Iraeta jatetxeko nagusia izandakoa

Miren Etxeberria: «Etxe honetan zentral elektriko bat eta errota zeuden. Iraeta jatetxekoak ez: gu errotakoak gara»

Zestoako Iraetan izen bereko jatetxe bat dago, eta Miren Etxeberria hango nagusia izan da urte luzez. Balentziagarentzat lan egin zezakeen, baina etxean geratu behar izan zuen. Gustura dago, baina, bizitakoarekin. «Beti esaten dut: Mirakontxan ni ez!».

Miren Etxeberria, Iraeta jatetxeko barran. JON URBE / FOKU
Miren Etxeberria, Iraeta jatetxeko barran. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Zestoa
2026ko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zumaiatik Azpeitirako bidean (Gipuzkoa), Zestoako herrigunera iritsi baino lehen, Iraeta auzoa dago. Handik pasatzen zen Urolako trena, eta handik pasatzen da eskualdea lotzen duen autobusa. Horregatik, inguruko auzoetakoek bertarako joera handia izan dute betidanik: Arroa Goikotik, Ibañarrietatik, Aizarnatik… Eta halako erdiguneek beti dituzte elkarguneak. Iraetan denak daude ondo-ondoan: autobus geltokia, frontoia, eliza, eta garrantzitsuena: Iraeta jatetxea.

«Ibañarrietan kristoren etxeak egiten ari dira... Aurrean itsasoa, atzean mendia. Hantxe bizitzeagatik ez dakit zer egingo nukeen...», esan du, barrez, Miren Etxeberriak (Zestoa, Gipuzkoa, 1948). Nekez joango da, baina, jaiotetxetik. Errota deituriko etxean pasatu du bizitza osoa, eta urte luzez gidatu du bertan dagoen Iraeta jatetxea, senarrarekin. Semeari pasatua dio lekukoa, baina ez da urruti ibiltzen.

Miren Etxeberria, Iraeta jatetxeko sarreran. JON URBE / FOKU
Miren Etxeberria, Iraeta jatetxeko sarreran. JON URBE / FOKU

Jatetxean sartu orduko, bisitaria harrituta geratzen da paretei begiratuta. Bertan, argazki zahar ugari ditu: pilotariak, futbolariak, familiako argazkiak… Eta apaletan, berriz, antigoaleko elementu ugari daude: balantzak, aitzur txikiak, irratiak, maletaren bat, ontziak… Eta Pio Barojaren Zalacaín el Aventurero liburuko (1909) pasarte bat ere ikusgai dute: «Iraetako bentan, zubitik gertu, afaltzera geratu ziren».

Inguruko legatzik onena jateaz gain kontalari bikain batekin topo egin nahi duenak badaki nora jo.

Miren, hemen pasatu duzu bizitza osoa, ezta?

Hemen jaio naiz, aita hemen jaio zen, eta aitona eta haren arreba etorri ziren hona: aitona, morroi, eta arreba, markesaren etxera neskame. Iraetako Txikito pilotariaren ama izan zen. Aitona hemengo batekin ezkondu zen, eta hemen geratu ziren. Etxe honetan zentral elektriko bat eta errota zeuden. Horregatik gara errotakoak: Iraeta jatetxekoak ez, gu errotakoak gara.

Hemen errota zegoelako.

Eta badago. Denarekin erosi genuen senarrak eta biok. Makineria hor dago, besterik ez. Diputazioko bi etorri ziren. «Kaixo, egun on! Hemen errota, eta zentral elektrikoa hor, ezta? Diputaziotik gatoz. Makineria dena ateratzen baduzue...». Pentsa: jangela dena bota, etxea bota... «Ateratzen baduzue, Legazpin edukiko zuen lekua...». Gizona orain dela bi urte hil zitzaidan San Tomas egunez, alboko esklerosi amiotrofikoaren moduko batekin; zera esan zien: «Zuek jaungoikoarekin ez duzue sinisten, e... Alde hemendik!» [barrez].

Zuk ondo zainduta edukiko duzu...

Bai! Aizarnara bidean ere badago beste bat, gurea bezalakoa, Granada zuloan.

Noiz arte funtzionatu zuten etxe honetako errotak-eta?

Nik ezagutu dut errota martxan, eta barruan ibili ere askotan. Gero Iberduero sartu zen. Ur gutxi zegoenean, ur gutxi zegoelako; ur asko zegoenean, ur asko zegoelako. Udalarena zen berez, baina hor gelditu ziren. Gero Iraeta dena saldu zen. Abuztuan etortzen da Zarautzen etxea daukan Madrilgo idazle bat. Urtetan etortzen da. Behin nirekin hitz egin behar zuela esan zidan: «Iraeta urtea bukatu baino lehen salduko da». Markesaren laguna zen; harena zen Iraeta osoa. Zarautzen badago, ba, jauregia? Horrena. Granadako dukeak dira. Fabiola de Mora y Aragon bazen, ba? Familia hori. Uste dut Mutriku erdia harena dela, eta hau dena halaxe zen.

Ez dira hemen bizi, noski.

