Aurtengo jaia amaitu berritan, datorren urtekoa prestatzen harrapatu du BERRIAk Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea. Gustura agertu da Bilboko jaiaren emaitzarekin.
Igandeko eguna zer iruditu zitzaizuen?
Oso ona. Apustua egin dugu Bilboko erdigunera jaia ekarrita. Festa bertara eramanda ikusgarria bihur zitekeela pentsatu genuen, eta hori lortu dugu. Ingurutik pasatzen zen jende asko lotu da jaira, eta gure helburuetako bat lortu dugu: eskola publikoak kalera ateratzea.
Aurten Bilboko erdigunera etorri zarete, gainera.
Bilboko inguru horrek jarduerak antolatzeko aukera eman digu, inongo pilaketarik gabe, gainera. Jendea gustura ibili zen.
Aurten zein nobedade izan dituzue?
Aurten lehenbiziko aldiz Guraso Elkarteen Hezkuntza jarduera onen lehiaketaren sariak eta aipamenak banatu ditugu. Aspalditik egin nahi genuen antzeko zerbait, baina aurten egin dugu estreinakoz, eta oso gustura gaude. Jai egunean garrantzi berezia eman genion ekitaldi horri, eta aurrerantzean ere banaketa hori egingo dugu. Horretaz gain, lekukoaren aldaketa ere egin dugu aurten lehen aldiz. Bilboko aita batek eta ikasle batek Zarauzko Orokieta eskolako zuzendari eta ikasketa buruari makila eman zioten. Gauza polita izan zen.
Antolaketak urtebeteko lana izan du atzetik. Urte honetako lanari buruz zein iritzi duzue?
Ezberdina da jaia herri batean edo hiri batean antolatzea. Herrian antolatzen dugunean, bertan eskola bakarra egon ohi da, eta eskola guztiak parte hartzen du. Hirian ezberdina da antolaketa, bertan ikastetxe ugari baitauzkagu, eta denak koordinatzea ezinezkoa da. Beraz, alde horretatik, antolaketa ezberdina izan da, EHIGE barrutik egin dugun antolaketa bat izan baita, puntualki irakasleen eta gurasoen laguntza jasoz. Baina hogeigarren jai hau leku garrantzitsu batean egin nahi genuen, horrek dakartzan zailtasun eta erraztasunekin.
Hogei urte hauetan zer garapen egon da jaiaren barruan?
Hasiera batean, lehen jaiak antolatzen hasi zirenean, askoz jende gutxiago biltzen zen, eta ikastetxeetako lanak kanpora ateratzeko egun bat izan ohi zen. Hau da, programan ikastetxeetako dantzak, edo eskoletan antolatutako jarduerak egon ohi ziren, eta orain profesionalizatu egin da. Jende gehiago ibiltzen da, eta orduan eskaintza ere landuagoa da. Ikastetxeek oraindik badute euren ekintzak kalera ateratzeko aukera, baina ezberdina da.
Eta orain dela hogei urteko helburu berberak dira?
Horretan ere gauzak aldatu dira. Lehen eskolen euskalduntzea eskatzen zuten, eta hori orain lortuta dago, eta gaur egun eskaera ezberdinak dira. Europa osoko proiektuak garatzen ari gara orain, teknologiek presentzia gehiago izatea, esaterako. Ikuspuntua aldatu egin da.
Orain Zarauzkoa prestatzeko lanetan hasiko zarete?
Bai, jaia bukatu eta hemendik hamar egunetara lehen bilerak egingo ditugu hurrengo urtekoa antolatzeko. Zarauzko jaiak izango duen leloa, irudia eta dena zehazten hasiko gara orduan. Bertan, zuzendaritza, irakasleak, gurasoak elkarlanean arituko dira festa antolatzeko.
Lurdes Imaz. EHIGEko koordinatzailea
«Eskola publikoa kalera ateratzea lortu dugu Bilbon»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu