. Ikastola horretako lehendakariak Vianako printzerriko zuhaitz baten adarra eraman du eszenatoki gainera: «Lurra landu, ureztatu, eta zaindu behar da, fruituak eman ditzan. Jarrai dezagun euskara ereiten».
San Fermin ikastolako lehendakariak gaineratu du gaurkoa «euskaraz gozatzeko topagunea» ez ezik, «euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko eguna» ere badela: «Mugarririk eta oztoporik gabe Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna da».
«Mugarririk eta oztoporik gabe Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna da»
Eider SagastibeltzaSan Fermin ikastolako lehendakaria
Jarraian, Zizur Nagusiko alkate Jon Gondanek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeko lan egin duten guztiei: «Eskerrik asko boluntarioei eta udal langileei, baita segurtasun, larrialdi eta garbiketa zerbitzuei ere. Azkenik, eskerrik asko zizurtarrei, zuen kaleak eta zuen pazientzia emateagatik». Mila boluntario ari dira gaur buru-belarri lanean, eta urte osoan 7.000 pertsonak parte hartu dute antolakuntza lanetan.
«Euskaraz ikasteko aukera ez da berez etortzen; eman egin behar da, baliabideekin, konpromisoekin eta epe luzerako begiradarekin». Adibide gisa jarri du Zizurko Udalak aurten eraberritu duen Sarastigorri haur eskola: «Sarastigorriko umeak gure eskolako eta ikastolako umeak izango dira urte gutxi barru, eta, agian, beste Nafarroa Oinez bat antolatuko dute».
Nafarroako Gobernuko ordezkari Ana Ollo ere Zizurren izan da, eta ikastolek aspalditik betetzen duten «funtsezko rola» goraipatu du: «Mila esker Vianako, Zizur Nagusiko, eta Nafarroako herri askotako guraso aitzindari horiei, seme-alabek ikastearen alde egin baitzuten gehienek euskaraz jakin gabe ere».
Erentzun ikastolak, erraterako, 38 urte ditu, eta San Fermin ikastolak 61. Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, duela 45 urte ekin zion Nafarroa Oinez antolatzeari. Gaur egun, Oier Sanjurjo da elkarteko lehendakaria, eta «ikastolekiko konpromisoa» indartzeko eskatu du: «Erakunde publikoei dei egiten diegu ikastolak babestu, sustatu eta indartu ditzaten. Euskarak Nafarroa osoan izan behar du bere lekua, zonifikazioaren gainetik». Ekitaldia akitzeko, Sanjurjok gizarte eragileei dei egin die Euskalgintzaren Kontseiluak udazkenean eginen dituen ekinaldiekin «bat egiteko».
«Erakunde publikoei dei egiten diegu ikastolak babestu, sustatu eta indartu ditzaten. Euskarak Nafarroa osoan izan behar du bere lekua, zonifikazioaren gainetik»
OIER SANJURJONafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria
Gero, San Fermin ikastolako ikasle ohi batek aurreskua dantzatu du, ahizpak txistuarekin lagunduta. Izan da musikarik horren ondotik ere, behin ibilbidearen zinta moztu eta familia argazkia aterata kalejira bat egin baitute gaiteroekin, herriko kultur etxeraino. 11:30ean hasi da bigarren ekitaldia.
Areto nagusia bete bezain pronto, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparazek Errigora elkartea omendu du: «Errigorak euskara biziberritzeko duen konpromisoa aitortu nahi dugu, eta ekonomiak, kulturak eta bizitza komunitarioak sustraitu eta hazten jarrai dezaten egiten duen ahalegina». Errigorako kide Haizea Lizarbek eskerrak eman dizkio Reparazi. «Ohore handia» dela aitortu du, eta, bide batez, gogorarazi du urriaren 22an Euskarari puzka udazkeneko kanpaina abiatuko dutela.
Hurrengo helmuga: Lizarra
Uxue Lazkano San Fermin ikastolako zuzendaria eta Garbiñe Zulaika Erentzun ikastolakoa izan dira solastatzen azkenak. «Muga administratiboen eta hizkuntza oztopoen gainetik, erakutsi dugu sare bat garela. Eta bideak jarraituko du, Lizarraraino oraingoan», iragarri du Lazkanok. Hala, Nafarroako hamalau ikastolatako ordezkarien eskuetatik igaro ondoren, Nafarroako Ikastolen Elkarteak hamaborzgarren ikastolako ordezkariei eman die lekukoa, eta baita 2027ko Nafarroa Oinez Lizarran antolatzeko ardura ere.
Borzgarren aldia izanen dute, eta «indarrak berrituta» eta «ilusioz» hartu dute konpromisoa. Erentzunek eta San Ferminek ere ez dute aurreneko aldia izan. 1992an eta 2007an besta antolatzeko lana bere gain hartu zuen Erentzun ikastolak, eta baita 2016an ere, Lodosako Ibaialde Ikastolarekin batera. San Fermin ikastolak, berriz, 2000n eta 2012an egin zituen anfitrioi lanak.
Musikaz beteriko arratsaldea
Gustu eta adin guztietara egokitutako eskaintza atondu dute antolatzaileek. Ibilbideak Zizur Nagusia, Ardoi eta Galar lotu ditu, eta hiru gune prestatu dituzte; horietako bat, Zizur Nagusian, eta bertze biak bi lursailetan.
Kontzertuei dagokienez, Go!azen telesaileko kideek, Motxila 21ek, Kantu Saldak, Altxa Jaunak taldeak, Xaiborrek, Demande Quartetek eta La Basuk girotu dute goiza. Arratsalde partean ere ez da musikarik faltako. Lehen guneari Trikidantz erromeriak jarriko dio doinua 16:00etan, eta gero Urtz taldearen txanda izanen da. Bigarren guneko eszenatokira Korrontzi eta Mugan taldeak igoko dira, 15:30ean hasita. Hirugarren txokoan, berriz, X Sakara eta Eztitan taldea arituko dira, 16:30etik aitzinera.