Jaiak

Euriak ere ahaztu du bidea

Lepo bete dira Armentiako zelaiak eta haren inguruko salmenta postuak. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
aitor biain
2023ko apirilaren 28a
16:49
Entzun

Esan izan da bide guztiak Erromara doazela, baina Gasteizen, San Prudentzio egunez, bide guztiek Armentia dute helmuga. Erromesen pare, tropelka zihoan jendea goizeko lehen orduan Sendako ibilbidean aurrera. Norabide bakarrean zihoazen gehienak, hegoalderantz; baina, bazen kontrako bidean zihoanik ere. Gutxi batzuk baino ez ziren, dena den. Eduardo Gonzalez zen horietako bat. «Goizean goiz lehen osteratxoa egitea gustatzen zait; ez da eguerdiko jendetzarik egoten, eta erosoa da erosketak egiteko». Mañeko gozotegiko poltsa zeraman eskuetan. Euskal pastela eta erroskillak erosi zituen.

Carmenek ere ongi ezagutzen du bidea, egunero egiten baitu ibilian-ibilian. Apirilaren 28an, ordea, bidea bera izanagatik ere, joan-etorriak beste xarma bat izaten du. «Gaur bezalako egunetan, gozoagoa izaten da», zehaztu zuen, barrez, poltsa bete gozo eskuetan zeramala. Ez da gutxiagorako, hiriaren erdigunea eta Arabako zaindariaren omenezko baselizaren arteko hiru kilometroko bidea egiteak «bekatua» izaten baitu sari San Prudentzio egunean: talo, sagardo eta pastel itxurako bekatua. «Ospakizunerako eguna da eta!».

Horregatik, akaso, batzuek mezetarako bidea egiten dute aurrena. Badaezpada, zaindariari bisita egitea lagungarri izango zaielakoan. Beste batzuk ohiturari jarraituz joaten dira baselizara, agintariak bezala. Eta, hain zuzen ere, horixe gogorarazi zioten protestan ari ziren Tuvisako langileek hauteskunde giroan murgilduta zeuden politikariei: haietaz eta haien lan baldintzez ez ahazteko. Edonola ere, jendetza bildu zen basilika inguruan beste urte batez.

Zintzurrak eta larreak, idor

Salmenta postuak txukun-txukun jarrita zeuden ordurako, eta jende oldea noiz bilduko zain ziren denak. Jakin baitzekiten erosle goiztiarrak salbuespenak direla, eta gehienak eguerdirako bertaratzen direla. Pozik eta irrikaz zeuden denak, halere, urteko salmenta egun garrantzitsua izaten baita Armentiako azokakoa. Hala aitortu zuen Ekaitz Otxoak, Gorbeialdeko gazta saltzaileak: «Nik ezagutzen ditudanen artean, gehien saltzen dugun egunetakoa izaten da gaurkoa guretzat. Beraz, espero dugu aurten ere ongi joatea dena».

Diru kutxa betetzen hasiak zirenak Goierriko talogileak ziren. Lehen ordutik ilararik luzeena zuen janari postua zen haiena; dozenaka lagun zeuden zain, eguzki galdatan, haien txanda noiz iritsiko. Izan ere, goizak aurrera egin ahala, gosea nabari zen bertaratutakoen artean. Joseba Ramirez de Maeztuk eta Malen Goikoetxeak, hain justu, ez zuten zain egon nahi izan, eta nahiago izan zuten ondoko talogileei erosi. Baselizaren aurreko berdegunean eseri ziren, sagardo edalontzi banarekin, mokaduaz gozatzeko. «Sargori honekin zintzurra ere erraz lehortzen da eta!». Zerua ez zen guztiz oskarbi eguerdian, baina bero egiten zuen.

Armentiako zelaia berde zegoen, dotore, egun handirako xehe-xehe moztuta. Ez zen lehortearen zantzurik ikusten bertan. Perretxikozaleek, ordea, nabaritu zuten basoak ihartzen hasiak direla. «Lehorte handia dago; espero dezagun datorren astean euria egitea, eta kanpainari behar bezala ekitea», azpimarratu zuen Lolak, Delicias del Bosque perretxiko saltzaileak. Arabako perretxiko kiloa 46 euroan zuen salgai.

Larreak ere behar baino idorrago daude garaiotan, Gorka Flores Arbizuko (Nafarroa) Poxtiñeneko gaztagileak nabarmendu duenez. Eta horrek eragin zuzena du hark ekoizten dituen produktuetan: «Ganaduak jateko gutxiago duenez, guk ere esne gutxiago biltzen dugu». Pentsuaren kostuak ere nabarmen igo zaizkie azkenaldian, eta, ondorioz, hark ere gaztaren prezioa zertxobait igo behar izan duela aitortu du. Pozik da jendearen erantzunarekin, dena den. «Eutsi beharko diogu!».

Gauzak zer diren: hamarkadetan euria uxatzen aritu ondotik, ur eskean dira orain denak santu pixontziari. Baita karakolak ere; askok ia zer diren ere ez dute jakingo lapikoan sartzerako. Euriak ere ahaztu baitu Armentiarako bidea honezkero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.