Seigarren entzierroa izan da gaurkoa, eta La Palmosillako zezenek entzierro azkarra, zirraragarria eta arriskutsua osatu dute. Bi minutu eta 30 segundo behar izan dituzte San Domingoko ukuiluetatik zezen plazakoetaraino heltzeko. Aurtengo jaietako asteburu bakarra izanik, espero izatekoa zen jendetza biltzea gaur entzierroa hartzen dute kaleetan, eta hala izan da.
Zazpi zauritu izan dira, eta sei eraman dituzte ospitalera. San Domingon, Mercaderesen, Estafetan eta Telefonican sei korrikalari artatu dituzte denera, kolpeak hartuak dituztela eta. Zazpigarren zauritua zezen plazan artatu dute: adarkada bat hartu du ukondoan.
Entzierroa ez da aspergarria izan, eta korrikalariek aukera izan dute korrikaldi politak egiteko. Batik bat Estafeta kalean. Bi zezen oso ezkerretik igo dira San Domingo kalean jada, eta, jende pilaketaren eraginez, tentsioa izan da. Ohi baino luzeagoa izan da zezen saldoa San Domingon, eta batzuek egin ahal izan dituzte metro batzuk zezenen aurrean. Udaletxe plazan, atzo bezala, zezenek zabalera egin dute, eta, aurreko egunetako arriskurik izan ez bada ere, tentsioa izan da paretan zeudenek adarrak hurbiltzen ikusi dituztenean. Gainera, zezen batek irrist egin du Mercaderesen, eta are gehiago zabaldu da zezen saldoa.
Mercaderesko bihurgunea garbi hartu dute La Palmosillakoek, eta Estafetan korrikaldi politak eta luzeak ikusi dira, jende asko izanagatik. Lehenik bost zezen aurreratu dira idi batekin, eta ondoren idi hori bera eta bi zezen gorri geratu dira aurrean bakarrik; horien aurrean eta atzetik zihoazen zezenen aurrean korrika egin ahal izan da gaur. Erorikoak ere izan dira, eta Estafeta erdian, eskuin aldera, tarte arriskutsuak izan dira, zenbait korrikalari erori egin baitira zezenen aurrean. Seigarren zezena eta beste idiak joan dira atzetik.
Hala ere, zezen plazara iritsi aurreko metroetan izan da arriskurik handiena. Bi zezen taldearen buru jarri, eta horietako bat eskuinera joan da; hala, arriskua sortu da. Telefonicako zatian atzerago zihoan beste zezen bat ezkerrerantz joan da, eta lurrean ziren korrikalari batzuen kontra egin du. Adar artean izan ditu horietako zenbait, baina aurrera jarraitu du. Zezen plazarako atean ere tentsio handia izan da.
Bihar Miura ganadutegiko zezenek egingo dute entzierroa.