Etxegintza irauliz

Eraikuntza eredua aldatuz, sistema industrialaren bidez eraikitako etxebizitza familiabakarrak Euskal Herrira ere hedatu dira. Hiru hilabetean, bizitzera sartzeko prest.

Irudian, Foraster eta Decons enpresek diseinaturiko etxe bat. BERRIA.
Bilbo
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Gizartea aldatuz doan heinean,eraikuntza eredua aldatu egin da. Gutxika-gutxika bada ere, badirudi eraikuntza eredu tradizionala aldatzen hasia dela Euskal Herrian. Horren adibide dira Decons eraikuntza enpresa eta Foraster arkitektoen estudioaren etxebizitza familiabakarren proiektua. Ideiaren berrikuntza nagusia da etxebizitzak sistema industrialaren bidez eraikitzen dituztela.

Etxeak eraikitzeko prozesu berritzaileak hainbat onura dituela azaldu du Jokin Artetxe Deconseko eraikitzaileak. Batez ere, esparru bitan aurrezten dute erosleek, 10 hilabetetik hirura murrizten da eraikitze prozesua, eta kostuak %25 arte murrizten dira, eskulana dela eta. «Prezioa obra hasi aurretik badakizu, eta, behin proiektua onartu ondoren, ez dago diseinuan aldaketarik egiterik». Normalean, 80 eta 200 metro koadro artekoak egiten dituzte, baina denetik dago. «30 metro koadroko etxetxoa egiteko ere eskatu digute, lorategirako».

Urtebete pasatxo daramate ideia horretan lanean. Etxebizitza familiabakarrak egiten zituen. Merkatua aztertu ondoren, ideia hori oso ona iruditu zitzaien.Euskal Herrian proiektua aitzindaria den arren, Europan eta AEBetan urte askoan daramate eraikuntza eredu hori lantzen. «Bezeroa aldatzen ari da, eta guk horretara moldatu behar dugu».

Hiru hilabetean eraikita

Etxe prefabrikatu eta industrialak ez direla gauza bera azaldu du Artetxek. «Guk eraikitzen ditugun etxeak ez dira aurrez egindakoak. Horrelakoetan, diseinua aurrez finkatuta egoten da, eta etxe eredu bat aukeratzen du erosleak». Sistema industrializatuan, ordea, etxeak eroslearen gustuaren arabera diseinatzen dituzte, pertsonalizatuak dira, harrizko hormak, beirazkoak, adreiluzkoak... Arkitektoen lana sartzen da lehen fase horretan. «Etxe prefabrikatuak, berriz, plano berberarekin mila etxebizitza egiten dituzte. Industrialen kasuan ez, bezero bakoitzak bere neurrira egindako etxea du», azaldu du Jose Ramon Forasterrek, Foraster arkitekto estudioko arduradunak.

Lehenengo eta behin, diseinua egiten dute arkitektoek. Bezeroen oniritzia eta aldaketak jaso ostean, Asturiasko (Espainia) fabrika batera eramaten dute etxebizitzaren proiektua. Hiru hilabete inguruan eraikitzen dute etxebizitza 50.000 metro koadroko fabrikan, hainbat modulutan, eta, guztiak bukatuta daudenean, lursailera eramaten dituzte kamioietan. Bitartean, zimenduak ezartzen dira hautatutako eremuan; argia, ura... Bukatzeko, egun bakarrean egiten dute muntaketa guztia. Langile guztiak batera egiten dute lan, eta asko azkartzen da prozesua. Teknikariek moduluak batzen dituzte, horizontalki zein bertikalki. «Oso ikusgarria izaten da, etxe bat sortzen ikustea hain denbora gutxian. Hurrengo egunean bizitzera sartzeko prest dago etxea», adierazi du Artetxek.

Azkarragoa izateaz gain, eraikitze prozesua «ekologikoki askoz ere iraunkorragoa» dela adierazi du Artetxek. «Obra egiten den bitartean ez da hondakinik sortzen, eta kutsadura akustikoa zein ingurumenarena ere saihesten dugu honela».

Gehien lantzen ari diren eremua Mungia (Bizkaia) ingurukoa da; uztailaren amaierarako, Mungiako La Bilbaina urbanizazioan 140 metro koadroko etxebizitza bat eraikitzea dute aurreikusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.