«Banator!» esan, eta eskaileretan behera jaitsi da Laida Begiristain, Lazkaoko (Gipuzkoa) Maizpide barnetegi eta euskaltegiko zuzendaria. «Zer moduz goizeko txangoa?», galdetu die harreran topatu dituen ikasleei; Txindokin izan dira, egunsentia ikusten. Badira urte batzuk ohitura hori hartua dutela. «Ontsa, eskarmentu oso polita!», erantzun dio Meloe Lecordier ikasleak.
20 urte ditu Lecordierrek, eta baionarra da. Irailetik dago Maizpiden, euskara ikasten. Hutsetik hasi zen, A2 mailatik, eta bederatzi hilabeteren buruan C1 mailako gelan dago. «Iparraldean beka bat jasotzen dugu EEPren bidez, eta diru laguntza ematen digu. Normalki, gutxienez zazpi hilabete egiteko izaten da, baina, nire kasuan, urte bat eginen dut. Maizpide ezagutzen nuen, zeren eta aita hona etorri zen duela urte batzuk. Nire asmoa zen euskaraz hitz egitea», azaldu du.

«Eta nik baino hobeto hitz egiten du!», esan dio albotik Roque Landa ikaskideak. Mendarokoa da (Gipuzkoa), eta Foru Aldundiko langilea. Haren lankide bat Maizpiden izan zen duela hogei urte, eta kontatu zionez oso gustura egon zela, galdutako euskara berreskuratzeko asmoz joan da barnetegira: «Ia ahaztuta neukan, lagunekin-eta dena erdaraz egiten nuen, betikoa... 60 urte ditut, eta gutxi falta zait [erretiroa hartzeko]; aspaldi erabaki nuen 60 urterekin esperientzia hau biziko nuela, erronka moduan».
Lecordierrek ez du ahaztuko Maizpiden emandako lehen eguna: «Gogorra izan zen. Hitz bakarra nekiela etorri nintzen: ontsa. Baina ez nekien zer zen zer moduz. Horregatik pentsatu nuen esatea: ‘Iepa, ontsa?’. Baina haiek ez zekiten zer zen ontsa... Pentsatu nuen bakarrik bi aste eginen genituela, baina azkenean segitu nuen, eta eskerrak, ze hemen asko ikasten duzu. Zerotik C1era pasatzea, ongi da, pentsatzen dut [barrez]».
«Hasiera gogorra izan zen. (...) Pentsatu nuen bakarrik bi aste eginen nituela, baina azkenean segitu nuen, eta eskerrak, ze hemen asko ikasten duzu»
MELOE LECORDIERMaizpideko ikaslea
Nor bere testuinguru soziolinguistikotik heltzen baita barnetegira. «Etortzen den jendea askotarikoa da, bakoitzak oso behar ezberdinak dauzka», azaldu du Iñigo Igartzabal irakasleak: «Hemen ez daude beren terrenoan, etxetik kanpo daude, eta nik uste dut horretan Maizpidek, eta baita herritarrek ere, laguntzen dutela: Mintzalaguna dela, dendara joaten direla...».
Ados dago Begiristain ere: «Hemengo langileok oso barneratuta daukagu gure ikasleek izugarrizko esfortzua egiten dutela, arlo askotan: inbertsioa da denboran, ekonomikoki eta abar. Eta, irakasteaz gain, ia-ia etxean bezala sentiarazi behar ditugu; saiatzen gara jendea eroso sentiarazten eta gertutasun hori erakusten. Ez euskara irakasten bakarrik».
Euskaraz bizi
«Euskara ikasi ez ezik, euskaraz biziko zara», diote Maizpideren webgunean. Eta halaxe berretsi du Igartzabalek. «Hemen [barnetegian] pasatzen dute eguna, 09:00etatik 18:30 arte. Baina, gero, atera, eta herritarrak bertan dauzkate; etengabeko Euskaraldian bizi dira. Lazkaotar batek oso azkar nabaritzen du zein den Maizpideko ikaslea. Ez dauka inongo txaparik jarri beharrik». Sinonimoak praktikatuz baietsi du esandakoa Landak: «Hori argi dago, zalantzarik gabe gainera, dudarik gabe».
«Euskaraz ez dakitenei esango nieke sekula ez dela berandu, eta ez dagoela ezer zaila bizitza honetan»
ROQUE LANDAMaizpideko ikaslea
Askok bertan ikusi dute benetan posible dela euskaraz bizitzea, zuzendariaren hitzetan: «Gauza asko egiten dituzte, baina ikasi edo ikusi behar dute euskara ez dela komunikatzeko bakarrik, edo azterketa bat pasatzeko. Euskaraz ere ibil daitezkeela poteoan, antzerki bat ikusi eta abar. Nik uste dut jende askok hori hemen deskubritzen duela; izan ere, Goierrin errealitate paralelo batean bizi gara, eta honek balio die ikusteko euskaraz beste gauza asko egin ditzaketela».
Kamuflatu ere egiten dira tarteka, ordea. Bizi izandako pasadizoez galdetuta, kontatu dute anekdotak ez direla nor-nori-nork deklinabidea ikasiz bakarrik gertatzen. Ostegun bat du gogoan Lecordierrek: «Nire pintxo-pote onena izan zen. Ez dakit nola edo zergatik, baina tabernari gisa bukatu genuen. Laurak arte. Giro oso beroa, eta denok elkarrekin. Eroso sentitzen zara, biziki ontsa. Askotan gertatzen da: hemen jendea biziki hurbila da».

Herriak aukera ematen baitu euskara ikasteko, baina baita ostiraletan kantu jiran parte hartzeko, liburu aurkezpenak eta musikarien elkarrizketak aditzeko, eta herriko haurrekin jolasak egiteko ere. «Hemen ez ditugu euskararen tripak bakarrik erakusten, baizik eta baita euskal kultura ere, ohiturak... eta mitologia ere bai, adibidez, Ataun [Gipuzkoa] oso gertu izanda. Bakoitzaren herrietara joan baino lehen badaukate aukera euskara praktikan jarriz hori guztia egiteko. Lazkaotarrek asko laguntzen dute horretan».
Gainera, berdinetik berdinera aritzen dira guztiak, jatorria, adina, lanbidea, generoa dena delakoa izanik ere. «Hona mediku bat etorri, ministro bat, alkate bat edo edozein, denak daude kuarto berean, denok daukagu gela berdina, jangelan mahai berean jartzen gara... Hemen ez dago hierarkiarik», esan du Landak. «Bai, hizkuntzak berak ere bere lekuan jartzen du bakoitza: nahiz eta ez-dakit-zer titulu edo kargu izan...», berretsi du Igartzabalek.
Erronkak
Denbora da datu soziolinguistikoek ohartarazi zutela euskararen jakintza handitu dela, baina halere erabilera ez dela areagotu. Gaur-gaurkoz, ordea, sistemak ez du bermatzen ikasleak euskara maila jakin batera heltzea ere. Hortaz, Euskal Herriak oro har dituen erronkak dira Maizpideren erronkak, zuzendariaren irudiko: «Esango nuke erronka handiak direla, gizartea asko aldatu baita, eta oso azkar. Kristoren eraldaketa bizitzen ari gara, alderdi sozioekonomikotik, adimen artifizialak izango duen eta izaten ari den eraginagatik, Euskal Herriak orain arte bizi izan ez duen migrazio prozesu handi baten parean egoteagatik...».
Euskarak aurrera egin eta bizirik iraun dezan, beharrezkoa izango da horri denari erantzungo dion formula bat bilatzea, eta Maizpidek badu erantzukizunaren parte bat. Baina horri ezin dio Maizpidek soilik aurre egin; «sinergiak eta adostasunak lortu» behar dira, denak noranzko berean lan egiteko, erantzukizuna «sistema osoarena» baita, ez soilik Maizpiderena. Esate baterako, 1982koa da euskararen erabilera normalizatzeko legea, eta «zaharkituta» geratu da, Begiristainen hitzetan.
«Hemengo langileok oso barneratuta daukagu ikasleek izugarrizko esfortzua egiten dutela zentzu askotan; irakasteaz gain, ia-ia etxean bezala sentiarazi behar ditugu»
LAIDA BEGIRISTAINMaizpideko zuzendaria
Euskaltegien sektoreak behin eta berriz eskatutakoak ere aipatu ditu: doakotasunaren eta unibertsalizazioaren beharra. Aurrerapauso batzuk eman direla onartu du, maila batzuetan euskara ikastea doakoa denez gero. Baina oraindik urrun daude haiek eskatutako baldintzetatik, «letra txikiari» erreparatuz gero badaudelako «trabak»: ikasleek diru kopuru bat aurreratu behar izaten dute, ordu kopuru jakin bat soilik ikasitakoan balio die diru laguntzak... «Eta hori hemen, Euskal Autonomia Erkidegoan; zer esanik ez Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian...», osatu du Igartzabalek.
Hain justu, baliabideak eskatu ditu Igartzabalek, eta hizkuntzaren auzia politikoa dela nabarmendu: «Benetan gogoa baldin badago, baliabideak-eta beste modu batean kudeatuta, egin daitezke gauzak hemen. Pentsa, Maizpiden aukera baldin badago, Meloeren kasuan bezala, bederatzi hilabetean jendea euskaldun oso bihurtzeko ez, baina bai bideratzeko...».
«Hemen ez ditugu euskararen tripak bakarrik erakusten, baizik eta baita euskal kultura, ohiturak eta mitologia ere»
IÑIGO IGARTZABALMaizpideko irakaslea
Duela gutxi izan zuten Maizpideren sorrerarekin lotutako hitzaldia, eta orduan entzundakoa kontatu du irakasleak: «Marian Bidegainek eta Nekane Otaegik [Maizpideko sorrerako irakasleak] esan zuten hasierako helburua zela Maizpide ixtea. Euskal Herria euskaldundu zen seinale izango zelako hori». Urrun ikusten dute hori oraindik, ordea, hizkuntzak hamaika erronka baititu oraindik.
Bien bitartean, hizkuntza zaila dela esaten dutenei mezu positiboa zabaldu die Landak: «Nik esango nieke sekula ez dela berandu, eta ez dagoela ezer zaila bizitza honetan. Azkenean, mentalizatu egin behar dela, gogotsu hartu, animatu eta etorri». Maizpidek ateak zabalik hartuko ditu guztiak. «Gure txikian, gure eragiteko gaitasunarekin, saiatzen jarraituko dugu», esan du Igartzabalek. Euskal Herri euskalduna lortu artean, etengabeko Euskaraldian bizitzeko leku bat egon dadin.