Bideojokoen munduak haur, gazte zein heldu euskaldunak erakartzen dituela ez da inolako sekretua. Geroz eta gehiago dira jokatzen dutenak: AAA zein indie tituluetan ibiltzen direnak daude, baina, sakelakoei zein doako bideojoko ezagunei esker, bideojokozaleen kopurua nabarmen handitu da azken hamarkadan.
Hori dela eta, Euskal Herrian bideojokoen industriari eta zaletasunari lotutako ekimenak indarra hartzen hasiak dira. Tamalez, euskararen presentzia oso urria izan ohi da halakoetan; gehienetan, gaztelania hutsean antolatutako jarduerak eta topaketak izaten dira nagusi.

2018an abiatutako Jokoteknia jardunaldia da euskararentzako oasi txikietako bat bideojokoen munduan. Game Erauntsia elkarteak eta Azkue fundazioak abiatutako elkarlanetik sortutako Bideojokoen Euskal Jardunaldiak industriako adituak, profesionalak, zaleak eta jarraitzaileak batzeko balio du; horiek horrela, Euskal Herriko bideojokoen industriaren diagnostikoa egiteko, eta, aldi berean, garatzaileen eta jokalarien joerak ikusteko eta elkar ezagutzeko topaketa bat da Jokoteknia.
Denetariko gaiak jorratu izan dira jardunaldietan. Bideojokoen sormenetik hasita, lokalizazioa, homebrew aplikazioak, ikus-entzunezkoen eduki sorkuntza, musika eta soinu efektuak edo indie estudioen jaiotza izan dira ardatz Jokoteknian; ez hori bakarrik, beste hizkuntza gutxituetako komunitateetako ordezkariak entzuteko aukera ere egon da, katalanek, galiziarrek, bretoiek, galestarrek, irlandarrek eta bestek zer egoera duten jakiteko. Aurreko jardunaldietako bideoak Peertube.eus plataforman aurki daitezke.
Hitzaldiak, mahai ingurua eta Gamer Gela
Aurten, zortzigarrenez antolatuko dute jardunaldia; azaroaren 15ean, Bilboko Euskararen Etxean bilduko dira bideojokozaleak eta euskaltzaleak.
Ohiko formatuari eutsiko dio ekitaldiak. Goizean, industriako adituen lau hitzaldi entzun ahalko dira: beste urte batez, hizlari guztiak euskaldunak izango dira, etxean dagoen maila apartaren adierazle. Mintzalariak azaro hasieran iragarriko dituzte —prentsaurreko bat emango dute, eta Jokotekniaren webgunean ikusi ahal izango da egitarau osoa—, baina bideojoko diseinua, garapena, animazioa eta itzulpengintza jorratuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Horren ostean, Digipen Europe Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga lan heziketarako zentro integratuko ikasleekin osatutako mahai ingurua entzun ahalko dute bertaratzen direnek.

Aldi berean, etxeko txikienei zuzendutako Gamer Gela egitasmoa bideratuko dute Euskararen Etxean. Euskarazko bideojokoen erakusleihoa izango da: euskaraz zer jokotan aritu daitekeen jakinaraziko dute, eta horiek probatzeko aukera eskainiko dute. Izan ere, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendak 201 obra biltzen ditu gaur egun: batzuk euskal garatzaileek zuzenean euskaraz argitaratutakoak dira; besteak, zaleek egindako lanari esker ofizialki edo ez-ofizialki itzulitako bideojokoak.
Sarrera irekia da; hortaz, nahi duen edonor hurreratzera animatu dute antolatzaileek. Bertaratu ezin direnek zuzenean —edo ostean— ikusteko aukera izango dute, halere: ekitaldi osoa zuzenean emango dute EITBren webgunean.