PROPOSAMENAK

Eritasuna arintzeko doinuak

DalecandELA Fest bigarrenez egingo dute Algortan, gaur hasi eta etzi arte. Musika, kirola eta gastronomia uztartuko dituzte AEA alboko esklerosi amiotrofikoa dutenei laguntzeko

Iazko DalecandELA Festeko kontzertuetako bat, Algortako Portu Zaharrean. DALECANDELA FEST.
Amaia Igartua Aristondo.
2023ko irailaren 08a
00:00
Entzun
Bizkaiko musika jaialdien artean, egonkortze bidean dago beste bat: DalecandELA Fest, AEA alboko esklerosi amiotrofikoari ikusgaitasuna ematea eta dirua biltzea xede duen egitasmoa. Iaz egin zuten aurreneko aldiz, eta, harrerak akuilatuta, aurten antolatuko dute ostera ere, Algortako Portu Zaharrean (Getxo, Bizkaia). Gaurtik etzi bitarte, 22 musika talderen kontzertuak, kirol jarduerak, haurrentzako ekintzak eta bestelako aisialdi eskaintzak egongo dira, eta oparoa izango da, orobat, jan-edana. Iazkoarekin alderatuta, luzeagoa izango da, eta nazioarteko artista gehiago taularatuko dira. DalecandELA elkarteak antolatzen du festibala.

Musika da egitasmoaren bizkarrezurra. Elkartearen sortzaile eta AEA gaixoa duen Jaime Lafita musikaria eta musikazalea da, hain justu, eta haren lagunak dira jaialdian joko duten artistetako batzuk. Gaur, 18:00etan hasiko dira kontzertuak, Gildas taldearekin, eta agertokitik igaroko dira, hurrenez hurren, Mabu, Mississippi Queen & The Wet Dogs eta Travellin' Brothers. 22:00etan, kartel buruak joko du, Ariel Rotek, eta Laguna Goonsek itxiko du eguneko musika eskaintza, 00:15ean.

Bihar eta etzi, eguerdiz eta arratsaldez izango dira kontzertuak. Bihar, 13:00etan hasiko dira, La Bien Queridarekin. Horren ostean, Omago, Afrika Bibang, Caballo Regalado, Margo Cilker, El Deseo del Doctor, Smile eta Swingtronics igoko dira oholtzara, besteak beste. Etzi, 12:00etan abiatuko dira doinuak Rock & Kids bandarekin, eta eskaintza biribilduko dute, hurrenez hurren, El Menton de Fogarty, Trampas eta Basurita musikariek. 18:30ean hasiko da azkena, Los Toldos.

Horrez gain, karpa gastronomiko bat ere egongo da gaurtik aurrera, Bizkaiko ekoizleen eta ostalarien produktuez betetako dozena bat postu ingururekin: hanburgerrak, saltxitxak, patata tortillak, ogitartekoak, ostrak, Mexikoko takoak, Argentinako enpanadak eta Japoniako sushia dastatu ahalko dira; txosna handi bat ere ipiniko dute.

Kirolari dagokionez, arraun surf lasterketa, yoga saioa eta errugbi inklusiboa egongo dira bihar, 12:00etan. Eta, etzi, igeriketa zeharkaldia hasiko da 13:30ean, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera bitartekoa —beste bat ere bat egongo da, laburragoa—. Badaude, halaber, AEA gaixo baten larruan jartzeko jarduerak ere: bihar, kasurako, irisarekin idazteko ikastaroa egingo dute.

Balentriak, laguntzeko

2019an jaio zen DalecandELA elkartea, eta ordutik hainbat egitasmo egin dituzte AEA ikusarazteko. Lafita bere izan dute protagonista ekintzetako askok: mendira igo, bizikletaz ibili... Laguntzarekin, mugikortasuna galduzjoan den heinean. Eta, hain justu, horretarako nahi dute dirua bildu, besteak beste, gastuak igo egiten baitira mugikortasuna galdu ahala —zaintza eta tresneria ordaintzeko—, eta diruak baldintzatu baitezake bizirik irautea. Izan ere, Espainiako Diputatuen Kongresuak AEA legea onartu zuen iaz, baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du indarrean jarri.

DalecandELA Fest



Gaurtik etzi arte, AlgortakoPortu Zaharrean (Getxo, Bizkaia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.