Komunikazioa

ETB1en 'Amerikanuak' dokumentala ikusi ahalko da gaur estreinakoz

AEBetara joandako artzain euskaldunen bizipen eta testigantza gazi-gozoek harrera ona izan dute aretoetan

Nacho Reige eta Gorka Bilbaoren Amerikanuak filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. BERRIA.
Donostia
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herritik Ameriketako Estatu Batuetara abiatu ziren, «maleta bizidunen» gisa, dirua irabazteko helburu bakarrarekin. Batzuk, itzulerako bidaia txartelik gabe. Ez dute, ordea, nortasuna galdu; Euskal Herri txiki bat eraiki dute, mahai inguruan etxeko hizkuntza, kultura eta oroipenak mantenduz.

Gorka Bilbao (Gernika, Bizkaia, 1974) eta Nacho Reig (Teruel, Espainia, 1969) zuzendariek negu gordinak, lan gogorrak eta nostalgiak baldintzatutako komunitate horren argazkia atera nahi izan dute, galdu baino lehen.

Dokumentalak 90 minutu irauten du, eta Nevadako Elko herrian bizi diren euskaldun etorkinen egunerokotasuna islatzen du. Alfonso Igoa, Pete Paris, Jose Yaniz Txapo eta Juan Juaristi Parrillas-en oroitzapenen bidez, lehenengo pertsonan idatzi dute artzainen istorioa; besteak beste, herrialde arrotz batean duin bizitzeko borroka eta urrutiko herrialde bateko kide izatearen sentimendua. Musika Gernikako Audience taldeak egin du. Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, harrera oso ona izan du zinema aretoetan ere. Gaur, ETB1en emango dute, 22:30etik aurrera.

Argazki hunkigarri eta hurbila

Dokumental batek beharrezko arima baldin badu, protagonistek ikuslea hunkitzea lortzen dutelako izaten da. Amerikanuak laneko protagonistak hezur-haragizkoak dira, benetakoak; konplexurik gabe hitz egiten dute. Ez daude gidoi nahasi batean galduta. Eta horretan datza dokumentalaren gakoetako bat. Nevadara joandako euskaldunekin identifikatzen da ikuslea; gertu sentitzen ditu. Euskal emigranteen ahotsak, elur maindireak estalitako paisaia eta Audience taldearen doinuak nahikoa dira kontatu beharrekoa kontatzeko.

Askea eta euskaraz sortua

Aurrekontu txiki batekin proiektu erakargarri bat egiteko modua ere badagoela erakutsi nahi izan dute ekoizpen honekin. «Xedea ez da izan gertaera historiko bat kontatzea, euskal diasporan garrantzi handia izan duen bizimodu bat jasotzea baizik», azaldu du Bilbaok. Irudi garbi bat bilatu dute, eta hor, Euskara izan da gakoa. Euskara hutsean filmatutako produkzioa da, «protagonistek euskara erabiltzen dutelako haien egunerokotasunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.