Udako proposamenak

Erromatarrak bueltan dira

Gaurtik igandera Irun Oiasso izatera itzuliko da, Dies Oiassonis erromatar jaialdia egingo baitute. Estreinakoz gladiatore borrokak ikusi ahalko dira.

Dies Oiassonis jaialdiko aurreko aldi bateko giroa, Irunen. BERRIA
Dies Oiassonis jaialdiko aurreko aldi bateko giroa, Irunen. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko uztailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende ugari pasatu dira Erromatar Inperioa erori zenetik, baina haren arrastoa sakona da oraindik: lerrook idazteko baliatzen den alfabetoa bera da adibide bat. Arrasto are materialagoak ere badaude Euskal Herrian, eta Irungo Oiasso museoan (Gipuzkoa) ikus daitezke. Izan ere, inguru hori Oiasso hiri erromatarra izan zen Antzinaroan, bere portu, terma, nekropoli eta meategiekin. Erromatarrak joan ziren, bai, baina gaurtik igandera bitarte itzuli egingo dira Irunera, Dies Oiassonis erromatar jaialdia egingo baitute, hamaseigarrenez.

Irunen iragan erromatarra gogoratzea da jaialdiaren xedea, eta bertako ondare arkeologikoa herritarrei gerturatzea. Antzinako Erroma —eta Irun— hartan girotzeko, beraz, antzerkia, musika, gastronomia, artisautza, sorberritze historikoak, azokak, ikuskizunak eta beste hamaika jarduera antolatu dituzte egunotarako. Eguneroko bizimoduaren sorberritzeak egingo dituzte, baita ez hain egunerokoenak ere. Hain zuzen ere, Nivigium Isidis prozesioa egingo dute larunbatean. 

Urtero egin ohi duten prozesio hori Isis jainkosaren omenezkoa da, nabigazioaren babeslea. 19:00etan hasiko da prozesioaren antzezpen historikoa, Zabaltza plazan; hantxe atondu dute erromatar garaiko zirkua. Herria zeharkatuko dute gero; Dunboako kanalean bukatuko dute, Ploiaphesia erritua antzezten.

Aurtengo berritasun nagusia, baina, gladiatoreen borrokak izango dira. San Joan plaza hareatza izango da egunotan, eta hantxe egingo dute borroka horiek irudikatzen dituen antzezpena, igandean, 13:15ean. Lucius Spiculus taldekoak izango dira gladiatore garaikideak; aurretik ekitaldi bat egingo dute leku berean, 12:00etan hasita. 

Ikuskizun horretarako prestatzeko era ere izango da lehenago. Bihar, kasurako, Gladiator II filma proiektatuko dute San Joan plazako hareatzan, 21:00etan, eta larunbat eguerdian gladiatoreen bizitzari buruzko azalpenak emango dituzte Junkal plazatxoan.

Edonola ere, jaialdia gaur hasiko da. 20:00etan Amaia kultur zentroan egingo duten JasĂ³n y las furias antzezlana izango da lehen ekitaldia, nahiz eta Irungo taberna asko jada erromatartzen hasiak diren. Izan ere, erromatar pintxoaren ibilbidea antolatu dute hogei tabernatan; Antzinako Erromaren aldiko osagaiekin prestatutako pintxoak saltzen ari dira. Bihartik aurrera, berriz, erromatar azoka egongo da Luis Mariano plazan, eta Fermin Kalbeton, Jenaro Etxeandia eta Foruen karriketan.

Artisautza

Bestelako azoka bat nabarmenduko da ostiraletik aurrera: erromatarren garaiko artisautza azoka. Oiasso museoaren aurrean eta Almudena Grandes plazatxoan aldi hartako kosmetikoak, medikuntzako tresnak, hezurrezko objektuak, jostailuak, ebakigarriak, zeramika, liburuak, erreplikak, larruak, ehunak eta beste hainbat artisau lan erosteko aukera egongo da.

Jaialdiko bisitariek, baina, adi ibili beharko dute ostiralean, legionarioak iritsiko baitira. Kanpamentua ezarriko dute Almudena Grandes plazatxoan, eta bertaratzen direnek aukera izango dute ikusteko nola janzten ziren duela 2.000 urteko soldadu haiek, zer arma erabiltzen zituzten… 17:00etatik aurrera izango da hori —larunbat goizean ere bai—. Bada, haiengan interes handirik ez dutenek ordu berean erromatar larrugintzan sakontzeko parada izango dute. Leku berean tailer bat emango dute, antzinako patroi, tresna eta prozedurak erabiliz.

Antzinako Erromako zeramika lantzeko ikastaroa, idazketa tailerra, eraztunak fabrikatzekoa, jostailuak egitekoa… Denetarikoak eskainiko dituzte larunbatean eta igandean. Askotariko jarduerak, erromatarrak nola bizi ziren gertu-gertutik ezagutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA