Telesailak

Erredentzioaren labirintoan galduta

Brad Ingelsby Filadelfiako aldirietara itzuliko da 'Task' telesailean; berriro ere hauskortasun emozionalaren, erruaren eta erredentzioaren labirintoan barneratuko du ikuslea. Thriller dramatiko nabarmena da.

'Task' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
'Task' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
gaizka izagirre
2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingelsbyren unibertso berri honetan, pertsonaiak nortasun hautsien ispilu izango dira. Leialtasun gatazkatsuek etengabe estutuko dituzte haien loturak, eta itxuraz arruntak diruditen pertsonen azpian indarkeria isil baina iraunkorra mugituko da, gizartearen eguneroko pitzaduretan barrena.

Mark Ruffalo FBIko agente baten azalean sartuko da. Indarkeriazko lapurreta bolada arriskutsu bat geldiarazteaz arduratzen den unitate berezi baten buru izango da. Baina susmagarri nagusia, itxuraz eredugarria den familia bateko aita (Tom Pelphrey), ikerketaren erdigunean jartzen denean, kasua anbiguotasun moralen, familiako sekretuen eta muturreko erabakien sare bihurtuko da. Legearen alde banatan egon arren, bi pertsonaiek erredentzioaren eta familia loturaren aldeko barne borroka izango dute. Ruffaloren interpretazioa neurrizkoa eta malenkoniatsua da, baina xehetasunez betea; Pelphreyk, berriz, energia gordina eta zaurgarria eransten dio bere pertsonaiari. Biek ala biek lan aparta egin dute.

Generoan sarritan ikusten diren ohiko kontakizunen antza izan dezakeen arren, pertsonaietan aurkituko dira ñabardurarik garrantzitsuenak: kontua ez da soilik kriminalak atxilotzea, baizik eta muturreko egoeretan harrapatuta dauden gizabanakoak ulertzea. Ingelsbyk, enpatiaren eta xehetasunaren alde egin, eta polizia generoko arketipo klasikoak saihestuko ditu. Dramaren alorra izango da alderdirik indartsuena.

Filadelfian girotua, hiria ez da eszenatoki soil bat izango; narratibaren garapenean eta protagonisten bihotzean eragingo duen beste pertsonaia bat izango da, haien barne munduan sakontzeko leihoa. Langile klaseagatik eta tokiko identitateagatik ezaguna den inguru hori aukeratzeak egiazkotasuna eta testuinguru mamitsua gehituko dizkio istorioari. Bere alderdi bisualaren bidez, serieak pertsonaien errealitatean murgiltzea ahalbidetuko du, eta hiri inguruneak haien erabakietan nola eragingo duen erakutsi.

Estilo errealistaz eta tentsio narratibo etengabearekin, Task bere tonu likitsagatik, interpretazio sendoengatik eta ikuslea lehen kapituluetatik pantailari kateatzeko duen gaitasunagatik nabarmenduko da.

Ikasturtea nahiko indartsu hasiko dugu.

Mare of Easttown unibertsoa?

Kate Winslet protagonista zuen Mare of Easttown gozatu zuten ikusleek —hura biribilagoa zen— antzekotasunak aurkituko dituzte Task telesailean, bereziki sakontasun emozionalari eta konplexutasun moralari dagokionez. Esan daiteke telesaila Mare of Easttown-en unibertso berean gertatzen dela: Pennsylvania landatar eta grisa, iluna eta bortitza, iragan zailak eta orainaldi korapilatsua dituen jendez betea erakusten ditu. Telesailak hiri inguruko bizitzaren alderik ilunena aztertuko du, eta erakutsiko du ongiaren eta gaizkiaren arteko lerroa dirudien baino askoz ere hauskorragoa dela.

fitxa

  • Sortzailea: Brad Ingelsby.

  • Herrialdea: AEB.

  • Urtea: 2025.

  • Aktoreak: Mark Ruffalo, Tom Pelphrey, Emilia Jones, Thuso Mbedu eta Raul Castillo.

  • Non ikusi: HBO Max.

  • Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.

  • Generoa: drama, thrillerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.