ATZEKOZ AURRERA

Erremontean ikasten

BERRIAlagun batzuek erremonte tailer bat egin dute Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Kirola probatzeko aukera ere izan dute, Endika Barrenetxea maisu zutela.

Neska bat erremontean nola aritzen den ikasten, atzo, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2023ko apirilaren 02a
00:00
Entzun
Erremonteaz eta erremontearen materialez ikasteaz gain, kirolean saiatzeko aukera izan dute zenbait BERRIAlagunek arratsalde batez. Hain zuzen ere, Berria Erremonte Txapelketako bi finalerdi jokatu zituzten atzo, eta aurretik aritu ziren BERRIAlagunak pilota nola erremontatu behar den ikasten.


Horretarako, Endika Barrenetxea erremontista profesionala izan dute gidari —Oriamendi enpresakoa da—. Galarretako (Hernani, Gipuzkoa) pilotalekua Euskal Herriko luzeenetan hirugarrena da, Gernika-Lumokoaren (Bizkaia) eta Zumaiakoaren (Gipuzkoa) ostean. 54 metro luze da: ez nolanahikoa. «Bakarrik edo buruz burukoan jokatzea oso zaila da», aitortu du Barrenetxeak. Eta pilotaren abiadura ere bada nahiko deigarria: «Orduko 250 kilometroko abiadura har dezake», aipatu du Barrenetxea IV.-ak. «Batezbestekoa orduko 180 kilometro izaten da».

Erremonteak baditu bere berezitasunak: esaterako, atzelariek ateratzen dute sakea. Nondik? 12. koadro eta erditik.

Pilotaren materialen inguruko azalpenei adi daude BERRIAlagun guztiak. Neska-mutikoak ere bai. «Barruko kiskila edo boloa latexezkoa da; bote oso handia du», dio erremontistak. «Haria jartzen zaio gero. Eta bi larrurekin babesten da ondoren». Baina bi larru ez dira nahikoa babesteko, eta beste bi jartzen dizkiete. Ander Zulaikak pilotei haria jartzeko makina bat patentatu du. Larrua jartzeko prozesua, berriz, eskuz egiten da: Manoli Landasek egiten du. «Partida bakoitzean zortzi pilota berri dauzkagu. Gehienetan, partida amaieran hiruzpalau pilota hautsi egiten dira». Gertatu ohi da zortzi pilotak haustea ere. Intendenteak aukeratu ohi ditu pilotak. Barrenetxearen ohartarazpena, erdi txantxetan: «Harekin ondo konpontzea komeni izaten da». Jokalarien soldatak ere hark erabakitzen baititu.

Jolasean aritu dira denak

Zestak egiteko prozesua nolakoa den jakitea ere berezia izan da bisitarientzat. Zesta gehienak egurrezkoak dira gaur egun; saiheskiak gaztaina egurrezkoak dira. Beste pieza batzuk ere baditu, eta horietako bat lizar egurrezkoa da. Ez da berehala egiten xistera bat. «32 orduko eskulana da. Prezioa 800 euro ingurukoa da». Berriak soilik jokalari profesionalentzat egiten dituzte. Horrez gain, bi metro eta erdiko soka bereziarekin lotu behar izaten dute eskua zestarekin.

Azalpen guztiak jasota, BERRIAlagunek zesta eskuan jarri dute, eta hasi dira jolasean. Hala moduz lehen saialdietan. Baina Barrenetxeak elkartu ditu gero, trikimailu batzuk kontatzeko. Harekin batera, pilota paretaren kontra jaurti dutenean, beste finezia bat nabaritu da.

Cristina Indaberearen aburuz, «oso interesgarria» izan da esperientzia: «Ez nuen espero hainbesterako izango zenik, eta oso aukera polita iruditu zait». Ibai Etxegia ere jo eta jo aritu da: «Bikaina izan da kirolean aritzea. BERRIAlagunentzako esperientzia hau ederra izan da, eta denei gomendatzen diet». Hiru partidekin gozatu dute gero bisitariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.