Nicolas Ocio zuzendariak (Gasteiz, 1965) ezohiko bideak erabili ditu Barkatu filma egin ahal izateko. Liburuak salduz kultur produktu berri bat sortzea posible egin du, erakunde publikoetatik laguntzarik jaso gabe.
Espero al zenuen autofinantzaketa bidez lortuko zenuela duela sei urte hasitako proiektuarekin amaitzea?
Filma, egia esan, bide batetik edo bestetik egingo nuela ziur nintzen. Erakunde publikoen laguntzarik iristen ez zela jabetzean, buruan nuen ideia gauzatu ahal izateko liburuak saltzeari ekin nion. Hori bai, ez nuen imaginatzen hiru tona liburu saltzera iritsiko nintzenik, ezta sei urte beharko nituenik.
Filmen ekoizpenean diru iturri berriak bilatzea beharrezkoa da, hain gaizki dago zinemaren mundua?
Krisia dela eta oso erraza bihurtu da dirurik ez dagoela esatea. Iturriak itxi behar izan diren garaian kultura izan da kaltetuena. Nire kasuan, azkenean, balio berezia hartu du Barkatu-k, autofinantzaketaz egina izanik, norberak bere baliabideak bilatuta egitean, nireago egin dut. Kultura birziklatzea izan da nire hautua. Ganbaratik liburuak atera eta produktu kultural berri bat sortzea lortu dugu. Jendea sarritan instituzioetako laguntzen zain geratzen da eta ideia horri buelta ematea beharrezkoa da.
Hasierako aurreikuspenak betetzea lortu al duzu?
Bai noski; oso gustura geratu naiz aspektu guztietan lortu dugun emaitzarekin. Aktoreen lana ikaragarria izan da, erabateko profesionalekin lan egiteko aukera izan dut. Azkenean, lokalizazio askorekin jokatu dugu eta oso lan konpletoa osatzea lortu dugu. Laguntza ekonomikorik jaso ez badut ere, Mandizabala ikastetxeari, Araba Clasic elkarteari eta beste hainbat laguntzaileri eskerrak eman beharrean naiz, euren parte hartzerik gabe ez bainuen gauzatuko. Filma, mirari bat izan dela esango nuke.
Amurrioko begibistan jaialdian izango da laster. Zer nolako harrera jasotzea espero duzu ikusleen aldetik?
Harrera ona izatea nahiko nuke, baina ez dago jakiterik. Bi edo hiru alditan izan naiz bertan liburuak saltzen eta jada ezaguna naiz hainbat produktoreren artean. Ez dakit istorioa gustuko izango duten baina irudi aldetik, filmak duen indar eta konplexutasunagatik gustukoa izango den esperantza badut.
Nicolas Ocio. 'Barkatu' filmaren zuzendaria
«Erakundeen laguntzen zain geratzen da jendea; horri buelta eman behar zaio»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu