Elurra egin zuela gogoan

XIX. mendearen bukaerakoak dira Euskal Herriko lehen behatoki meteorologiko instituzionalak. Baina aspaldikoagoa da eguraldiaren inguruko interesa: Balmasedan, 1830. urteko eguraldia jasotzen duen koaderno bat topatu dute.

Bilbo elurtuta, 2018ko otsailaren 28an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo elurtuta, 2018ko otsailaren 28an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haztamuka egindako ahaleginak dira jakintza ororen oinarria. Beharrak bultzatuta erregistratzen hasten da ikusten den hori, edo jakin-minaren akuiluz ekiten zaio zerbait gordetzeari, norberak ezarritako irizpideekin, besterik ezean. Meteorologiari dagokionez ere, zientzia instituzionalizatu baino askoz lehenago eginak ziren makina bat saio: itsasgizonek premiazkoa zuten eguraldia ezagutzea eta, ahal zen neurrian, aurreikustea; faroetan aspalditik jaso izan dituzte erregistro meteorologikoak. Ulergaitzagoak dira beste batzuen motibazioak. 1830ean, Balmasedako (Bizkaia) herritar batek urte hartako eguraldia apuntatzea erabaki zuen. Koaderno txiki batean, irakurtzeko gaitza egiten den letra etzanez, xehe-xehe zerrendatu zituen egun bakoitzeko tenperatura eta prezipitazioak, eta zorrotz deskribatu zuen giroa: haize bortitzak, euriteak, txingorra. Urte hartako urtarrilean, hainbatetan pilatu zen elurra herriko teilatuetan.

Sopuertako (Bizkaia) Enkarterriko Museoak topatu du agiria, eta mugarri bat ezarri: Euskal Herriko koaderno meteorologikorik zaharrena da, eta instituzioak lehen erregistroak egiten hasi baino hamarkada batzuk lehenagokoa. Antzinakotasunetik harago, ordea, badu data jakin horrek berezko interesa ere, mugarritzat jo baitaiteke, nolabait: Izotz Aro Txikiaren amaiera zen, eta handik gutxira abiatuko ziren hala industrializazio orokorra, nola Lehen Gerra Karlista (1833-1840).

(ID_15326534) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-09-15, Sopuerta Garape. Balmasedako 1830eko koaderno meteorologikoa
Balmasedako 1830. urteko koaderno meteorologikoa, joan den astean, Sopuertako Enkarterriko Museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ustekabean agertu zen altxorra. Museoa Enkarterriko piezak erosten edo berreskuratzen ahalegintzen da urtero; besteak beste, eskualdeko familia inportanteen dokumentu historikoak. Llaguno-Leniztarren funtsa eskuratzeko aukera izan zuten orain dela zenbait urte. Balmasedako sendi «kultu» bat zen, Javier Barrio Marro museoko zuzendariak esplikatu duenez; diruduna, jauregi baten jabea Balmasedan. «XIX. mendeko familia burges bat nolakoa zen adierazten du funtsak. Jende hau enpresetan sartuta zegoen, dokumentu asko sortzen zituzten. Eta dokumentu horien bidez pixka bat hobeto ezagutu dezakegu garai hura», Barrioren hitzetan.

Askotariko fakturek, liburuek eta beste agiri batzuek osatutako nahas-mahasean azaleratu zen koaderno meteorologikoa. Manuel Llagunok ondu zuela uste dute. Ez zen zientzialaria, eskribaua baizik, baina badu haren estiloak molde zientifikoaren kutsua, hein batean. Barrioren arabera, dokumentuak iradokitzen du egilea oso sartua zegoela lurraldeko mundu intelektualean, eta Bizkaiko edo Euskal Herriko zientzialari batzuekin harremanetan egon zela, baita Europakoekin ere, Fahrenheit graduak erabiltzen baititu tenperatura adierazteko. «Detaile asko jasotzen ditu; ematen du txantiloi bati jarraitzen ari dela, norbaitek pauso jakin batzuk eman izan balizkio bezala anotazioak egin zitzan». Izan ere, ia beti ordena berean ematen du aldagaien berri: haizeaz mintzo da aurrena, giroa kontatzen du gero, euria edo eguzkia dagoen argitzen du segidan, eta tenperaturarekin zarratzen du anotazioa, zuzendariak xehatu duenez.

