Enrique Maiaren agurra

Iruñeko Peñen Federazioak 25 urte bete dituela eta, 17 pankarta aurkeztu dituzte aurten. Irudietan, Irulegiko Eskua, Maia, Asiron eta Osasuna dira nagusi

Muthiko Alaiak. IRUÑEKO PEÑEN FEDERAZIOA.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Agur, Enrique Maia, agur! Ekainaren 17az geroztik ez da Iruñeko alkatea, baina sanferminetara arte han eta hemen ikusiko da haren irudia, aurten ere Maia izan baita peñen pankartetako izarra. Beraz, oihaletan margotuta emanen dio agurra alkate karguari. Horrekin batera, Irulegiko Eskua eta Osasuna dira aurtengo gai nagusiak, eta, noski, Iruñean gertatutako hamaika kontu. Aurten, pankarta bat gehiago aurkeztu dute: Iruñeko Peñen Federazioak 25 urte bete dituenez gero, Asisko eta Mikel Urmeneta anaiek irudi bat sortu dute urtemuga ospatzeko.

Ikusi gehiago:Iruñeko peñen pankarten bilduma

Osasunaren aldeko mezuak nonahi ikus daitezke aurten, Espainiako Kopako finala jokatu baitzuen baita galdu ere. Irulegiko Eskuaren aurkikuntza ere pankarta askotan sartu dute, sarri euskararen aldeko mezuekin. Sanfermin peñak, bi gai nagusiak batu, eta Osasunako atezainari Irulegiko Eskua paratu dio eskularruaren ordez.

Horietaz gainera, askotariko gaiak agertu dira aurtengo peñetan: hauteskundeen ondoren PSNk izandako jarrera, Espainiako hauteskunde kanpaina, Labriteko pasabidearen afera, auzoetako erraldoi konpartsei errepidean ibiltzeko jarritako debekuak, zaintza kamerak areagotu izana, euskararen kontrako erasoak, eta auzoetako borrokak, besteak beste. Borroka feministari lotutako erreferentziak ere badira, eta eraso sexisten kontrako mezuak.

Mezuen hizkuntzari erreparatuta, aurreko urteetan ez bezala, euskara eta gaztelania paretsu ageri dira. Are, euskarazko mezuak pixka bat gehiago dira, %55. Aldapa peñak euskara hutsez egin du pankarta.

Sexuaren aldagaia aztertuz gero, aitzitik, emaitza ez da parekidea. Aurten ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna urruti gelditu da pankartetako marrazkietan: irudikatutakoen %65 dira gizonak, eta %35 emakumeak. Gehien agertzen diren politikariak Maia eta Joseba Asiron dira, baita Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere. Maria Txibitek ez du leku askorik lortu pankartetan, eta Cristina Ibarrola alkate berria ez da pankarta batean ere agertu. Hala ere, epeak estuak ziren, eta zaila zuen Ibarrolak inon agertzea, aginte makila hartzerako marrazkiak eginak baitzeuden.

Sanferminetarako mezua

Pankartak aurkezteko prentsaurrekoa aprobetxatu dute peñek besten inguruan zenbait mezu emateko. Marta Aparicio Iruñeko Peñen Federazioko batzordekideak salatu du Iruñeko Udalak oztopoak paratu dizkiela aurten ere: «Udalari eskatzen diogu begirada zabalagoa izan dezala eskatutako baimenekin, peñak jaiaren parte garrantzitsua eta, are, ezinbestekoa baitira». Bestalde, hiriko karriketan egiten diren ekitaldiak «errespetatzeko» deia egin diete herritarrei, «kalea guztiena baita». Ekitaldi horietan denak «aske» izatea nahi dute. «Eraso sexistarik gabeko jaiak nahi ditugu. Mugimendu feministak eta LGTBI mugimendua azpimarratu nahi ditugu: haien alde lanean jarraituko dugu, behar den guzirako».

Urteurreneko logotipoan aulki gurpildun bat paratu dute, eta horren esanahia azaldu du Iosu Santxez Peñen Federazioko lehendakariak: «Iaz, kanpaina bat abiatu genuen mugitzeko gaitasuna mugatua dutenek jaiez gozatzeko aukera izan zezaten, karrikan arazoak dituztelako, batez ere jendetza dagoenean». Hori dela eta, peñetako barren zati bat elbarrientzat gorde zuten. «Beste urrats bat eman nahi izan dugu, eta gai hori ikusgai jarri».

Pankartak, karrikara

Erakutsi dituzten marrazkiak oihaletan margotuta daude jada. Peñek dena prest dute sanferminetarako, eta besten aurreko lehenbiziko proba saioa bihar izanen da, Peñen Eguna ospatuko baitute. Egun hori aprobetxatuko dute oihalak lehenbiziko aldiz plazaratzeko: eguerdian aurkeztuko dituzte jendaurrean, eta zezen plazako pasabideetan izanen dira ikusgai. Gainera, erraldoi topaketa eginen dute, 10:00etan hasita. 14:30ean eginen dute azken dantza, Gazteluko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.