Ezarian. Gasteiz, hiriburu berdea

Europako erakusleihoa

Azken 30 urtean ingurumenaren alde egindako lanari esker, Europako Hiriburu Berdea izango da Gasteiz aurten. Urtea amaitu bitartean, hiria berdez koloreztatuko dute hainbat ekitaldirekin.

Eraztun Berdea paradisua da ibiltari, txirrindulari eta kirolarientzat. Irudian, Zabalganako basoa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Hiri aproposa da Gasteiz bizikletaz ibiltzeko. Baita zelai eta berdeguneetatik paseoak emateko ere. Ez da gutxirako: 622 hektarearen baso eta belardiak eta oinez edo bizikletaz ibiltzeko 50 kilometroko ibilbideak ditu. Hogeita hamar urtean natura leheneratzeko egindako lanak iraunkortasunaren erakusle egin du Gasteiz. Eta Europako Batzordeak apustu hori saritzea erabaki zuen joan den urrian, Europako Hiriburu Berdea izendapena emanez. Sona handiko hiri askorekin lehiatu behar izan zuen Arabako hiriburuak saria eskuratzeko: besteak beste, Bartzelona (Herrialde Katalanak), Reykjavik (Islandia) eta Naonedekin (Frantzia). Finalista guztiak atzean utzi zituen Gasteizek Stockholmen (Suedia) egindako ekitaldian irabazle aukeratu zutenean.

Europako Batasunak ingurumenaren eta bizi-kalitatearen alorretan baldintza jakin batzuk betetzen dituzten hirien lanari urtero egiten dion aitortza da Europako Hiriburu Berde saria. 2008an sortu zen sari hori. Iaz, Stockholm izan zen Europako Hiriburu Berdea, eta Hanburgok hartuko du lekukoa datorren urtean. Gune berdeak, garraio sistema, airearen kalitatea, uraren kontsumoa, zarata, bioaniztasuna eta zaborraren kudeaketa irizpideak kontuan hartzen dira izendapena emateko orduan. Gasteizek aise bete ditu Europak jarritako baldintza guztiak.

Saria eskuan, berdez jantziko da Gasteiz urtea amaitu arte. 2012. urteko Europako Hiriburu Berde izendapena eskuratu izanak eredu bihurtuko du Arabako hiriburua jasangarria izan nahi duten Europako gainerako hirientzat. Europako Batzordeak, besteak beste, kontuan hartu ditu azken hamarkada hauetan hiriak garatu dituen ingurumen politikak eta hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko egindako ahaleginak.

Izan ere, hirigintza eta ingurumena ongi uztartzen jakin du Gasteizek azken hamarkadetan. Berdegune gehien duten hirietako bat da —hiri barruan sei milioi metro koadro hartzen dituzte parkeek—, eta, horrez gain, erdigunetik kilometro gutxira daude Gasteizko Eraztun Berdea osatzen duten lau naturguneak: Olarizu, Armentia, Salburua eta Zabalgana. 1992. urtean ekin zioten Gasteiz inguruko baso eta berdeguneak leheneratzeari, eta gaur egun, ibilalditxoak egiteko aproposa izateaz gain, Eraztun Berdea korrikalarien, txirrindularien eta kirolari askoren paradisu ere bihurtu da.

Bizikleta erruz erabiltzen da Gasteizen. 1980ko hamarkadan bidegorriak eratzeko plan bat jarri zen abian, eta Gasteiz Euskal Herri osoan bizikletentzako bide gehien zuen hiria bihurtu zen. Ondoko urteetan sarearen garapenak aurrera egin zuen, eta egun hiriko bidegorriek ia 100 kilometro dituzte, guztira. Autobus sarean egindako berrikuntzekin, gainera, autoaren erabilera gutxitu egin da azken urteotan.

Urte osoko izendapena

Hiriburu Berdearen izendapenarekin Europa eta mundu zabaleko erakusleihoa izango da Gasteiz aurten. Saria ospatzeari ekin dio dagoeneko hiriak, eta urtea amaitu bitartean ekitaldi ugari antolatuko ditu.

Joan den ostegunean inauguratu zuten Hiriburu Berdearen egoitza, orain arte Antso Jakituna fundazioaren egoitza izan den jauregian, Zulueta jauregian. Izendapena dela-eta hiriburuan izango diren ekitaldi nagusiak han prestatuko dira, eta ingurumen teknikari eta arduradunen lantokia ere izango da.

Herritarrak ingurumenarekin sentiberago bihurtzeko asmoz prestatu du udalak urte osorako egitaraua. Hala, gasteiztarren parte hartze zuzena lortzeko, hainbat kontu jarriko ditu martxan: besteak beste, Europa jauregian erakusketa interaktibo bat zabalduko du, eta bisita gidatuak prestatuko ditu ingurumen arloan zeresana duten instalazioetan —Atarian, gizarte etxeetan, hondakin eta ura kudeatzeko guneetan...— .

Enpresa munduan ere nabarituko da Hiriburu Berdearen izendapena. Ingurumenaren aldeko neurriak hartzen dituzten enpresek Ekozigilua izeneko agiria jasoko dute. Hiriko tabernak, hotelak eta dendak Hiriburu Berdearen espirituan parte hartzeko akuilua izatea nahi du udalak. Horrez gain, udalak hitzarmen bat sinatu du dozena bat elkarterekin, horietako bakoitzak karbono maila txikiko ekonomiara iristeko ahalegina egin dezan ahal duen heinean.

Foroak, topaketak, jardunaldiak, hitzaldiak, zinema emanaldiak... urte osoan izango da ingurumenarekin loturiko ekitaldiren bat Gasteizen. Irailean, esaterako, Civitas izeneko foroa egingo dute, eta bertan hirietako mugikortasun iraunkorraren erronkei buruz eztabaidatuko dute mundu osoko 350 adituk baino gehiagok. Era berean, 2014ko Europako Hiriburu Berdea aukeratzeko ekitaldia antolatuko du ekainean, eta saria eskuratzeko lehiatuko diren hirietako dozenaka ordezkari hartuko ditu hiriak.

Edozein modutan, Europako Hiriburu Berdea, oparia ez ezik, erronka ere izango da hiriarentzat. Izan ere, Gasteizek datozen urteetan garatu beharreko hainbat konpromiso hartu ditu Europan, eta lan franko egin beharko du horiek betetzeko. Besteak beste, hauek dira udalaren konpromisoak: parkeak zaintzea eta trenaren lurperatzearekin sortuko den eremuari izaera naturala ematea, airearen kalitatea hobetzea, garraio publikoaren erabilera %7tik %15era igotzea, CO2isurketak murriztea, Gasteizko mendien bioaniztasuna bermatzea eta zaborra modu eraginkorrago batean kudeatzea. Hortaz, Gasteizek, aurrerantzean mundu osoan iraunkortasunaren eredu izan nahi badu, esparru askotan egin beharko ditu etxeko lanak datozen urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.