Giro politikoaren isla

XIX. mendearen bigarren erdialdean eman ziren aurreneko urratsak eguraldiaren erregistro sistematikorantz. Anton Uriarte Cantolla EHUko Geografiako katedraduna zenak Clima y aguas liburuko hitzaurrean idatzi zuenez (Etor Ostoa argitaletxea, 1996), ezaguna da garai hartan neurketa «boluntarioak eta ez oso erregularrak» egiten zirela Euskal Herriko hainbat bazterretan: fraide agustindarrek estazio meteorologiko txiki bat zuten Gernika-Lumon (Bizkaia), eta beste horrenbeste Beobide sazerdoteak Zumaian (Gipuzkoa); Iruñean, 1881ean hasi ziren eguraldia erregistratzen, eta mendea bukatu baino lehen jardun berean ziharduten Bilbon, Donostian, Bergaran (Gipuzkoa), Tuteran, Lekarozen (Nafarroa) eta Miarritzen (Lapurdi).

«Koadernoaren egileak detaile asko jasotzen ditu; ematen du txantiloi bati jarraitzen ari dela, norbaitek pauso jakin batzuk eman izan balizkio bezala anotazioak egin zitzan»

JAVIER BARRIO MARRO Enkarterriko Museoko zuzendaria

Hegoaldean, Espainiako erregina Isabel II.aren erabaki batek eman zion bultzada, hein batean, erregistro meteorologikoari. 1853an, institutu guztietan behaketak egiten has zitezela agindu zuen monarkak, Margarita Martin Aemet meteorologia agentziako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak azaldu duenez. Zentroetako atezainak arduratzen ziren termometroak begiratzeaz eta datuak hartzeaz. Euskal Herrian, Bilbo izan zen agindua betetzen lehena, eta 1859an hasi ziren erregistroak egiten bertako institutuan. Behaketek 1920ko urteetara arte iraun zuten, eta hogei urte inguruko lehortea etorri zen ondoren, harik eta Sondikako (Bizkaia) aireportuko behatokia martxan ipini zuten arte, 1947an. Gasteizen, 1919an egin zioten men erreginaren ezarpenari, hura hil eta urte batzuetara.

Gipuzkoako egoerak toles gehiago izan zituen, Martinek nabarmendu duenez. Lurralde horretan, behaketa meteorologikoak «politikari erabat lotuta» egon ziren, Aemeteko ordezkariaren berbetan: liberalek beren behaketak egin zituzten, eta karlistek, beste horrenbeste. Bergarako nobleen seminarioan 1837tik jasotzen zuten eguraldiari buruzko informazioa. «Seminario hura Azkoitiko [Gipuzkoa] jauntxoek fundatu zuten, eta sozietate horrek ideologia liberala zuen». Ideologia beraren eskutik sortu ziren, halaber, institutuak; hala, karlistaldiak bukatu arte, hau da, liberalak gailendu ziren arte, ez zen instituturik egon Donostian. 1878an zabaldu zuten estreinakoa. Azken gerra karlistak iraun bitartean, 1872tik 1876ra, behaketak eten egin zituzten Bergaran, eta, Donostiako institutua ezarri bezain laster, seminarioko tresneria guztia hiriburura lekualdatu zuen Paulino Caballero katedradunak. Orduko hartan, institutua Garibai kalean zegoen, baina 1900. urtean beste habia batera lekualdatu zuten, egun Koldo Mitxelena kulturgunea dagoen eraikinera; han ipini zuten Donostiako bigarren behatokia. 1936ko uztailean desagerrarazi zuten, arduradunarekin batera.

151

 

Zenbat egunetan egin zuen euria Bilbon 1859an. Bilbon, 1859an ipini zuten aurreneko behatoki meteorologikoa. INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak gordetzen ditu estazio horretan hartu ziren erregistroak: presio atmosferikoa, airearen tenperatura, haizearen norabidea eta euriaren inguruko informazioa jasotzen zuten. Esaterako, lehen urte horretan, 151 egunetan egin zuen euria hirian.

Karlistek Igeldon ezarri zuten beren behatokia, 1905ean, Orkolaga abadearen laguntzarekin. «Garai hartan, formakuntza kultural oparoa zuen jendeak osatzen zuen sektore liberala; zientzian jantziak ziren, batez ere. Eta Elizak kontra egiten zien halako egitasmoei, esaten baitzuen iragarleen kontua zela eguraldia aurreikusten saiatzea», Martinen esanetan. Etsaitasun handiko giroa izan zen abadearentzat.

Askotariko tresnak

Egitasmoak egitasmo, ordea, artean orraztu beharra zegoen zientzia meteorologikoa: estazio bakoitzak bere modura neurtzen zuen eguraldia, eta ezartzeko zeuden datuak konparatzeko modua emango zuten irizpideak. Toki bakoitzak bere tresneria erosten zuen —Alemanian fabrikatua, normalean—, eta ez zegoen adostuta instrumentuak non kokatu behar ziren, Martinek adierazi duenez. Are, eguzkitan egiten zuen tenperatura ere jasotzen zuten, orain ez bezala. «Ez zituzten garita meteorologikoak erabiltzen», argitu du Martinek. «Hau da, termometroak ez zeuden isolatuta eguzkiaren, hodeien, zoruaren eta hormen erradiaziotik». Tenperatura maximoko eta minimoko termometrorik ezean, ordu jakin batean hartutakoa jotzen zen gailurtzat: institutuak 13:00etan ixten zituztenez, ordu horretako datua hartzen zen eguneko beroena bezala. «Tenperatura maximoa ez zen maximoa», ebatzi du Martinek. Plubiometroek ere «ez zuten elkarren antzik».

Horrenbestez, aspaldiko datu horiek tentuz hartu behar direla uste du Martinek. Kasu baterako, Llagunok koadernoan apuntatutako datuei erreparatuta, ondorioztatu daiteke eguraldia nabarmen aldatu dela azken bi mendeetan: urtarrilean eta otsailean, egun askotan zero azpikoak izan ziren tenperaturak, eta 25 gradu egin zuen abuztuko egunik beroenean —aurten, 40 gradura ere heldu dira Enkarterriko zenbait herritan—. Baina, Martinek berretsi duenez, ez da jakina zer-nolako tresneria zuen, ezta datuak nola hartzen zituen ere. Aemeteko ordezkariaren irudiko, Balmasedako koadernoaren balioa ez datza datuetan, baizik eta eguraldiaren deskribapenetan. «Oso zehatzak dira. Behatzaile meteorologiko baten mentalitatea zeukan».

«Hasierako estazioetan, ez zituzten garita meteorologikoak erabiltzen. Hau da, termometroak ez zeuden isolatuta eguzkiaren, hodeien, zoruaren eta hormen erradiaziotik»

MARGARITA MARTIN Aemet meteorologia agentziako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaria

Beraz, noizko datuak dira fidagarriak? Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko ikerlariak zera adierazi zuen Euskal Herriko klima prentsaren bidez liburuan (Meteorologi Euskal Zerbitzua, 1998): 1950eko hamarkadan hasi zirela behatokiak eguraldiaren «estaldura eta jarraipen asebetegarria» egiten. 1875etik 1950era bitartean argitaratutako egunkariek eguraldiaz helarazitakoa jasotzen du argitalpen horrek. «Informazio klimatikoa askotariko iturrietatik dator, eta datuok bi motatan sailka daitezke: zuzenak eta zeharkakoak», esplikatu zuen Ruiz Urrestarazuk hitzaurrean. «Edozelan ere, gaur egun erregistro klimatikoak dira iturri nagusia, baina, denboran atzera egin ahala, erregistro horiek esporadikoagoak bihurtzen dira, desagertzeraino».

Aspaldiko klima ezagutzeko, zeharkako iturrietara jo zuten Ruiz Urrestarazuk eta ikerlan hartan parte hartu zuten beste ikerlariek. Gainera, prentsak eguraldiaren alde sozialagoa ere uzten du agerian: prezipitazioek eragindako kalteak, arriskuak, garbiketa kudeatzeko buruhausteak... Eta elurraren mardula, ostera ere. 1876ko urtarrilaren hasieran, «geruza lodi batek» estali zituen Bilboko kaleak, El Noticiero Bilbaíno egunkariaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.