Kazetaria eta musikaria

Araitz Uria Lizarra: «Emakume ere bai, baina bereziki musikari izan nahi dute denek»

Gradu amaierako lanen BERRIA saria jasoko du gaur Uriak, Donostian, ‘Musika baino gehiago: aldatzeko guztia’ lanarengatik. Emakume musikarien errealitatea aztertu du, haiei hitza emanda.

Araitz Uria Lizarra, astelehenean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Araitz Uria Lizarra, astelehenean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. ANDONI CANELLADA / FOKU
unai zubeldia
Andoain
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Nik ere jasan ditut erasoak». Distopia elektrotxarangako kidea da Araitz Uria Lizarra (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 2002), eta hark irabazi du gradu amaierako lanen BERRIA saria, Musika baino gehiago: aldatzeko guztia lanari esker. Emakume musikariei eman die ahotsa, haien errealitateari argazki bat ateratzeko, eta «erasoak, komunitatea, maskulinitatea, amatasuna» eta abar azaleratu ditu lanean. Gaur arratsaldean jasoko du saria, Leioan (Bizkaia).

«Anek taldeko baxu jotzailea bera dela esan du, eta antolatzaile eta teknikariek harriduraz begiratu diote». Adibide bat besterik ez da...

Bai... Egia da lan hau egiten hasi nintzenean uste nuela horrelakoekin topo egingo nuela, baina testigantzak ez nituen bilatu hau edo beste esango zidatela pentsatuta. Gero, ordea, denek zeukaten kontatzeko zerbait. 

Zuretik ere egin duzu salaketa bat: «Nik, pertsonalki, kontzertuetan erasoak jasan ditut». Distopia elektrotxarangan aritzen zara. Emakume izateak berekin dakar arrisku hori?

Ez dakit, baina, musikaren munduan bizi izan dudan gutxiarekin, nik ere jasan ditut erasoak. Hamabi partaide gara elektrotxarangan, hiru emakume tartean, eta uste dut hirurok dauzkagula kontatzeko gauzak. 

Oso maskulinoa da oraindik ere, beraz, errealitatea...

Bai... Baina nire ustez asko eragiten du musika egiteko espazioak, giroak, estiloak... Guk kalean jotzen dugu, eta kaleko giroa bada oso maskulinoa. Oso gertu edukitzen dugu jendea, eta emakumeek beste espazio bat uzten dute; guk beste errespetu bat daukagu.

Edurne Arizu (Hemendik At), Aiora Renteria (Zea Mays), Anari, Ines Osinaga (Gose), Sorkun... 2000ko hamarkadan hasi ziren emakumeak pareta sendo hori eraisten?

23 urte dauzkat nik, eta ez nuen bizi izan errealitate hori, baina nabari da garai hartan emakume musikariak lekua hartzen hasi zirela taldeetan. Emakumeen ahotsak indarra hartu zuen pixkanaka, baina front woman-ak edo taldeko abeslariak ziren artean gehienak.

«Zergatik deitu digute, emakume garelako edo benetan guk egiten dugun musika nahi dutelako?», galdetzen du Maitane Rebek, Elektropottotte elektrotxarangako kideak; «Nik musikaria izan nahi dut, ez emakume musikaria», dio Itsaso Gutierrezek, Jauko Barik, Keike, Xarma eta On taldeetako musikari izandakoak. 2025. urtea da...

Zenbat horrelako... Tristea da musikari horiei emakume direlako deitzea, eta ez haien musika nahi dutelako. Baina, neurri batean, ikusgaitasuna lortzeko pauso bat ere izan daiteke kupoa betetzearena, aprobetxatzeko aukera bat. 

«Neurri batean, ikusgaitasuna lortzeko pauso bat ere izan daiteke kupoa betetzearena, aprobetxatzeko aukera bat»

Aurten zortzi urte beteko ditu Emakume Musikarien Sareak, eta elkarrizketatu gehienek azpimarratu dute kolektibotasunaren garrantzia. Nabaritu duzu emakume musikariak bat eginda daudela?

Nabaritu dut, bai. Iaz oso azpimarratzekoa izan zen Alex Sarduirekin [Gatibuko abeslaria] gertatu zen guztiaren ondoren zein azkar erantzun zuten emakumeek [emakume musikariek ez dutela diskriminaziorik jasaten adierazi zuen, eta bideo batekin barkamena eskatu zuen gero]. Ahalmen horrek erakusten du badagoela saretze bat.

Bereziki harritu zaitu jaso duzun testigantzaren batek?

Bi orduko elkarrizketa egin dut emakume bakoitzarekin, eta testigantza asko daude tartean, baina Amets Aznarezenak, adibidez, zirrara sortu zidan [tronboi jotzailea da, eta Tapia eta Leturia, Olaia Inziarte, Ibil Bedi, Fermin Muguruza eta Hertzainak-ekin aritu da, besteak beste]. 23 urte soilik ditu, eta oso argi dauzka ideia guztiak; badaki bere bidea zein den. 

Gizonak ez dira jabetzen errealitateaz, edo ez dute jabetu nahi, erosotasunaren izenean?

Uste dut erosotasunak asko eragiten duela ez ikuste horretan. Azal zuriko emakumea naiz ni, eta zuritasun horretatik ez dakit beste emakume batzuek zer bizi izaten duten. Baina, emakume izanda, badakit emakume musikariek zer sentitzen duten. Halakorik bizi izan ez duen gizon batek pentsatu ere ez du egingo, agian, egungo errealitatea zein den. 

Amatasuna aztergai hartuta, Ane Bastidaren azalpena ere argia da: «Musikaren alorrean ere amatasuna eta aitatasuna ez daude parean».

Zalantzak izan nituen gai horrekin, ez nekielako nola galdetu ere. Emakume direlako amatasunari buruz galdetu behar zaie? Nahi gabe iritsi gara gai horretara, eta esateko asko daukatela nabari da. Etiketa bat daukate ama diren musikariek; beste pisu bat da hori.

Datu batzuk ere eman dituzu: Bilbao BBK Live jaialdian %16 da emakumeen presentzia, eta Azkena Rocken, %7. 

2020ko datuak dira, oso argiak. Azken bi urte hauetan egoera dezente aldatu dela uste dut, baina lanketa handia eskatzen du oraindik. 

Bidea egiten ari dira eta zarete emakume musikariak, baina zer pauso falta dira emateko?

Emakume ere bai, baina bereziki musikari izan nahi dute denek. Aldaketa bat nabari dute gehienek, baina orain hasten ari diren horiek eurek bizi izan zutenik pasatu ez dezaten desio dute. Lanketa handia dago egiteko oraindik.

lotsabako

Musikari bat?
Lide Hernando.

Abesti bat?
Loreak mendian, Mirua taldearena.

Kontzertu bat emateko toki bat?
Zarauzko [Gipuzkoa] Azken Portu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.