Gasteizko jaiak

Emozioz beteriko atrakzioak

Mendizabaleko aparkalekuan ume eta helduentzako postu eta atrakzioak daude Gasteizko jaietan. Barraken esparrua astelehenera arte egongo da zabalik.

Gazte batzuk gozatzen uretako atrakzio batean Mendizabaleko ferialekuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Gazte batzuk gozatzen uretako atrakzio batean Mendizabaleko ferialekuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Gasteiz
2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero bezala, Mendizabaleko aparkalekua ume eta helduentzako toki berezi bihurtu da. Herrialde askotako janari postuak, tonboletan jokatzeko aukera, jaurtiketa jokoak eta adin guztientzako atrakzioak topatu daitezke han. Uztailaren 24an ireki zuten gunea, eta abuztuaren 10a arte gozatu ahal izango da horietaz.

Gasteizko jaiak. Mendizabala

Atrakzioen eremura sartu eta berehala ikus liteke Antojitos tonbola. Urteak daramatza Gasteizera etortzen, klasiko bat bilakatzeraino. Zail da handik pasatzea lurrera eroritako tonbolako paperak zapaldu gabe. Ainire deituriko ume bati tokatu zaio erruleta biratzea. Lotsati samar igo ditu eskailerak, eta indar guztiarekin bultza egin dio erruletari. Kukuxumusuren katilu sorta batekin bueltatu da etxera.

Mendizabaleko esparruan haur eta gaztetxoak dira nagusi. Edozein bazterretan ageri dira. Zotzak botatzeko postu baten aurrean daude anai-arreba batzuk, elkarrekin solasean. Zotz bat botatzea lortu berri dute, eta eztabaidan ari dira, ea zer sari aukeratu. Anaiak laserra aukeratu nahi du; arrebak, berriz: «Nik pilota argiduna nahi dut». Badirudi ez direla ados jarriko. Amak hartu beharko du erabakia, eta hor geratu da, epaile lanetan, zeini arrazoia eman zalantzan. 

Mendizabaleko barrakak
Adin eta gustu guztietarako postu eta atrakzioak daude Mendizabaleko gunean. IÑIGO URIZ / FOKU

Arretarik handiena pizten duten atrakzioetako bat Rocket da. Hiru mutil gazte dabiltza begira, igo ala ez hausnartzen. Izan ere, aurten berritasun batekin dator: 360 graduko bira egitea nahikoa ez, eta aulkiak ere irauli egiten dira bidaia osoan. Ausartenentzat egindako atrakzioa da, gutxi batzuek soilik jasan ahalko baitituzte itzulipurdi horiek guztiak.

Errusiar mendia beti dago presente Mendizabalean. Raton Vacilon du izena, sagu isekaria alegia, eta izenak ez du gezurrik esaten. Bagoiak, errailetan zehar, mugimendu esperogabeak egiten ditu. Ama-alaba bikote batek garrasika igaro du ibilbidea, atrakzio azpian begira daudenek entzuteko moduan, katuaren aho erraldoiak irentsi dituen arte.

Adinekoak ere presente

Baina atrakzio eremuan ez daude soilik gazteak: adinekoak ere ikusten dira, arratsalde-pasa. Horien artean, alboko Caser egoitzako adinekoak. Beti egiten dute inguru horretan ibilaldia, eta jaietako zaratak eta musikak ez dizkie aldatu ohiturak. Egoitzako arduradunek lagunduta etorri dira, postuak ikusi eta zerbait jateko asmoarekin.

Gogotsu daude. «Oso goxo dago txurroa», esan dio adineko batek egoitzako arduradunetako bati. Garai batean, umetako ilusioarekin gozatzen zuten feriez; orain, beste modu batean gozatzen dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA