Erregina gorriaren oinazea

Amaya Muruzabal iruindarrak eta Koldo Serra bilbotarrak ‘Reina Roja’ polizia thrillerra sortu dute. Amazon Prime Videon dago ikusgai.

TELESAILAK REINA ROJA
'Reina Roja' telesaila. AMAZON PRIME VIDEO
Mikel Yarza Artola.
2024ko martxoaren 2a
05:00
Entzun

«Duela urte batzuk programa bat sortu zuten Europan, herrialde bakoitzeko agenterik onenak aukeratzeko: errege edo erregina gorriak. Antonia zen gure ardatza, arrazoi pertsonalengatik utzi zuenera arte. Zaindu egin behar duzu, bere ezkutari izan behar duzu».

Reina roja telesailaren hasieran poliziaburu batek agente bati esandakoa da, zazpi ataleko thriller erakargarri honen tonua ezartzen duen adierazpena. Madrilgo Retiroko lorategiak utzi, eta gizonezko protagonistak krimen makabroaren agertokira mugituko dira. Parean dute burua erdibitua eta gorputza odolustua duen pertsona bat; alboan, berriz, hari begira, Antonia Scott, erregina gorria. Vicky Luengo (Suro, Antidisturbios) aktore mallorcarra da protagonista, 242ko adimen-kozientearekin munduko pertsonarik azkarrena izanda ere, proiektu sekretu eta esperimental baten ondorioz, abilezia horrek oinazetu duen emakumea.

Haren alboan Hovik Keuchkerian (Un amor, La casa de papel) ia-ia polizia gorputzetik kanporatu duten euskal agente beteranoaren rolean. Euskal herritarrak, hain justu, dezente dira fikzio honetan. Aktoreen artean Urko Olazabal (Maixabel, 2021) Goya sariduna eta Karmele Larrinaga (Eskamak kentzen, 2016). Kameraren atzean, aldiz, izen zerrenda luzea.

Argazki lanetan Unax Mendia gasteiztarra (No habrá paz para los malvados, 2012), zuzendaritzan Koldo Serra bilbotarra (La casa de papel, El Ministerio del tiempo, Gernika) eta gidoigile lanetan Amaya Muruzabal iruindarra. Sortzaile gisa, bigarren telesaila du honakohau, baina aurrez artista nafarrak urteak eman ditu puntako zuzendarien gidoiak atontzen, tartean, The Others (Alejandro Amenabar, 2001), La caja 507 (Enrique Urbizu, 2002) eta La voz dormida (Benito Zambrano, 2011).

Hiltzailea nor izan ote den argitzeko enegarren abentura hau generoko klasiko handien erreferentziaz josita dago. Bisualki, ikusleek erraz oroituko dituzte Seven filma eta Hannibal telesaila. Saw beldurrezko saga ezagunaren ukituak ere baditu eta, kalterako, Memento Mori eta Parot telesail espainiar garaikideen arrasto bakuna.

Muntaketa, efektu bereziak eta aktoreen interpretazioak primerakoan dira. Juan Gomez-Jurado nobelagilearen izen bereko bestsellerraren telebistarako egokitzapena da hau, literatura trilogiaren lehen zatiari dagokiona, eta, gidoiak ere indargune asko izan arren, baditu berraztertzeko moduko hainbat kontu ere. Sarritan testua irudiaren gainetik dago, eta sentimendurik handieneko uneetan, telesailak diskurtsiboegia dirudi.

Reina roja-k distira egiten du protagonistaren garuna, barne mundua eta erruduntasunaren zama esploratzean, edota umore beltzeko une apurretan. Madrilgo enpresari eta goi erakundeetako agintariei ere erreparatzen die, baina ez dirudi elitearen lokatzetan gehiegi sakontzera datorrenik. Muruzabal eta Serraren arteko lankidetza are gehiago izan zitekeen, eta, hala ere, urte hasierako telesail espainiar erakargarrienetako bat da. Dozenaka milaka ikusle bideratuko ditu bere unibertso ilunera.

FITXA

  • Sortzaileak. Amaya Muruzabal eta Koldo Serra. 
  • Aktoreak. Vicky Luengo, Hovik Keuchkerian, Nacho Fresneda, Alex Brendemuhl eta Emma Suarez.
  • Herrialdea. Espainia.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Amazon Prime Video. 
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.