XV. mendean, Gipuzkoak noblea eta leiala izendapena jaso zuen, eta hala izan zuten ondotik herrialdeko udalerri askok. Bakarra da noblea, leiala eta garaitu gabea izendapena duena: Hernani. Alfontso XII.ak eman zion izendapen hori, 1875ean. Herri horri askotan egin zioten eraso historian zehar. Badira gerren arrastoak: adibidez, Atzieta kaleko 39. zenbakian bi obusen zatiak daude paretan. Bada pentsatuko duenik 36ko gerrakoak direla, baina Bigarren Gerra Karlistakoak dira. 1872tik 1876ra setio gogorra jasan zuen Hernanik. Blas Zuluetak Hernani entre dos guerras liburuan idatzi zuenez, gerra hartan hil ziren 47 militar eta gizarte zibileko hamasei herritar —horien artean, lau haur—, eta 190 lagun inguru zauritu ziren —horietatik, 11 haur—.

Karlistek Donostiara sartzeko asmoa zuten, baina Tolosa hartu ostean, Hernani garaitu behar zuten lehenbizi. Liberalek, ordea, herriaren setioari eutsi zioten, eta karlistek ezin izan zuten irabazi. Hortik datorkio Hernaniri garaitu gabea izendapena. Horrek eragin zuen, ostera, Bilbon, Donostian eta beste hiri batzuetan kale esanguratsuei Hernani izena jartzea.
Pedro Pablo Garcia historialaria aditua da XIX. mendeko auzietan —Gipuzkoako okupazio napoleonikoan izan zen erresistentziari buruzko doktore tesia idatzi zuen—. Mende horretan Hernanin industrializazioa garatu zela azaldu du: «Lantegi batzuk bazeuden. Eta bazeuden pospolo eta kandela fabrika batzuk ere». Lehen Gerra Karlistan Gipuzkoako herri horretan karlistak nagusi zirela zabaldu izan da, baina Garciak dio liberalak ere bazeudela. «Lur jabe handiak gehienbat karlisten alde zeuden. Eta enpresariak eta merkatariak, liberalen alde. Hori bera nabari zen Donostian; merkatarien eskubideak babesten zituztenak nabarmen liberalen aldekoak ziren». Agustin Pascual Iturriaga apaiz, idazle eta pedagogoa ere (Hernani, 1778-1851) gogoratu du historialariak: «Oso garrantzitsua izan zen, eta hura liberala zen. Lehen Gerra Karlistan, herriko apaizen erdiak karlistak ziren, eta beste erdiak, liberalak». Erlijioak garai hartan gizartean eragin «oso handia» zuen.

Lehen Gerra Karlistaren ostean, ideia liberalek indarra hartu zuten Hernanin. 1868. urtean, Iraultza Loriatsua deiturikoa gertatu zen Espainian. Horrek, lehenbizi, monarkia parlamentario bat eragin zuen, Amadeo Savoiakoa errege izendatu zutelarik, eta Eliza eta Estatua banantzea ere bai ondoren. Eta, 1873an, Espainiako Lehen Errepublika iritsi zen. «Errepublika federal bat», gogoratu du Garciak. Hernanin, gehienek errepublika defendatzearen alde egin zuten —berrehun boluntariok eman zuten izena karlisten erasoei aurre egiteko—. «Bigarren Gerra Karlistan, ideia erreakzionarioen eta progresismoaren artean zen borroka. Progresismoak irabazi zuen, liberalen garaipenari esker». Garai hartako karlisten ideien inguruan bere iritzia du Garciak: «Karlistak gaur egungo Voxekoak bezalakoak ziren. Karlistek foruak ere kenduko zituzten irabazi izan balute».
