PROPOSAMENAK

Enara beltzen hegaldia

Enaren ibilbidea egin daiteke Erronkaribarren; espartingileen memoria berpiztea du helburu. Belaguatik abiatzen da bidea

Hiru Erregeen Mahaiaren tontorretik ikusten diren bistak. MENDIAK BIZIRIK.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beltzez jantzita, enaren antzera, urrian ibarra utzi, eta maiatzean itzultzen ziren Erronkaribarreko (Nafarroa) eta inguruko haranetako emakumeak. Pirinioak zeharkatzen zituzten Maulera joateko, espartinak egitera. Emakume horiek XIX. mendearen hasieran egiten zuten bidea gogorarazteko, Enaren ibilbidea sortu dute. Iragana eta oraina batu nahi izan dituzte, memoria berpizteko. Haritzen eta pagoen artean hasten da bidea, Belaguan, eta, gora egin ahala, inguruko ibarrak ikus daitezke.

Ibilbideak hiru etapa ditu; motzena Enara alpinoa da; 53 kilometro ditu, eta 3.900 metroko desnibela. Hiru egunean egiteko ibilbide bat da, eta Linzako aterpean amaitzen da. Besteak beste, Linzako lepotik igarotzen da. Bigarren etapa Laberouateko aterpera iristen da, Linzatik abiatu eta Hiru Erregeen Mahaitik pasata. Azken etapan, bi aukera daude: biak Belaguara iristen dira, baina bat Auñamendiko gailurretik igarotzen da.

Enara klasikoa izeneko ibilbidea lau egunekoa da, eta bi bide daude aukeran. Motzenak 62 kilometro ditu, eta 3.500 metroko desnibela. Belaguatik abiatu eta Txamantxoiako magaletik igarota, Linzako aterpera iristen da. Handik, Petretxemako lepoa zeharkatzen du, Laberouateko aterperaino. Ondoren, Pas de Azunsetik Jeandal aterpera iristen da. Azkenik, Akorako eta Arlasaseko gailurretatik igarota, bidea Belaguara itzultzen da.

Enara handia izeneko ibilbideak, berriz, 74 kilometro ditu, eta 5.000 metroko desnibela. Ibilbidea antzekoa da, baina egun bakoitzean gailur bat egiten da: Txamantxoia, Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi, hurrenez hurren. Azken egunean, hainbat aukera daude; hala ere, denak Belaguara iristen dira.

Azkenik, biderik luzeena bost egunean egiten da. Horretan ere bi aukera daude: alde batetik, 76 kilometro eta 4.000 metroko desnibela dauzkan bidea; eta bestetik, 90 kilometro eta 5.700 metroko desnibela dauzkana. Enara klasikoaren antzekoa da, baina egun bat luzeagoa, azken egunean Belaguatik Izabara (Nafarroa) joaten delako.

Ibilaldi gidatuak

Uztaila, abuztua eta iraila dira ibilaldia egiteko hilabeterik onenak. Hala ere, ekainaren 1etik urriaren 15era egin daiteke. Ibilbideak mendi altuak zeharkatzen ditu, eta beharrezkoa da mapa bat, iparrorratz bat eta GPSa eramatea. Ibilaldi gidatua egiteko aukera ere badago. Horretarako informazioa webgune honetan eskuratu daiteke: rutadelasgolondrinas.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.