Hainbat bider behatu beharra dago, nahitaez. So bakoitzean harrapatzen baita oharkabean igarotako xehetasunen bat, itzalen ñabardura bat, harrizko jantziaren detailerik zehatzena, urruti dagoen etxe haren moldura, inurria dirudien gizakia. Zatiz zati eta ertzez ertz osatu beharrekoa da Piranesiren Campidoglio plaza, Erroman. Eta hamaikagarren begiratuan ohartu, beharbada, artistaren ezohiko ikuspuntuak, saihetsetik eginikoak, sakontasuna gehitu diola paisaiari. Hamaikagarren begiradan ohartu, beharbada, jauregia erdi ezkutatuta ageri dela zaldunen eskulturen, marmolezko hesi mardularen eta hondakinetan aztarrika dabiltzan lagunen artean, badagoela haren atzean beste eraikin bat, eta haren atzean, halaber, txikiago eta lausoago, badirela teila, leiho eta tximinia gehiago.
«Erromaren edertasun tragikoaren interpretea eta kasik asmatzailea» izan zen Giovanni Battista Piranesi grabatugilea (1720-1778), Marguerite Yourcenar idazleak nabarmendu zuenez Le cerveau noir de Piranèse saiakeran (Piranesiren garun beltza). Eta Erromaren begirada subjektibo eta orobat zorrotz hori jaso dute Durangoko Arte eta Historia Museoan (Bizkaia), Erroma asmatua erakusketan, museoaren 40. urteurrena ospatzeko —apirilaren 26ra arte bisitatu daiteke—. Jose Ignacio Olabe artezalearen 47 grabatu bildu dituzte, eta artistaren serie ia guztietako laginak daude —espetxeen multzokoak salbu—.

«Erroma utopiko hori, Erroma galdu hori, bere garaira eraman zuen Piranesik», laburbildu du Olabek; hain justu, Campidoglio plazako grabatuan ageri diren lagunen gisa berean, denborak arpilatutako eta leundutako hondarretan arakatuta erdietsi zuen asmo hori. Piranesi bazelako, besteak beste, arkeologoa, ingeniaria, ikertzailea eta zientzialaria, artezalearen esanetan.
Ikasketaz, baina, arkitektoa zen. Eta veneziarra. Eta «paradoxikoa» izan arren, bi fazeta horiek aldarrikatu zituen beti, Helena Perez Gallardo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Historia irakasle eta erakusketako testuen egileak azpimarratu duenez: «veneziar arkitektoa» zela zehaztu zuen bere plantxa guzti-guztietan, nahiz eta Erromako paisaiak erretratatu zituen ia esklusiboki, eta nahiz eta harrizko eraikin bakarra taxutu zuen.
Turistak limurtzeko
Garai hartako egoera ekonomiko kaskarrak eraman zuen grabatugile izatera. Venezian arkitektura enkargurik eskuratu ez, eta Erroman ahalegindu zen, baina han ere ez zuen zorterik izan: krisialdiak apaldua zuen herri lanetan inbertitzeko grina. Giuseppe Vasi grabatugilearengandik ikasi zuen ofizioa, eta vedutismo izeneko fenomenoari lotu zitzaion laster. Grand Tour-eko bidaiarientzat egiten zituzten vedute-ak, Olabek zehaztu duenez; hiriko bistak ziren, postalen antzekoak. «Europako aberatsen semeak Erromara joaten ziren, Mendebaldeko kultura klasikoaren erdigunera, eta vedute horiek eramaten zituzten beren herrietara, Erroma apartaren oroigarri».
«Europako aberatsen semeak Erromara joaten ziren, eta vedute-ak eramaten zituzten haien herrietara, Erroma apartaren oroigarri»
JOSE IGNACIO OLABE Artezalea
Ordurako, baina, Erroma aparta «zeharo hondatuta» zegoen, ñabartu duenez: behiak bazkatzen ziren foroan, arkuak zaborrez inguratuta zeuden, lurrak eta goroldioak estaltzen zituzten marmol klasikoak. Aldiz, presentzia oparoa zuten Errenazimentuko fruitu gazteek. Eta, hain zuzen ere, zera egin zuen Piranesik bere artelanetan, Yourcenarren irudiko: lotura bat ezarri hiri modernoaren eta antzinakoaren artean. «Uztartu egiten dira, batetik, eraikin barrokoa, artean berria, edo ia: horma sendozko fatxada lerrozuzena; perspektibak ebakitzen dituen obeliskoa; plaza lau eta biluzien elipsea edo poligono irregularra; iturri monumentala, zeinaren aska biribilak olatuaren kurba imitatzen duen; zoruen eta hormen estaldura leun eta zaindua. Bestetik, hamabost bat mendeko hondakin zaharra, harri pitzatua, adreilu txikitua, argia sar dadin ahalbidetzen duen bobeda abaildua, akueduktuen eta kolomadien erritmo hautsia, zabalik eta alderantziz bezala dauden tenpluak eta basilikak».
Piranesiren vedute-ak ez dira garai hartako beste artistenak bezalakoak. «Ohartu zen bidaiari horiengan merkataritza bide bat zegoela, eta plantxak ezin zirela izan Vasik egiten zituenak bezalakoak, 18x24 edo 24x30ekoak», Perezen hitzetan. Piranesiren eskala askoz handiagoa da, pinturarekin lehiatu nahi zuelako, irakaslearen esanetan. Baina tamainak baino gehiago, ikuspuntuak egiten ditu berezi haren lanak. Campidoglio plazaren grabatuan agerikoa da ezohiko begirada hori. «Iragan erromatarrari bizkarra emanda planteatu zuen Michelangelok plaza hura. Bada, Piranesik berriro begiratu zion kultura klasikoari. Baina ez nostalgia ukituarekin; iragan horrek eredu bezala balioko zion bere garaiko arte bat sortzeko».

Piranesiren begirada dramatikoa da, teatrala, Perezen arabera. «Ez ditu jauregien bista frontalak egiten. Gustuko du izkina batean kokatzea kalearen perspektibari begiratzeko, ager dadila jauregiaren monumentu izaera hori, eta murriztuz joan dadila kalearen perspektibaren arabera». Paisaiaren erretratu fidelak dira, baina asmoa era berean da, irakaslearen iritziz, inpresio jakin bat eragitea. «Sentimendu bat helarazten du Antzinaroaren handitasunaren inguruan». Erroma osoa erretratatu gura du, baina ez hura dokumentatzeko, baizik eta adierazteko jauregi jakin hori inportantea dela, edo zutabe hori, edo egitura hori. «Modu bat da arrazoia eta sentsibilitatea txertatzeko».
Estilo «eklektikoa»
Arkitekturak eta ingeniaritza lanek ematen dute Erroma partikular horren berri: harriz, hormaz, bidez, zubiz, akueduktuz, mausoleoz, atez, zisternaz eta gisa bereko egituraz josita daude Piranesiren 2.000 plantxa inguruak. Eta tarteka agertzen diren giza irudi txiki eta xehetasun gabekoek nabarmendu egiten dute eraikuntza horien handitasuna. Estilo «eklektikoa» zen harena, Perezen berbetan, arkitekturari buruz idatzi zituen saiakeretatik ondorioztatu daitekeenez; eta antzinako zibilizazioek garatutako moldeek ez ezik, barrokoak ere izan zuen tokia haren pentsaeran, Yourcenarren azalpenei erreparatuta. «Barrokoari zor dizkio orekaren bat-bateko haustura horiek, perspektiben berrezarpen boluntario horiek, masen analisi hori, itzalen eta argien arteko ezusteko joko horiek».
«Ez ditu jauregien bista frontalak egiten. Gustuko du izkina batean kokatzea kalearen perspektibari begiratzeko»
HELENA PEREZ GALLARDO Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Historia irakaslea
Arkitektura arrazionalistari zor dio, kontrara, erabileraren inguruko jakin-mina. «Eraikinetatik interesatzen zaiona ez da bakarrik haien itxura, edo geratzen zaiguna, baizik eta nola egin ziren: zimenduak, oinarria, materialak, zutabeen tamaina...», esplikatu du Perezek. Arkitektura arrazionalistan, elementu guztiek dute funtzioren bat, ez dago apaingarri hutsa den ezer; eraikinaren esentziari heltzen dio estilo horrek, hain justu.
Planoak diruditen artelan batzuen aurrean gelditu da Olabe. Piranesiren osaba, Matteo Lucchesi, ingeniaria zen, Veneziako obra hidraulikoen arduraduna, eta harengandik eskuratu zuen, hein batean, artelanetan igar daitekeen zorroztasun tekniko hori. Martzeloren antzokiaren fatxadako harriak errealismo osoz irudikatuta daude, eta, haren azpian, laminan espazio bera okupatzen dute zimendu multzoek, horiek ere xehe-xehe irudikatuak, artezaleak balioetsi duenez. Mahai batera gerturatu da. Bitrina batek babestuta, Trajanoren zutabearen barrualdea erakusten du grabatuak, haren eskailera amaiezina, neurketa mordo bat eginda proiektatu zuena; eta egitura beraren oinarriari eta idulkiari erreparatzen die beste lan batek. Aratz ikus daiteke harrian zizelkatutako soldadu segizioa, Erromara sartzen Galietako gerran nagusitu ostean. Arkitektura arrazionalistaren zantzuak, beste behin. «Zutabea oinarrizko elementua da», Perezen hitzetan, «funtzio bat daukalako: bermatzen ditu sabaia, bobeda, frontoia, arkitrabea... Ordenaren elementu sinboliko bat da».

Izan zen Piranesirena Erroma amestu bat, detailez detaile berregindako Erroma bat. Eraikinen hondakinetatik artelanak ebasteko joera salatu zuen artistak, eta gaitzetsi zuen, halaber, arrastook harrobi gisa erabili izana beste eraikuntza batzuk marmolez hornitzeko. Hori dela-eta dira haren lanak hain xeheak: galeraren aurkako ahalegin bat ere badirelako. Piranesik berak hainbat aldiz editatu zituen grabatu bildumak, eta lamina mordo bat ondu zituzten, halaber, hura hil eta gero. Ekoizpen oparo bat Erroma ia desagertua aldarrikatzeko.