Juantxo Morcillo hernaniarrak interes bizi-bizia du bere herrian gertatu zena jakin eta gogoratzeko. Haren ustez, liberalak ez ziren foruen aurkakoak. «Ez dezagun hori ahaztu». Haren ustez, foruak kentzekoak ziren, gerra batzuek ala besteek irabazi: «Foruak galdu egingo ziren, argi eta garbi». Garciak ere, ildo beretik, zera gogoratu du: «Herrian baziren korronte liberalak foruen aldekoak». Izan ere, historialariak aipatu du herritarrentzat egoera «gazi-gozoa» suertatu zela: «Lortu zuten erreakzionarioen aurka irabaztea, baina gero forurik gabe gelditu ziren. Eta hori txarra izan zen haientzat, ezinegona eragin zuen». Morcilloren iritziz, Borboiak Espainiara iritsi zirenetik Espainiako Estatuaren asmoa beti izan zen foruak desagerraraztea. «Gerra karlista hartan, jokoan zegoena erlijioa zen, nire ikuspuntuaren arabera, karlistek ez baitzuten Eliza-Estatua banaketa onartzen».
Ekainaren 2a: kalea, jaia eta ereserkia
Morcillok gogoratu du bere emaztearen aitona-amonek sarri hitz egiten ziotela Hernaniko ekainaren 2ko jaien inguruan. 1874ko ekainaren 2an gertatutako zerbait oroitzen zen: «Hernaniren liberazioa». Morcillok azaldu du egun hartakoa ez zela izan «ekintza militar handi bat», baina «mugarri» izan zela gerra karlistan. «Tropa karlistak herriari eraso egiten ari ziren, eta bataila batzuen ostean, egun hartan liberalen aldekoek lortu zuten setioa haustea, eta Hernani Donostiarekin berriro lotzea. Karlisten erasoei eusteko une garrantzitsua izan zen hura». Historialarien testuen arabera, era berean, orduko Hernaniko etxe ugari suntsitu ziren gerra hartan lehergailuen eraginez. Hala gertatu zen baserri askorekin ere.
Blas Zuletak kontatu zuenez, karlistek 2.165 granada baino gehiago jaurti zituzten —gehienbat Astigarraga aldetik, Santiagomenditik ari ziren erasoan—. 1875eko irailaren 16an, karlistek jaurti zituzten granaden eta obusen eraginez, udaletxeko bolborategia lehertu zen. Garciak dio leherketa «sekulakoa» izan zela. «Egun hartan, lau kutxa zeuden munizioz beteak, baina egun batzuk lehenago hirurogei kutxa zeuden, eta beste toki batzuetara eraman zituzten. 22-24 herritar inguru hil ziren udaletxeko leherketa hartan, baina askoz gehiago izan zitezkeen». Une hartakoa da ezagutzen den Hernaniren lehen argazkia —erreportajearen hasieran dagoena—. Berriki bete dira 150 urte egun hartatik, baina instituzioek ez diote inolako aipamenik egin.
Behin gerra karlista amaituta, udalak Hernaniko kaxkoko kale bati Ekainaren 2a izena jarri zion, 1874ko «liberazioa» gogoratzeko. Horrez gain, jaiak ospatzen hasi ziren ekainaren 2an. Morcillori haren bikotekidearen aitona-amonek behin eta berriz aipatzen zizkioten jaiak. «Jai handiak direla entzun izan dut. Eta ez ziren santoralarekin lotuak, baizik eta izaera laiko argia zuten». Garciaren arabera, Donostiako liberal ugari joaten ziren trenean Hernanira jai hura ospatzera. «Ekainak 2 elkartea ere sortu zen herrian, alde zaharrean».

Garcia historialariak azaldu duenez, 1936ko gerraren hasieran, Ekainaren 2a kalea Nafarroa kalea izendatu zuten. «Ezin dut ziurtatu, baina idatzia dago erreketeak sartu zirelako eta frankistek irabazi zutelako aldatu ziotela izena kaleari». Morcillok argi du Nafarroa kalearen izena faxistek jarri zutela. «1936ko urriaren 8an udal gobernu demokratikoa kargutik kendu ondoren eratutako udal faxistaren lehen osoko bilkuraren akordioan gertatu zen hori. 1936ko irailaren 12an erreketeek, karlisten beso armatuko kideek alegia, Hernani 'askatu' zuten Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka matxinatutakoen mesedetan, eta errekete horien aipamen argia da». Hortaz, Morcillok proposamen jakin bat egin du: «Udalean eskaera bat egin beharko litzateke, Hernanik jasan zuen sufrimendua gogoratua izan dadin. Udal demokratikoak bilkura batean Nafarroa kaleari aurreko izena jartzea erabaki beharko luke, Ekainaren 2a, eta jarraian bilkura berean kale horri Nafarroako Erresumaren kalea edo Nafarroa kalea izena jarri. Baina udal demokratiko batek izendatua litzateke horrela». Kale horretan, Aralar tabernaren parean, bada plaza txiki bat. «Plaza horri Ekainaren 2a izena jartzea proposatzen dut, egun horren inguruko memoriari euste aldera». Gaineratu du Atzieta kalean dauden obusen tokian plaka bat jarri beharko litzatekeela, Bigarren Gerra Karlistakoak direla argitzeko.
Frankisten garaipenaren ostean, Hernanin debekatu egin zuten Ekainaren 2ko jaiak ospatzea. Historialari batzuen arabera, Hernaniko Martxa edo Ekainaren 2a ereserkia ere debekatu egin zuten frankistek. Herriko jaietan, sanjoanetan, gaur egun jo eta kantatu ohi da martxa hori —1967an berreskuratu zuen Joakin Ortega Villar musikariak, herriko txaranga batentzat—. Hala dio kantak: «Muino baten gainean sendo eta dotore /Urumea ertzean da zure lekua /Gora ta gora herria, gora gure Hernani, /toki zoragarria beti maitea, /leial, beldur gabea, zorioneko lurra, /historiaz betea, zure ondarea».
2024ko ekainean, Goiz Eguzki abesbatzak Ekainaren 2a martxaren moldaketa berria kantatu zuen kontzertu batean —Vinaixa Gartzia Ezeizak egin zuen lau ahotsetarako moldaketa—. Kontzertu horretan, Hernaniko setioaren askapenaren 150. urteurrena oroitu zuen abesbatzak, eta herriko sufrimendua gogora ekarri.
Oroitzapen horren aurka egin zuen handik egun batzuetara Hernaniko Kronika-n Beñi Agirre Hernani Errotzen eta Nabarraldeko kideak, Ez adarrik jo, mesedez izenburuko gutunean: «Esaten ez digutena da bi bandotako tropetan zeudela hernaniarrak, euskaldunak, eta gerra hori Espainiako boterea hartzeko bi alderdi monarkiko, absolutista, katoliko apostoliko, zentralista horiek euskaldunon eskubideen kontra ari zirela, biak ala biak. Berez, gerra hori irabazi zutenen aurreneko erabakia 'Foruei egurra eman' eta erabat ezabatzea izan zen».

Garcia historialariaren arabera, foruen auziari garrantzi handia eman zaio. «Baina ez dena argi ikusarazi da karlistak erreakzionarioak zirela. Ikuspegi zabala behar da historia gogoratzeko orduan».
Morcillori iruditzen zaio ez dela ahaztu behar Hernanik sufritu zuena, ezta gerran hil ziren herritarrak ere: «Datuak hor daude, atera egin behar dira, eta erakutsi. Baina ezin dira ezkutatu. Nork bere mesedetarako erabil ditzake datuak, nahi duen testuingurua emanda, baina datuak hor daude». Gaineratu du kalean ez dagoela oroitzapen haiek bizirik mantentzeko informaziorik. «Plakaren bat jarri beharko litzateke nonbait, gerra karlistan hil zirenen oroimenez».