ETBko zuzendaritzak greba eskubidea urratu zuen 2010eko ekainaren 29an. Hala erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak. LAB eta ELA sindikatuek jarritako demandak onartu ditu auzitegi horrek.
Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen dekretuak eguneroko albistegiak bakarrik agintzen bazituen ere, ETBko zuzendaritzak ohiko programazioari ekin zion. Albistegiez gain, goizean Egun on Euskadi eta eguerdian Euskadi directo saioak eman zituen ETB2 kateak. Horrez gain, publizitate jarraitua eman zuen Euskal Telebistak.
EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du igande honetan ETBko albistegietan eta asteartean Egun on Euskadi-n eta Euskadi directo-n sententzian jasotakoa irakurri beharko dutela, tituluetan iragarriz. Hitzez hitz irakurri beharrekoa zehazten du sententziak. Hain zuzen ere, ETBk deitzaileen greba eskubidea urratu zuela egun horretan Egun on Euskadi eta Euskadi directo saioak programazioan sartuta eta publizitate jarraitua emanda. Eta, programa horiek ematearekin, Lan eta Gizarte Gaietako Sailak ezarritako zerbitzu minimoak gainditu zituela.
ETB1eko Gauberri albistegiarekin greba eskubidea ere urratu zela salatu zuten sindikatu abertzaleek, baina auzitegiak kasu horretan ez die arrazoia eman.
LAB sindikatuak ontzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia, aurrekari bat ezar dezakeelakoan: «Egindako kaltea honezkero konponduko ez badu ere, urtarrilaren 27ko greban berdin jokatu izanagatik salaketa berriaren bidean lagunduko digulakoa gaude». Are gehiago, ETBko azken hauteskunde sindikalak irabazi zituen sindikatuak adierazi du hurrengo grebetan «halako jokabiderik eraman nahi izatekotan» bide penala irekitzea aztertzen hasiak direla.
Komunikazioa
ETBk greba eskubidea urratu zuela erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak
Iaz, ekainaren 29ko greba orokorrean, 'Egun on Euskadi' eta 'Euskadi directo' eta iragarkiak eman zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu