Bilbo Kantariko kideak

Arantza Alvarez Rubio eta Galder Segurola Fernandez: «Eremu erdaldun batean euskaraz gozatzeko bide bat da Bilbo Kantari»

Hamar urte baino gehiago darama Bilbo Kantarik hiriburuko kaleak euskal kantuekin girotzen, baita Aste Nagusian ere. Asteartean egin zuten jaietako lehen emanaldia, eta gaur izango dute bigarrena eta azkena.

Galder Segurola Fernandez eta Arantza Alvarez Rubio. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Galder Segurola Fernandez eta Arantza Alvarez Rubio. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilbo
2026ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbo Kantariko kide dira Arantza Alvarez Rubio (Bilbo, 1969) eta Galder Segurola Fernandez (Bilbo, 1977). Kultura eta jaia uztartuta, kalerik kale euskaraz abesteko batzen dira dozenaka lagun. Horrela, Bizkaiko hiriburuan ere giro euskaldunari leku egin nahi diote, baita horretaz gozatu nahi duen edonori ere.

Zer berrikuntza ekarri zuen Bilbo Kantarik?

ARANTZA ALVAREZ: Hasteko, Bilboko hainbat musikazale batzen hasi ziren: hainbat auzotan jada jendea biltzen zen instrumentuak jotzen eta abesten. Era formal batean egiten hasi ziren, hilero.

GALDER SEGUROLA: Nik uste bide bat dela eremu erdaldun batean euskara kalera ateratzeko, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa egiteko, eta euskaraz gozatzeko.

Zer garrantzi dauka euskaraz abesteak?

ALVAREZ: Jendeak euskal kantak ikasten ditu, nahiz eta euskaraz ez hitz egin. Eta jende euskaldunentzat elkargunea da, elkarrekin egoteko, kantatzeko... Kultura eta jaia elkartzen dira, nolabait.

SEGUROLA: Batzuetan bertako batzuk etortzen dira. Eta kanpotarren batzuek, euskaraz ari garela entzuterakoan, badakite herri honetan bestelako hizkuntzak daudela, gazteleraz eta frantsesaz aparte. Niretzat hori inportantea da.

Entseatzen duzue?

ALVAREZ: Saiatzen gara. Argi izan behar da hau kale musika dela. Batzuetan oso ondo ateratzen da, besteetan ez hainbeste. Egon dira saiakerak, baina denok daukagu gure lana; hau zaletasun bat da.

SEGUROLA: Hori musikarien aldetik. Kantazaleok ez gara sekula batzen horrelako saiakerak egiteko.

Baina jendeak ondo abesten du, desafinatzen du, denentzat dago lekua...?

SEGUROLA: Garrantzitsuena parte hartzea da, euskara kalean egotea eta transmisio lan hori egitea, eta euskararekin gozatzea. Orduan, hobeto edo okerrago egin, horrek ez dauka inolako garrantzirik.

ALVAREZ: Edonork dauka lekua, denak dira ongi etorriak. Ni gero harritu egiten naiz ikusten dudanean ondo ateratzen dela: edonor sartzen da, edonor ateratzen da... baina gero, grabazioak ikusita, ondo samar geratzen da.

Hitzentzat badago soluzioa, ezta?

SEGUROLA: Hitzak idatzita dauzkagu. Bideoak daude Kantari app-ean, eta QR kodeak Bilbo Kantariren liburuan. Orduan, etxean praktikatu dezakezu. Gainera, egun batzuk lehenago, sare sozialetan eta app-ean jartzen da zein abesti abestuko diren emanaldi bakoitzean.

Kantari app-a aipatu duzu. Zuk zeuk sortu zenuen, eta hamalau urte daramatza funtzionatzen.

SEGUROLA: Liburu bat bagenuen, baina beti edo galdu, edo norbaiti eman... Orduan, pentsatu nuen hori digitalera pasatu behar zela. Lehendabizi, Bilbo Kantarirako zen bakarrik. Gaur egun, herri bakoitzak bere abestiak, liburuak, agendak... kudeatzen ditu. Euskal Herriko agenda guztiak daude eskura aplikazioan, eta begiratu daiteke ea non dagoen kantariren bat.

Nork osatzen du Bilbo Kantari?

ALVAREZ: Edonork, kalean dagoen edonork. Abestera etortzea nahikoa da kide izateko. Oso gauza informala da. Beti egoten gara gutxi gorabehera finkoak garen batzuk. Baina hilero sorpresa izan daiteke: etor daiteke turismoa egiten dabilen norbait, gaztetxo batzuk...

SEGUROLA: Azkenean kale musika da, zabala eta herrikoia. Batzordeko kideak hilabetean behin batzen gara, hainbat jarduera antolatzeko, liburua osatzeko eta behar diren gauzei erantzuna emateko...

Zer izan behar du abesti batek kantutegian egoteko?

ALVAREZ: Euskaraz izan behar du. Euskaraz abesten dugu. Beste baldintza bat da musikariok ikasi egin behar dugula: ez badakigu jotzen, arazotxo bat dago hor.

SEGUROLA: Saiatzen gara denetarik sartzen. Oraintsu kanta berri pila gehitu ditugu: Tabernako argiak, Zetak-en abesti batzuk, ETSrenak...

Duela gutxi berriztu duzue, beraz, Bilbo Kantariren errepertorioa.

SEGUROLA: Bi urte behar izan ditugu, 120 kanta zeuden-eta aurrekoan, eta orain 183. Beraz, 63 gehiago daude. Hausnarketa bat egin dugu, pentsatu zeintzuk sartuko ditugun, eta zuzenketa batzuk egin. Hitzaurrea sartu diegu, zenbaketa berriztatu, dena ondo gainbegiratu eta bideo bana sartu.

ALVAREZ: Badaude oso ezagunak diren abesti batzuk, eta horiek ezinbestean abestu behar dira. Baina besteren bat ere sartu behar da noizbehinka, jendearentzat berria dena, bestela beti jotzen baitugu dakizkigunetara —Xalbadorren heriotzean, Eperra...—.

Zergatik da garrantzitsua Bilbo Kantari Aste Nagusian?

ALVAREZ: Jaiak euskaldunak direlako. Ez gara Bilboko Udalaren programan agertu, eta salatu nahi dut nolabait: triste geratu gara, beti agertu gara eta aurten ez gaude, eta ez dakigu zergatik. Txupinera eta pregoilaria beti gonbidatzen ditugu.

Urtean zehar egiten dituzuen Bilbo Kantari saioekin alderatuta, nola aldatzen da giroa jaietako emanaldietan?

SEGUROLA: Bada, normalean ez duzula batukada bat zeharkatu behar izaten; baina moldatzen gara.

ALVAREZ: Aurten zailagoa izango da, Plaza Barria ez delako eskuragarri egongo. Eta etenaldiei eusten saiatuko gara, baina batukada batekin edo beste zerbaitekin topo eginez gero, aldatu egin beharko dugu... Baina jendeak entzuten gaitu, eta jarraitzen digu.

LOTSABAKO

Kantutegian egon beharko lukeen baina ez dagoen abesti bat?
SEGUROLA: Korrikaren abesti historikoak. ALVAREZ: Ibilaldikoak, Kilometroetakoak, Euskara Egunekoak eta Athleticena.

Bilbo Kantariren geralekurik onena.
SEGUROLA: Plaza Barria. ALVAREZ: Unamuno plaza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA