Plaza giro

Errimatuz euskalduntzea

Euskaldun berrientzako bertso ikastaroak ematen ditu Ainhoa Aranburu irakasleak Iruñeko Hizkuntza Eskolan, eta oso harrera ona izan dute orain arte.

Nafarroako hizkuntza eskolan euskaldunberrientzako bertso ikastaroan elkartzen diren ikasleak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Euskara gehiegi jakin ez arren, euskaldun berriak ere goza dezake bertsoez. Hori da Iruñeko Hizkuntza Eskolako euskaldun berrientzako bertso ikastaroek frogatzen dutena. Urrunago doa Ainhoa Aranburu irakaslea (Donostia, 1969). Euskaldun berriak bertsotan jartzen ditu. «Ezinezkoa da, kasik, euskara ikasten ari den bati bertsoa ez gustatzea. Zer esan eta nola. Hori da bertsolari batek buruan duena, eta baita euskaldun berriak ere». Orain bost urte abiatu zituen ikastaroak, eta asmatu du arreta pizten. Bederatzi ikaslek eman zuten izena 2008ko eskoletan, eta 27 dira aurtengoan. Astelehen eta asteazkenetan biltzen dira, bi taldetan. 4. solairuan beti. Denak adi, baina jostari, euskaldun berri hitza bertsolari hitzarekin errimatzen ikasi nahian.

Hasi da eskola. Agurrak bota dituzte ikasleek. Obama baten ahotan, New York eta Sandy bestearenean. Umoretsu, zirtolari. Bertsolari erabat, doinuarekin pixka bat trabatu direlako ez balitz. Baina txukun, halere. Sinplifikazioa da Aranbururen metodoaren oinarria, eta nabarmena da arrakasta. Urratsez urrats doaz ikasleak bertsotan. Doinua, neurria, oinak... Piezaz pieza azaltzen die erlojua. Aldi oro, arreta unitate bakoitzean zentratuz. «Bertsolariak bertso bat egiteko hamaika prozesu mental egiten ditu batera, eta guk banaka hartzen dugu prozesu bakoitza». Adibide praktiko bat: «Silabak neurtzen ikasteko, esaterako, 7 eta 6 silabatan abesten hasten gara, zortziko txikiaren neurrian. Eta hori izango da egin beharreko bakarra, hitzak neurtzea, esandakoak zentzurik baduen gehiegi axola gabe. Lehenengo ikasiko dugu neurtzen, eta gero jarriko diogu zentzua». Eta hala pausoz pauso.

Harriduraren bultzada

Pozik dabil Joxerra Maruri. Bigarren urtea du eskolan, eta badabil jadanik bertsotan. « Idatziz, bai», zehazten du. «Zortziko txiki bat egiteko ordu erdi bat behar dut». Alberto Arce du ondoan. Bigarren ikastaroa du berak ere, eta ikasketa ofizialak bukatu, eta euskara lantzen jarraitzeko eman zuen izena.Igartzen zaie gustura daudela. Izan ere, jostatzeko modu ederra da bertsoa Ana Turunbaik dioenez. Harridurak bultzatuta eman omen du berak izena. «Bertsoen atzean zer dagoen jakin nahi dut». Lehen urtea du oraindik, baina badoa zerbait ikasten. Harridurak hor jarraitzen duela dio, halere. «Gauza bat da teknika ezagutzea, eta beste bat da gauza ederrak egitea».

Urteak daramatza Aranburuk euskara irakasten, eta beti izan du eskoletan tarte bat bertsolaritzarentzako. Orain, ikastaro osoa eskaintzen dio gaiari, eta harrera ona izan du. Urtez urte egin du gora ikasle kopuruak, eta bi talde egin behar izan dituzte orain hiru urtez geroztik. Bi maila. Idatziz aritzen dira batean, eta idatziz eta inprobisatzen bestean.

Lau puntutan laburtzen ditu Aranburuk bertso eskola horien onurak. Lau oinetan. Bat: «Euskaldun berriak beti aritu dira euskararekin borrokan, eta euskararekin jolasean hasten dira hemen». Bi: «Bertsotan hobeki aritu ahal izateko, euskara hobeki ikasteko motibazio erreala aurkitzen dute». Hiru: «Euskaraz ari den talde bat lortzen dute, bertso saioetara joaten dena, txapelketetara...». Eta lau: «Euskara ongi ikasten duenak ere, maiz, ez du euskal erreferente kulturalekiko hurbiltasun handirik, eta hori ere jaso dezakete hemen».

Baina urratsez urrats joan behar. Erronkaz erronka. Hori da soluzioa. Bertsoz bertso. Dudaz duda. Hastapenetan dira ikasleak, baina bertsoaren amaierara heldu gogoz ere bai. Itxura profetikoa du horregatik gaur Aranbururi egin dioten galderak: «Nola hasi amaieratik?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.