ETB

Euskal Aktoreen Batasunak ETBren, K2000ren eta Mediaproren jokabidea salatu du

Aktoreen elkartearen arabera, ETBko Alardea telesaileko langile batzuk gaixo zeuden, eta asteburuan "beldurrez" egon ziren, igande gauean grabaketak etetea erabaki zuten arte.

ETBko Bilboko egoitza kanpotik. BERRIA
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 18a
16:42
Entzun

Euskal Aktoreen Batasunak agiri batean salatu du zenbait gertaera «larri» eta «ardura handikoak» izan direla beren sektorean. Mediapro eta K2000 ekoiztetxeen Alardea telesailerako lehen sekuentziak grabatzen aritu ziren joan den astean, ETB1erako. Aktoreen elkartearen arabera, lantaldeak jakin zuen hiru pertsona gaixo zeudela koronabirusaren sintomekin. «Informazio gabeziak ardura eta beldurra piztu zuen lantaldean, eta egoera igandeko 21:30 arte luzatu zen, ekoizpena bertan behera utziko zela jakinarazi zuten arte. Asteburu osoan langileak urduritasun eta estres egoeran utzi zituzten, alfer-alferrik, arriskuan jartzeaz gain», salatu du Euskal Aktoreen Batasunak. «Gaurko egunez, ziur dakigu hamar langile gaixorik daudela». Aktoreen elkarteak ETB, Mediapro eta K2000 salatu ditu, «arduragabekeriagatik» eta «enpatiarik ezagatik».

Aktoreen batasunak, halaber, salatu du albistegietakoak ez diren zenbait saio presioa jasaten ari direla ETBren aldetik joan den igandetik, ekoizpena ez eteteko. «Adierazi nahi dugu, era berean, ez zaigula bidezkoa iruditzen ETBk deialdia zabaltzea gerora emititzeko doako edukiak sortzeko, ahaztuz gainontzeko langileek bezala artistek ere badutela beren lanaren truke soldata bat jasotzeko eskubidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.