Soinu bereizgarria du artisautzak. Argia izan daiteke, larruzko pilota bat lurrera jaurtitzean entzuten den klask bat, edo zurezko koilara bat lixatzean aditzen den laztura, edo almendra garrapiñatuak murtxikatzean sortzen den zarata nabarmena. Eta izan daiteke sotilagoa, ia oharkabekoa, krema bat igurzteak eragiten duena, adibidez, edo eskuz egindako koaderno baten orriena, edo egurrezko metxaren zirta kandela bat piztean. Eta badu artisautzak, orobat, ahots finen soinua, haur tonuena. «Zenbat kostatzen dira?», galdetu du mutiko batek Kurunkun txotxongiloen erakustokira gerturatuta, eta barrez erantzun dio Danel Iñurritegi arduradunak. Askotariko xehetasunez bete dute artisauek 29. Euskal Denda; Durangoko (Bizkaia) Azoka plazan izango dira bihar arte.
Izaskun Robledorekin batera gidatzen du Iñurrategik Kurunkun. Iltzarbekoak dira (Nafarroa), eta makina bat bider izan dira Durangoko artisau azokan. «Guretzat oso garrantzitsua da, haur, familia eta irakasle asko ibiltzen dira-eta hemen, eta txotxongilo bat beti da baliabide ona, jostailu polita», azaldu du Iñurritegik. Koloreek gainez egingo dutela dirudi, eta testura festa bat ere bada haien postua, askotariko oihalak erabiltzen baitituzte panpinak taxutzeko, hala nola kotoia, feltroa eta ehun sintetikoak. «Urtero pertsonaia berriak ateratzen saiatzen gara. Aurten protagonismo handiagoa eman diegu gorputz osokoei: otso handiak, Tartalo...».
«Tornua baztertzen dudanez, zeramikazko pieza bakoitza bakarra da; forma organikoak eta irregularrak izaten dituzte»
SUSANA LOPEZ DE MUNAIN Lapretada zeramika proiektuaren arduraduna
Kurunkunetik gertu, ukenduz, olioz, eta aurpegirako eta ilerako beste hainbat produktuz inguratuta dago Veronica Garcia. Kosmetika ere izan daitekeelako artisautza. Olio esentzial eta begetalak, belar tradizional eta ayurvedikoak eta Bachen loreak erabiltzen dituzte Terain. «Bilbon denda daukagu, baina hara doanak jada ezagutzen gaitu; hemen, publikoa ugariagoa da, eta proiektua esplikatu behar diegu, haiekin konektatu». Jendearen nahien eta beharren ikuspegi orokorrago bat eskaintzen die azokak, Garciak nabarmendu duenez.
Eskuz, osorik
Eta azokak eskaintzen du, halaber, Eguberrietako oparien kezka konpontzeko helduleku bat. Gabonen sarrera moduko bat baita Euskal Denda, Hamarratz markaren arduradun Uxune Iparragirreren irudiko. Kolore alai eta deigarriz apaindutako koadernoz josia du postua; baditu sinpleagoak, tapa gogorrekoak, hilabetekariak... Eta baditu, nola ez, 2026ko agendak, euskara hutsean. «Denetik saltzen da», dena den. «Asko datoz agenden bila, baina baita oparitzeko gauzak erostera ere». Eskuz josi, moztu eta kolatzen ditu produktu guztiak, eta bera arduratzen da estalkien diseinuaz ere.

Lapretadaren zeramiketan ere agerikoa da artisauaren eskua; literalki, gainera. Susana Lopez de Munainek ez du tornurik erabiltzen ontziak egiteko, eskulan bidez ontzen ditu hasieratik bukaeraraino. «Tornua baztertzen dudanez, pieza bakoitza bakarra da; forma organikoak eta irregularrak izaten dituzte, eta, sarritan, islatuta geratzen da nola ibili diren hura landu duenaren atzamarrak. Horrek beste balio bat ematen dio». Ezaugarri bereizgarriak ditu-eta artisautzak.