Josu Txapartegi (Zarautz, Gipuzkoa, 1946) Txapas-en eskusoinuarekin azaldu da, eta Joxe Mari Agirretxe (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964), Porrotx-en bibotearekin. Ia beti umeekin lotzen da haien lana; gaur, ordea, Euskarabenturako gazteak izan dituzte hizpide. Urtero legez, aurten ere arratsalde bat igaroko baitute Euskarabenturako gazteekin, jzioquitarrekin; hilabetez Euskal Herriko hamaika bazter bisitatzen eta kilometro andana egiten dabiltzan gazteekin. Biek argi utzi dute bide onetik datozela belaunaldi berriak ere, eta horren seinale dela Euskarabentura.
Nolakoa izan zen zuen gaztaroa? Zertan bereizten da gaur egungoarekin konparatuta?
JOXE MARI AGIRRETXE: Frankismoan jaio nintzen, 1964an. Etxeetan krisketak genituen, inor biluzik ikus ez genezan. Sexua, generoa eta biluztasuna tabua ziren. Oro har, itxia zen dena; hizkuntzatik hasi eta sexuraino iristen zen krisketa, debekuz josiak geunden. Dena dela, mendiak eta euskal dantzek balio izan ziguten oinarri hertsi horren gainean alternatiba eraikitzeko.
JOSU TXAPARTEGI: Ni, berriz, frankismoaren gordintasunean jaio ez ezik, hazi ere egin nintzen. Gure ama Francoren aldekoa zen. Baina 15-16 urterekin errealitateaz konturatzen hasi nintzen, eta gaur arteko bideari ekin nion.
Euskarabenturara joatea ohitura bihurtu da. Zer-nolako ongietorria izaten duzue? Zer jarrera da nagusi gazteen artean?
TXAPARTEGI: Balio batzuk partekatzen dituzten gazteak direla uste dut: balio abertzale, sozialista, feminista eta antiarrazistak. Beraz, ez da harritzekoa Porrotx azaltzen denean taldea guztiz aldatzea. Ordu erdi atzera egingo bagenu, haserreak eta pozak ikusiko lirateke, baina, Porrotx azaltzean, giroa erabat aldatzen da; ziurrenik, utzi berri duten haurtzaroa datorkie burura. Gainera, pailazoa beti da munduko pozaren eta gauza onen bozeramailea; beraz, sentimenduzko konexio oso handia ikus daiteke.
AGIRRETXE: Nik ere uste dut Euskarabenturara joaten diren gazteek aldez aurretik gai batzuen inguruko ikuspuntu oso landua dutela; hizkuntzaren eta Euskal Herriaren ingurukoak, adibidez. Beraz, ez gara hutsetik hasten. Iritsi bezain laster sortzen da gure arteko konexioa, kantu, dantza, abentura eta balio asko partekatu baititugu aldez aurretik. Hunkigarria izaten da benetan; horrexegatik iruditzen zait aisia nahitaezkoa dela gazteak gure balioetan haz daitezen.
Euskarabenturaren helburua gazteen artean euskarazko sare bat eraikitzea da. Zer gehitzen diozue sare horri?
TXAPARTEGI: Nire aldetik, bizitza guztian defenda daitezkeela ideia berak. Gaztetan defendatutako ideiak 80 urterekin ere defendatzeko esperientzia kontatzen diet.
AGIRRETXE: Lur, hizkuntza eta proiektu berberak dituztenen artean sarea sortzeko gaitasuna du Euskarabenturak. Sare horren barnean gaude gu; beraz, haiekin ospatzen dugu. Elkartasunaren indarra bilatzen dugu, finean.
Gazteen ahoetatik ere entzuten dira zuen abestiak; Kalera! Kalera! eta Bihotzak ikasi, esate baterako. Zer iruditzen zaizue gazteen jarrera? Zer sortzen dizue?
AGIRRETXE: Maruxak-ekin batera, «pailazo ta trabestiak egia gara» abesten dugu. Bada, geure burua eraldatzen dugu, geure herria eta mundua eraldatzeko. Azken batean, beren burua eraldatzen ari diren gazteak ikusten ditugu. Haien ametsekin, haurrarekin, jolasarekin eta zoriontasunarekin konektatzea da, Euskal Herria eta mundua askea izan dadin.
TXAPARTEGI: Behin, Manolo Urbietarekin batera aditu nuen kalean gure kanta. Emozioz bizi izan genuen; batak besteari begiratu, eta hitzik gabe argi ulertu genuen elkar.
1990eko eta 2000ko hamarkadatik orain arte aritu zarete Euskal Herriko umeak hezten. Xirula-Mirulak ere hala jardun du hainbat urtez. Nolanahi ere, duela gutxi esan behar izan diote agur. Egongo da etorkizuneko umeak heziko dituenik?
AGIRRETXE: Pailazogintza, kulturgintza eta euskalgintza ondo ikusten ditut: belaunaldi berriak ondo ordezkatuko gaitu. Baina, herri bezala, oinarrizko adostasunak bilatu behar ditugu, lehentasunezko bitartekoak, inbertsioak eta babesa emateko. Aisiak herriaren babesa eta administrazioen inbertsioak behar baititu.
TXAPARTEGI: Orain modan dabiltza erritmo eta musika estilo desberdinak. Askotan, konplexu bilakatzen dira umeentzat, eta berriz erraztasunera jo behar dugu umeekin aritzeko; hori ondo zekien Manolok.
Joxe Mari, 1987an egin zenuen lehen emanaldia Porrotx moduan, Lasarte-Orian. Eta zuk ere, Txapas, urte asko daramatzazu lanean umeekin eta gazteekin. Ikusi duzue aldaketarik gaur egungo gazteen eta umeen artean?
TXAPARTEGI: Oso garrantzitsua da jakitea haurra ez dela aldatu; haurra hasieran burmuin bat da, eta, bizipenak txertatuz doazen heinean, sentimenduek forma hartzen dute.
AGIRRETXE: Askotan galdetzen dute ea haurrak aldatu diren: ez dira aldatu; gizartea eta testuingurua bai, ordea.
lotsabako
Erreferente gazte bat?
AGIRRETXE: Euskal Udalekuetako hezitzaileak. TXAPARTEGI: Mundutik datozen gonbit kaltegarrien aurka dabilen gazteria osoa.