Madrilen. Aita hilda zegoen, ama ez zen etxe honetan jaioa, eta niri saldu zidaten. Maiorazkoaren legea. Den-dena saldu ziguten; badira 21-22 urte. 

Eta noiztik egon da jatetxea hemen?

Pio Barojaren liburuan agertzen da... Pentsatu noiztik! Gure aitita-eta nazionalistak ziren, peto-petoak. Bi seme, 18 eta 19 urtekoak, Balaguerrera [Herrialde Katalanak] joan eta bat bakarrik etorri zen: aita. Liburu bat egin dugu Zestoan; han nago ni ere. Estankoa ere bazen hemen, baina kendu zieten.

Gerra bukatu eta gero.

Bai, gerra bukatu eta gero. Balioa zeukan dena Zestoako batzuek hartu zuten. Nik izen-abizenekin idatzi dut liburuan; ez didate gehiago aurpegira begiratu. Ez dit batere inportarik. Francoren garaian kendutakoak berreskuratu zitezkeenean, aitak ez zuen nahi izan. Familia asko egon dira izorratuta hemen. Semeak topatua du zer kanposantutan dagoen gure osaba: Joseba Etxeberria Erkizia. Euskaldunen hobi komun batean dago; behintzat badakigu han dagoela.

«Abuztuan etortzen da Zarautzen etxea daukan Madrilgo idazle bat. Behin esan zidan: 'Iraeta urtea bukatu baino lehen salduko da'»

Eta zuk nolako haurtzaroa eduki zenuen?

Hemen bizi ginen: ama, sukaldean, eta aitak bi tailer zeuzkan. Amari lagundu behar izaten genion bazkariak zerbitzatzen; lotsa ematen, eta galtzerdiak kendu [barrez]. Josten beti izan naiz zalea. Donostian, Ategorrietan aititaren arreba bat bizi zen, eta harekin hasi nintzen josten ikasten. Gainean bizi zuen Balentziagaren enkargatu bat; Justina, nafar bat. «Miren, zergatik ez duzu titulua ateratzen?». Ni Balenciagako ebakitzaile ofiziala naiz: patronajea ikasitakoa. Erromara joan behar nuen praktikak egitera. Aitak eta amak jarri zidaten aurpegia... Beste bi anaia neuzkan unibertsitatean, eta Erromaz ahaztu nintzen. Ez nintzen joan, eta etxean geratu nintzen. Gero, etxea niri saldu zidaten. Konpentsazio batzuk izan ditut: hemen egin dut lan, hemen atera dut bizimodua gizonarekin.

Miren Etxeberriak bildutako antigoaleko gauzak. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Miren Etxeberriak bildutako antigoaleko gauzak. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Zure kasa segituko zenuen josten...

Balenciagareneko enkargatuak esan zidan oso ondo etorriko zitzaidala dekoraziorako. Patronajean zehaztasunak garrantzi handia du. Osaba bat erdi txatarreroa nuen, eta aitzur txiki hori ekarri zidan [apal batean du]; barrikaren barruak egiteko dira. Orduan, antigoaleko gauzen mundua ireki zitzaidan, eta haien bila aritu naiz, Armagnacen eta denean, e!

Halakoz beteta daukazu. Nondik lortuak?

Zaborretatik hartuak, etxekoak eta erositakoak.

Irratiak, plantxak...

Santo Domingo de la Calzadan etxea dugu, eta Logroñon jaiero antigoaleko gauzen azoka egiten da. Nire gizonak bazekien jai eguerdia niretzat zela; beste dena beretzat, baina horixe niretzat. Eta behin lau bikote joan ginen Armagnaceko azokara. Gizonak baldintza bat jarri zidan: «Ezagutzen zaitut: Visa etxean, mesedez». Nik ekarriko nituen handik trailerrak, trailerrak eta trailerrak... Hemen igeltsero ibiltzen ziren batzuek ekartzen zizkidaten teilatuak egiten topatutakoak; dirua ez, baina botila ardo ederren bat ematen nien.

Hemen badituzu batzuk.

Bai, hemen diru pila ederra dago zeratuta. Ardo onak daude hemen; etxea ez dugu sekula bakarrik lagatzen. Pisu hori ere teilatu batetik ekarritakoa da [beste apal bat seinalatu du].

«Ni Balenciagako ebakitzaile ofiziala naiz: patronajea ikasitakoa. Erromara joan behar nuen praktikak egitera, eta etxean geratu nintzen»

Zerk ematen dizu poz handiagoa: hauek lortzeak edo edukitzeak?

Edukitzeak. Eta garbitzeak!

Badauka lana...

Bi hilabetetik behin egun bat pasatzen dut. Kobrezkoak belztu egiten zitzaizkidan, eta Bilbon aurkitu genuen irtenbidea. Jaietan gizona eta biok nonbaitera joaten ginen, baina kapitalera [Donostiara] ez, eta Bilbora gutxiago... Behin! Behin, Bilboko El Corte Ingleseko trajea gustatu... «Xanti, datorren astean Bilbora eramango al nauzu?». Nik txofer ez egiteagatik. «Bai!». Autobidean joango gara, eta ez nau ba Iruñeko El Corte Inglesera eramango Bilbora ez joateagatik! Nahiago hark... Begira, han dago otxotean kantatzen [argazki bat seinalatu du]. Zumaiarra zen, eta hango abesbatzak gidatzen zituen. Otxoteak prestatzen zituen; baritonoa zen, eta Easo abesbatzarekin ere aritu izan zen. Ona zen! 

Eskuineko argazkian dago Etxeberriaren senarra zena, Xanti Goikoetxea. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Eskuineko argazkian dago Etxeberriaren senarra zena, Xanti Goikoetxea. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI
Eta noiz hartu zenuten jatetxeko gidaritza?

Amak erretiroa hartu zuenean. 49 urte egin ditu San Sebastian bezperan.

Bizitza osoa barraren alde berean pasatu duzu. Beste aldea asko aldatu da?

Bai… Ene!

Nolakoa zen hasierako garai hura?

Ederra. Niri hori falta zait. Iluntzero bost bat edadetu etortzen ziren, eta porroi txikia hartzen zuten. Haiekin hizketan ibiltzen nintzen, egunero-egunero. Barre… Gure gizonak zera esaten zidan: «Egunen batean lehertu egingo zara!». Gustura egoten nintzen haiekin. Orain ez dago giro hori. Enpresariekin beti egin dugu kutxa, eta haiekin ez, baina ni desiratzen egoten nintzen iluntzea iristeko: haien goxotasuna, haien izateko posturak-eta… Orain ez dago hori.

Hemendik auzo osoa pasatu da!

Beti. Bat bazen zubia pasatuta han bizi zena. Gure amak esaten zion: «Sabino, kontuz joan, e!». Egunero. «Egon hadi, Tomasa. Kantatu egin behar dinat…», hasten zen: «Ttanttan bat edanez gero, begiak dir-dir, zer egin behar det nik…» [kantatu egin du]. Horrela agurtzen ginen egunero; orain, ahaztu zaitez horrekin, eta falta nabari dut. Orain txikitorik ez dugu ematen…

Bazkariak.

Hori da: dena kartara. Dena beteta edukitzen dugu enpresariekin. Aurrekoan, Eusko Jaurlaritza osoa. PPko bat etortzen zait abuztuan; telebistan azaltzen da, tertulietan-eta. Ba, jatorra da. «Zer moduzkoa?», otorduaz. «Mundiala». Zarauzko udatiarrak urtero etortzen dira.

«Iluntzero bost bat edadetu etortzen ziren, eta porroi txikia hartzen zuten. Haiekin hizketan ibiltzen nintzen, egunero. Barre…»

Zuk zeuk ere asko bidaiatu duzu.

Gu Europa osoan ibilita gaude! Bielorrusian eta Errusian izan ezik, denean: Donostiako Orfeoia eta Reala ikusten. Haiei segika ibiltzen ginen. Hanburgon Europako finalerdia? Hantxe izan ginen.

Gaiez aldatuz, Miren: zer du zuen legatzak?

Ondo egitea. Arrautza eta irina. Punto. Hemen legatzak egin ditugu… Ja ez dut jaten. Arrautza frijitua nahiago.

Zer dago zuen kartan?

Arrain asko. Gaur Nafarroatik zainzuri freskoak ekarri dizkidate, alkatxofa freskoak… Zizak ere bai. Sasoiko janaria. Ardoan dagoen inbertsioarekin dago jendea harrituta; jendeak edan egiten du.

Ostalaritzan lan eginda oso ondo ikasten da jendea nolakoa den, ezta?

Hara! Ehuneko ehunean.

Psikologo lanetan ia?

Guztiz. Ni eta ama. Denetik dago: zuk badakizu zeinekin duzun edozeren gainean hitz egin beharra edo zeinekin egon behar duzun isilik. Psikologo lana egiten dugu ia. Lagunak ere egin ditugu, e! Edozertarako laguntzeko daudenak. Horixe da gure bizimodua.

Gustura zaude eduki duzunarekin?

Bai, eta eduki dudan gizonarekin. Mundiala.

Semeari pasatua diozue lekukoa.

Esan genion: «E! Errioxara goaz!».

«Lagunak ere egin ditugu, e! Edozertarako laguntzeko daudenak. Horixe da gure bizimodua»

Hala ere, hemen inguruan ibiltzen zara…

Hiruretan gora joaten naiz. Amak nire bi semeak Errioxan hazi zituen udaro. Badakizu zer askatasuna zen guretzat? Orain gu bilobekin joango gara. Badaukat gogoa han bakarrik gelditzeko, nire gizonarengan pentsatzen. Harekin egoteko. 49 urtean 24 orduan elkarrekin egin dugu lan. Onak eta txarrak. Bizimodua horrelaxe egin dugu: horrelaxe ohitu gara. Nik beti esaten dut: Mirakontxan ni ez!

Baina Ibañarrietako etxe horietan…

A, bai. Haietan bai. Leiho batetik itsasoa, eta bestetik mendia. Baina hemen gustura bizi gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA