Asteburuko proposamenak

Euskal doinudun bideojokoak

Euskal Game Jam topaketa egingo dute bihartik igandera Eibarren eta sarean. Euskarazko jokoak sortzea eta kideek elkar ezagutzea da helburua.

Euskal Game Jam topaketaren lehen ekitaldia, Bilbon. GAME ERAUNTSIA
Euskal Game Jam topaketaren lehen ekitaldia, Bilbon. GAME ERAUNTSIA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko martxoaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bideojokoen munduari egindako gorazarrea eta gorespena, harremanak eta saretzea, baina euskaraz: horixe da Euskal Game Jam topaketa, eta Eibarren (Gipuzkoa) egingo dute hirugarren ekitaldia, bihartik igandera. Uni Eibar-Ermua zentroan jarri dute elkargunea. 18:00etan hasiko dira bihar, eta 18:00etan bukatuko dute igandean.

Game Erauntsia elkarteak, Zomorro Studiok eta Uni Encounterrek elkarlanean antolatu dute aurtengo ekitaldia. «Topaketak Euskal Herriko bideojoko sortzaileak bilduko ditu, euskarazko bideojokoak garatzea helburu gisa jarrita», aurreratu dute antolatzaileek. Sortzaile hasiberriei zein profesionalei zuzendutako topaketak dira Euskal Game Jam horiek: programatzaileak, artistak, musikagileak eta gidoilariak elkartzeko ekimenak, besteak beste. «Bideojokogile euskaldunen artean sinergiak eragitea, elkarrengandik ikastea eta harremanak bideratzea du helburu», nabarmendu dute. Bilbon egin zuten lehenengoa (2023), eta Errenterian (Gipuzkoa) egin zuten bigarrena (2024). Aurten bueltatu da berriz, eta Eibarren egingo dute.

Bideojoko bat 48 orduan

Gai bat, 48 orduko epea, euskara eta irudimena: hori ere bada Euskal Game Jam topaketaren funtsa. Euskarazko bideojokoak sortuko dituzte. Bakarka zein taldeka aritu daitezke, baina gehienez bost kidez osatutako taldeak onartuko dira. Berezitasun nagusia hizkuntza da: sortuko dituzten bideojoko guztiek euskaraz egon beharko dute. Antolatzaileek ez dute materialik eskainiko bideojokoak sortzeko orduan: partaideek euren ordenagailuak eta tresnak erabili beharko dituzte. Eta proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak eta bestelakoak ere norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan beharko dute. Antolatzaileek proposatutako gaiaren inguruan arituko dira. Bukatutakoan, elkarren lanak bozkatuko dituzte, hainbat kategoriatan: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena, dibertigarriena...

Aurreko bi ekitaldietan sortutako 21 bideojoko argitaratu dituzte jada. Guztiak Itch.io webgunean aurkitu eta probatu daitezke. Bideojoko batzuen kasuan, gainera, garatzaileek jokoa lantzen jarraitu dute, eta hobekuntzak eta ideia berriak gehitu dizkiote. «Elkarlan zoragarria ikusi zen aurreko bi ekitaldi horietan. Bakarka joandako askok taldea sortu zuten. Musikagileak garatzaileei laguntzen aritu ziren. Antolatzaileok bilatu izan dugun hori lortu zen: bideojokogile euskaldunek elkar ezagutzea eta egiteko gai direna agertzea, bata bestearengandik ikasiz», nabarmendu dute.

Uni Eibar-Ermua zentrora joaten direnek, euskarazko bideojokoak sortzeaz gain, arlo horri buruzko hitzaldiez, tailerrez eta jarduerez gozatzeko aukera izango dute —bideojokoetan aritzekoa ere bai—. Gainera, Eibarrera joaterik ez duenak, sarean parte hartu dezake. «Ez dago aitzakiarik, hortaz: bideojokoak sortzen ikasteko zein zure trebezia agerian jartzeko bidearen bila bazabiltza, parte hartu Euskal Game Jam 3n».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA