Jack Thornek sortu eta gidatutako lan honek News of the World tabloide sentsazionalista britainiarraren inguruan piztutako legez kanpoko telefono entzunaldien auzia izango du ardatz. Hari mehe batez josiriko sare iluna, non intimitatea merkantzia bihurtu zen. Eskandaluak agerian utzi zuen hainbat politikari, aktore eta pertsona ospetsuren telefonoak zulatu zituztela; besteak beste, John Prescott, Boris Johnson, Elle Macpherson, Jude Law eta Gwyneth Paltrow izan ziren biktimen artean. 2011ko uztailaren 7an, James Murdochek —Rupert Murdochen semea eta egunkariaren jabea— iragarri zuen egunkariak, eskandaluaren ondorioz, azken edizioa argitaratuko zuela.
Seriearen protagonista nagusiak David Tennant eta Robert Carlyle dira, eta haiekin batera arituko dira Toby Jones, Katherine Kelly, Rose Leslie, Steve Pemberton eta Eve Myles, besteak beste. Aktoreen lana, oro har, bikaina da.
Istorioak bi ardatz nagusi izango ditu. Alde batetik, Nick Davies (Tennant) kazetariaren ikerketa, The Guardian-eko erredakzioan ehundua. Bere off-eko ahotsa etengabea da, ia kontzientziaren murmurioa balitz bezala; tarteka laugarren horma hautsiko du, eta ikusleari begietara so eginez egia gordin eta ironikoak xuxurlatuko dizkio. Konplizitate keinu bat da, baina baita salaketa ere.
Bestetik, Dave Cook detektibearen (Robert Carlyle) ikerketa polizial paraleloa erakutsiko da. Daniel Morgan ikertzaile pribatuaren oraindik argitu gabeko hilketaren atzetik arituko da, baina arrastoek ustelkeria mediatikoaren habia zaharrera eramango dute. Bi begiradek —kazetariarena eta poliziarena— boterearen gehiegikeria, erakundeen ustelkeria eta kazetaritza modernoaren etikaren inguruko gogoeta zorrotzak proposatuko dituzte. Prentsa aske eta arduratsuaren garrantziari buruzko oroigarri gisa ere funtzionatuko du telesailak.
Dena ez da ona
Hala ere, The Hack-ek baditu itzalak ere: nahasmendu eta auto-erreferentzialtasun sarean harrapatuta geratuko da batzuetan, bere buruari gehiegi begiratuz.
Formalki, erritmo bizia eta dinamikoa du, baina izen, data eta prozedura legal ugarik kontakizuna astun eta errepikakor bihurtuko dute tarteka. Laugarren hormaren hausturak, umore ukituak eta muntatze azkarrak proposamena aberastu eta ohiko biopicetik urruntzen badute ere, batzuetan istorioaren bihotz emozionaletik aldenduko dute ikuslea.
Telesail entretenigarria eta bizia da, kasu harrigarri baten ateak zabaltzen dituena. Baina istorioari jantzi dizkioten apaingarriek, batzuetan, egia biluziaren indarra lausotzen dute; «gutxiago gehiago da» esan ohi da. Horixe bera pentsatuko dute ikusle askok.
FITXA
- Sortzailea. Jack Thorne.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. David Tennant, Robert Carlyle, Toby Jones eta Katherine Kelly.
- Non ikusi. Filmin.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama