Artista

Samantha Hudson: «Esaten dudan guztia nire arimatik jaiotzen da, eta aluarekin esaten dut»

Familia tradizionala zalantzan jarri nahi du Hudson artistak, eta bere kontzertuen giro segurua azpimarratu du: «Bazterretan bizi direnentzako topagunea da, eta oso harro nago horretaz».

(ID_17007523552155) Samantha Hudson artista.
Samantha Hudson artista, 'AOVE' diskoaren aurkezpenean. ALEJANDRO MADRID
itsaso jauregi 2
2023ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Alua, titiak eta ongi pasatzeko gogoa. Horiek dira Samantha Hudson artistaren (Palma, Herrialde Katalanak, 1999) arabera bere kontzertuetara eraman beharrekoak. AOVE Black Label biran, Gasteiz bisitatuko du abenduaren 9an, eta Bilbo 2024ko otsailaren 23an. AOVE oliba olio birjina estraren siglak dira gaztelaniaz, baina baita kaleratu dituen lau abestien siglak ere.

Zure AOVE diskoa produktu gourmet-a da?

Gourmet produktu bat balitz bezala, etiketa beltza jarri diot; lorpen ederra iruditzen zitzaidan produktu bikain bati merkatuan tokia kentzea beste produktu ederrago batengatik.

«Laster arte, zapalduok!» esaldiarekin aurkeztu zenituen kontzertuak. Zure emanaldiak leku segurua dira zapalduentzat?

Bai. Bazterretan bizi diren pertsonentzako topaguneak dira, eta oso harro nago horretaz. Queer proposamen gutxi dagoen lekuetan beldurrik gabe dantzatzeko aukera dute. Igandetan elizara doazen andreak bezala, nire publikoak bere jantziak prestatzen ditu, musika elektronikoaren eskutik liluratuta izateko.

Beldurrik gabe dantzatzea iraultzailea da?

Bai, benetakoa izateko aukera da. Bazterretan gaudenok sentitzen duguna egin behar dugu, natural gisa izendatu diren estandarrei kasu egin gabe. Zaila da, jasaten ditugun indarkeriak egitura baten parte direlako; sistema zalantzan jarri beharko genuke.

Familia tradizionala da naturaltzat hartzen den egitura horietako bat?

Bai, eta ez dut uste naturala denik, gizartearen zati batek naturalizatu duen kontzeptu bat baizik: familia instituzio bat da. Familia tradizionala suntsitzeaz hitz egiten dudanean, jendeak uste du gurasoak akabatu nahi ditudala bate batekin, baina ez da horrela. Funtsezkoa da familia nukleoen hierarkia amaitzea, eta odolean oinarritutako loturekin apurtzeko beldurra galtzea, gurasoei zerbait zor diezun ustean.

Generoa antzerkiarekin konparatu duzu askotan. Eszenatokitik kanpo jarraitzen duen obra da?

Generoa performance bat da, gauza gehienak bezala. Nire ustez generoa ez da zerbait esentzian, praktikan baizik. Denok praktikatzen dugu.

Oholtza gainean protagonismo handiagoa dutenak daude?

Bai. Pertsona zisheterosexual zuri monogamoa izatea beti modan dago. Inork ez die leporatzen moda bati jarraitzea: haien errealitatea natural gisa aurkezten da. Bestea sistemaren asmakizun gisa aurkezten dute, baina genero disidenteko pertsonok existitzeko eskubidea dugu.

«Ministroa izateko aukera izan nuen, baina zerbitzatzea erabaki nuen» esaten duzu AOVE diskoan. Zer egingo zenuke ministroa izango bazina?

Dimititu. Politika eraginkorrenak kalekoak dira. Genero adierazpenean politika bat ere badago; genero disidenteko pertsona batek, inolako lotsarik gabe, espazio publikoak okupatzea. Batzuetan izatea politikoa da.

Oin bat hegemonian eta bestea bazterretan izateko gai zara?

Arauen barruan sartu den bestea izatea da nire lana. Nahiz eta bi oinak hegemonikoan edukitzen saiatu, ez da nire etxea izango. Esaten dudan guztia nire arimatik jaiotzen da, eta aluarekin esaten dut.

EMA saria jaso zenuen azaroan, Espainiako artistarik onenaren kategorian. Nola hartu zenuen?

Niretzat sorpresa izan zen; ilusio handia egin zidan gizon guztiak iruzkinetan negarrez ikusteak. Oso pozik nago, kontuan hartuta bazterretatik datorren artista bat naizela, eta diskoetxe independente batekin lan egiten duena. Pop kulturaren garai bereizgarria da.

Non gorde duzu saria?

Sukalde gainekoan dut. Apalategi berezi bat egin beharko nioke, baina hain ongi konbinatzen du garbitutako lapikoekin!

LOTSABAKO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.