Atzekoz aurrera

'Esporantzara' kondenatuta

Makal eta berandu hasi da onddo denboraldia aurten, baita Joandabertanen ere, lehen aleak agertzen hasi diren arren. Mikologoak klima aldaketak eragindako joera bat hasi dira antzematen.

Onddo bat, herenegun, Joandabertanen. ENEKOITZ TELLERIA
enekoitz telleria sarriegi
Joandabertan
2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esporak dira perretxikozalearen esperantza. Haien barreiatzea, eta haien gobernantza. Askok atera gabe dute oraindik iazko arantza. Esporarik ez da barreiatu, mizeliorik ez delako ernatu, eta halaxe dabil ondozalea: zalantza eta balantza. Mikologoek sartu dute, gainera, zaurian hatza: klima aldaketak halako ondorioak dakartza. Nola bota udazken zaporerik gabeko kronika triste bati gatza. Errimekin jokoak egitea da onddorik apenas topatu duenaren esporantza.

«Jendea, oraingoan, egia ari da esaten. Onddorik ez dagoela dio, eta ez dago. Ez dira ari eurentzat gordetzen. Ni mugitu naizen inguruetan, ez da ia onddoen arrastorik ikusten. Eta ez naiz ari jangarriei buruz bakarrik. Jangarriak ez diren horien arrastorik ere ez dago. Duela hilabete inguru-edo egon zen mugimendu txiki bat, baina orain ez da ia alerik ikusten», azaldu du Joxepo Teresek, Aranzadi elkarteko mikologoak.

Urretxa
Urretxak ('Russula cyanoxantha'), goroldio artean, Joandabertanen. ENEKOITZ TELLERIA

Joandabertan: zintzarrien dilin-dalana airean, eta hostoen kriski-kraska hankapean. Ihintza bai. Lehorra ere bai. Urretxak (Russula cyanoxantha) autotik bertan. Seinale ona. Behintzat, seinaleren bat. Iratzeen azpietan, goroldioaren berdeetan, eta txilarren zirrikituetan. Kale. «Eta urrian sartu gara. Eta duela bi aste inguru fundamentuz egin zuen euria. Eta halakoek mugitzeko behar izaten dituzte hamar egun, eta pasatu dira hamar egun», esan du Teresek. Zer gertatzen da orduan? «Beti esaten dugun moduan, benetako onddoak mizelioak dira, eta guk jasotzen ditugunak dira, nolabait, fruituak. Eta mizelioak lur azpian daude, eta horiek dira ikertu beharko genituzkeenak zer gertatu den jakiteko. Mizelio horiek oso sentikorrak dira, eta, hor nonbait, baldintza egokirik izan ez dutelako ez dira irten». Joan da iraila, iritsi da urria. Susmoren bat? «Badirudi badagoela joera bat: klima aldaketaren eraginez, onddoak orain beranduago irteten direla. Badaramatzagu horrela urte batzuk. Iaz ere hala izan zen. Eta aurten ere bai. Baina susmagarria da mugimendurik ez ikustea. Ea zer gertatzen den, eta joera hori berresten den».

Onddoa
Onddo irten berria ('Boletus reticulatus'), Joandabertanen. ENEKOITZ TELLERIA

Joandabertan: etsia hartzea ez da aukera bat. Jarri ongi belaunetakoa. Ez da mina, adina da. Ezaguna da errekastoa. Hartu gogoan aitak zioena: «Asko dagoenean, denek biltzen ditek. Gutxi dagonean biltzeak zeukak hemen meritua». Duda gehienak bihurtzen dira ziurtasun, denborarekin, eta alferrik igotako eta jaitsitako maldekin. Onddoa zirudiena orbela zen, eta orbela zirudiena onddo bihurtu da errekastoko murru berdean: Boletus reticulatus. Ale bat, eta pista asko. Hezetasun bila mugitu dira errekatxoetan behera, eta pendizetan daude zintzilik: Boletus edulis. Ale bat, bi ale, hiru ale, eta oroitzapen asko. Miruak pasean, eta tiro bakar bat, baina oso urrunean. Eguneko ederrena, pago baten magalean, goroldioaren besapean. Ezkorraren keria: saskirik gabe joatea mendira. Estreinakoz, saredun zakutxoan sartuta joan dira denak. Esporantzara kondenatuta.

Onddoa
Onddo eder bat ('Boletus edulis'), pago baten magalean, goroldio artean. ENEKOITZ TELLERIA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.