Bi minutu eta 21 segundo. Ziztu bizian zeharkatu dute Alvaro Nuñez ganadutegiko zezenek entzierroaren ibilbidea. Berez, azkarrago egin dituzte 875 metroak, gaur joaldunetako batek itxi egin baitu taldea eta hark markatu baitu azken denbora. Alvaro Nuñez ganadutegiak lehen aldia izan du Iruñean, eta sei zezenek tentsio uneak eragin dituzte estreinaldi horretan.
Ohi legez, multzoan hasi dituzte maldan gora lehen metroak, ibilbidea ondo ezagutzen duten joaldunen atzetik. Dena den, gaztaina koloreko zezenetako bat haien parean zihoan. San Domingoko aldapa amaituta eta Udaletxe plaza igarota, gaztaina koloreko zezen hori jarri da taldearen buru, eta oso azkar egin dute aurrera. Benetako arriskua Mercaderesko bihurgunetik aurrera sortu da. Gazte batek bihurgunerantz jo du, eta bigarren zihoan zezenaren adarrak oso gertu igaro zaizkio saihets ingurutik.
Gero, atzetik zihoan beste gaztaina koloreko zezen batek bihurgunea hartu eta eskuinerantz zuzendu du begirada, eta Estafetaren eskuinaldean egoten den jendearengana jo du, asmo txarrez. Oso gertutik igaro zaizkie adarrak pare bat korrikalariri, eta haietako baten atorra beltz zati bat katigatu zaio adarrean. Panpina bat balitz bezala arrastatu du hainbat metroz, bere indar naturalaren poderioz oihala hautsi den arte.
Estafetan aurrera, jendetza zegoen. Kalean aurrera, zezenek erdirantz jo dute; haietako batek, gainera, eskuinaldetik egin du bidea, eta hori oso arriskutsua izan ohi da. Kale erdian, Xabier karrikaren parean, eskuinetik zihoan zezenak estropezu egin du, eta, han geldi zeudenen zorionerako, aurrerantz egin du, anaien arrastoari segika.
Jendetzak dakar arriskua
Gaur ere jendetza zegoen inguruetan, eta, batik bat, lasterketa amaieran. Zezenek, ingurune arrotz horretan, lasterka segitu dute, eta masifikazioak berak ekarri du arriskua. Lasterketaren leku arriskutsuetako batean, Telefonicako zatian, jendea geldirik zegoen, eta, haien mesedetan, zezenek egoki hartu dute bihurgunea.

Gero, plazara jaisteko maldan, zezen batek adarrekin bulkatu du lasterkari bat, eta kolpe bortitza izan du erorikoan. Azkenik, plazan, gazte bati jotzeko imintzioa egin du zezenetako batek, baina ez da ezer larririk gertatu.
Gurutze Gorriak egindako lehen adierazpenen arabera, hiru ospitaleratu izan dira, horietako bat adarkatua. Espoz y Mina kalean artatu dute.