Etengabeko energia Antartikan

NUPeko ikerlari batzuek energia elektrikoa sortu dute etenik gabe Antartikan, historian lehen aldiz, Lurraren barruko bero naturalari esker. Garatutako teknologiari esker, sumendiak monitorizatuko dituzte.

David Astrain, energia sortzeko erabiltzen duten tresnarekin, 'Adventum'-ekin. NUP
David Astrain, energia sortzeko erabiltzen duten tresnarekin, Adventum-ekin. NUP
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Antartikako Deception uhartea izan da, hemeretzi egunez, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Termikoen eta Fluidoen taldeko ikerlarien etxea. David Astrain Makina eta Motor Termikoen arloko NUPeko katedradunak, Leyre Catalan NUPeko Ingeniaritza Termikoko ikerlariak eta Miguel Araiz NUPeko Industria Ingeniaritzako doktoreak osatutako taldea goizero igotzen zen itsasontzi handi batera, eta lo egiten zuten kanpaleku nagusitik Antartikako itsaso izoztuan barrena eramaten zituzten. Ontziak izotz blokeak zeharkatu ezin zituenean, txalupa txiki batera igarotzen ziren, lehorrera iritsi arte. Hemeretzi egun horietan, historian lehen aldiz, Antartikan energia elektrikoa etenik gabe sortzea lortu dute ikerlariek Lurraren barruko bero naturaletik abiatuta.

Energia sortzeko erabiltzen duten asmakizuna Adventum izendatu dute, eta latinezko hitz horrek bi esanahi ditu: iritsiera eta abentura. Horiek izan dira, Astrainen hitzetan, Antartikaren misioaren oinarriak, eta duela hamar urte proiektua martxan jarri zutenetik egon dira hor sustraiak: «Berotik energia elektrikoa sortzen lan egiten dugu guk; nahiko energia berria da. Geologo batek idatzi zidan, gure ibilbidea ezagutzen zuelako, eta esan zigun gure proiektua interesgarria izan zitekeela sumendientzat eta, zehazki, Antartikarentzat».

(ID_13601815) (/EZEZAGUNA) nupargazkia2
Leyre Catalan, Miguel Araiz eta David Astrain ikerlariak, Antartikan. BERRIA

Antartikara joateko maletak prestatu baino lehen, gertuago zituzten sumendi batzuetan egin zituzten probak, Kanaria uharteetako Teide sumendian, batez ere. «Teide sumendiaren lurrak 80 graduko tenperatura du normalean, eta Antartikako giroa -10 gradukoa izaten da. Han jarri genuen lehen prototipoak astebete iraun zuen; asko ikasi genuen. Azkenean, lortu genuen funtzionatzea, eta hiru urte iraun zigun», azaldu du Catalanek.

Energia ekoizteko, ikerlariek Seebeck efektuko modulu termoelektrikoak erabili dituzte, bero geotermikoa energia elektriko bihurtzeko. Modulu horiek laukizuzen txikiak dira, eta beroa eta hotza behar dute energia ekoizteko. Lurraren beroak moduluaren alde bat berotzen du, eta lortu behar da beroa alde horretan bakarrik mantentzea; beste aldea Antartikako aireak hoztuko du. Lurretik lortzen den tenperatura beroa mantentzea «oso zaila» dela esan du Astrainek, baina haiek sortutako bero trukagailuei esker lortu dute tenperaturari eustea: «Bero trukagailuei esker lortu dugu beroa ongi garraiatzea, tenperatura galdu gabe. Moduluaren aurpegi batek ahalik eta beroena egon behar du horretarako, eta besteak, ahalik eta hotzena».

Modulu termoelektrikoek lortzen duten beroa elektrizitate bihurtzen dute, baina prozesu hori gertatzeko tenperatura aldea behar da: lurrak duen beroa eta giroak duen hotza. Antartika planetako lekurik hotzena da: neguan zero azpitik hirurogei gradura jaitsi daiteke tenperatura, eta etengabeko iluntasuna dago zenbait hilabetetan; beraz, eguzkian oinarritutako energia iturriak ez dira eraginkorrak. Baina beroa ere badu Antartikak: sumendiak. Sumendiek helarazten dituzten seinaleak interpretatzen ikasi dute ikertzaileek, fumarolak izenekoak. Euria egiten duenean, ura lurrean barneratzen da, eta bero dagoen leku batera iristen da; lurruntzen denean, ateratzeko leku bat bilatzen du, eta horiek dira fumarolak.

Antartikako sumendiak

Fumarolak ikustean sartzen dute 40 zentimetroko tresna, eta, horrekin, auto baten bateriaren erdia kargatzeko adina energia sortzen dute. Antartikako haizea kontuan hartuta, lehentasuna eman diote tresnaren sendotasunari, berehala apurtu ez dadin. Sortzen duten energia bero geotermikoa dagoen eremuetan bakarrik da posible, eta hori helburu nagusi batekin egin dutela esan du Catalanek:  «Ez dugu ahalik eta energia gehien sortu nahi; sumendiak zaintzen dituzten sentsoreak elikatzeko nahikoa dena bakarrik sortu nahi dugu». 

Geologoak dira sumendien zaintzaileak, eta haien egoera kontrolatzen dute erupzioak noiz egongo diren ikusteko. Baina, askotan, geologoen sentsoreak bateriarik gabe geratzen dira, eta, urte erdian eguzkirik ez dagoenez, ezin dute hortik energia lortu. Adventum tresnak ireki die bidea, energia etengabe sortzen baitu. Horri esker, gai izango dira sumendien egoera segituan kontrolatzeko eta, beharrezkoa izango balitz, gizartea ohartarazteko. «Munduko biztanleen %10 sumendi aktibo batetik gertu bizi dira, eta sumendi guztien %30 soilik daude monitorizatuta, hornidura elektrikorik ez dagoelako. Energia horri esker, sumendiak kontrolatzeko behar diren sentsoreak hornitzen ditugu», azaldu du Catalanek.

NUPeko taldeak garatutako teknologiak aukera eskaintzen du sumendien jarduera zuzenean monitorizatzeko, eta horrek irlako azterketa geologikoa eta sumendien zaintza hobetuko ditu. Sorgailu termoelektrikoari esker, geologoek urte osoan eduki ahal izango dituzte sumendien datuak, baita negualdian ere. Astrainek esan du oraindik «lan handia» dagoela egiteko, baina «etorkizun oparoa» aurreikusi du: «Beste sumendiekin erabil daiteke, eta horrek gizartearen segurtasuna areagotzen lagunduko du, aurrez jakingo baitugu sumendien erupzioen berri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.