Euskal Herria mintzagai Alemanian

Berlingo Euskal Etxean ikastaro anitz antolatzen dituzte, euskal kultura bultzatzeko; Elkartasun Astean, Euskal Herriko egoeraren berri emango dute.

Euskal dantza ikastaroa Berlingo Euskal Etxean. BERRIA.
Berlin
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat aste, hilabete, urte etxetik kanpo pasatu eta gero, herrimina sumatzen da: hizkuntza, janaria, parranda... Bada, Alemanian, eta Berlinen bereziki, ez da horretarako lekurik izango egunotan. Azkenaldiko aldaketa politikoen gaineko hitzaldiak, euskarazko filmak, euskal dantzak, baita Korrikan partehartzeko aukera ere, egongo da Euskal Herritik 2.000 kilometrotara.

Euskal Herriarenganako elkartasun egunak egiten ari dira alemaniarrak. Internationale Aktionstage solidäritet mit dem Baskenland (Nazioarteko ekintza egunak, elkartasuna Euskal Herriarekin) lelopean, Euskal Herriko giro politikoa eta bereizgarri kulturalen berri ematen ari da estatu osoan Euskal Herriaren Lagunak elkartea, Askapenarekin batera.

Iaz ere antolatu zituzten elkartasun jardunaldiak. Balantze positiboa egin zuen iaz elkarteak, eta aurten oihartzun handiagoa izatea espero dute. «Egon diren ekintzetan jende asko bildu da, eta parte hartzen duten herritarrak gero eta gehiago dira», azaldu dute Berlingo ordezkariek.

Euskal Herriarekiko elkartasun taldeak 2008. urtean elkartu ziren, eta Lagunak elkartea sortu zuten. «Gure helburua euskal gatazkaren inguruko informazioa helaraztea da. Alemaniako hedabide askok ikuspuntu bakarra ematen dute, eta guk beste bat erakutsi nahi dugu. Gero eta ezagunagoak gara, eta estatuko kazetari eta hedabide askok gure webgunea —http://info-baskenland.de— erabiltzen dute iturri gisa».

Berlinen izango dira ekintza gehien. Itsasoaren alaba filmaren proiekzioa; herri afaria, Kasik musika taldearekin; eta hitzaldiak. «Aurtengo gai garrantzitsuena kartzeletan izaten den tortura eta bertako errepresioa izango da», diote ordezkariek.

Domekan, Garzon epailea Berlinen izango da, eta elkarretaratzea antolatu dute haren jardunean gertatutakoarengatik: «Tortura masiboak, euskal herritarren hainbat elkarteren debekua edota kazetarien atzetik ibili izana». Duela bi urte Darmstadt hirian izan zen Garzon epailea, etabertan egin zuten protesta. «Aurtengoa aurrekoaren jarraipena da», azaldu dute elkarteko kideek.

Oro har alor politikoko jarduerak antolatu arren, euskal kultura ere bultzatzen du Lagunak elkarteak. «Herri askotan, Potsdamen adibidez, filmak emango dira, baita gastronomiaren inguruko azalpenak eman ere».

Euskal etxea Berlinen

Euskal kultura Alemanian zabaltzen dihardu Berlingo Euskal Etxeak ere. Alemanian dagoen euskal etxe bakarra da, eta orain egin behar garrantzitsuak dituzte esku artean: batetik, euskara ikastaroak; eta, bestetik, euskal dantza eskolak.

Duela gutxi hasi ziren euskara eskolak ematen, «pauso oso garrantzitsua izan da guretzat», esan du Ainhoa Añorgak, euskal etxeko lehendakariak.

Baskische Volktanz Unterricht(Euskal Herriko dantza herrikoien eskolak) izenburupean, guztiz arrakastatsuak izan diren eskolak antolatu ditu elkarteak. 35 lagun inguru bildu dira dantza ikastaroetan. «Berlinen bizi diren euskaldunak zein alemaniarrak», azaldu Unai Lauzirikak, antolatzaileetako batek. Ikasitakoa erakuste aldera, Karneval der Kulturen (aratuste kulturala) jaialdian arin-arina dantzatuz parte hartuko du taldeak.

Mikel Aristegi donostiarra da dantza ikastaroko koreografoa, eta oraingoz, eskolak bi astean behin ematea da asmoa. «Astero egitea pentsatu genuen, baina, dirua dela-eta, ezin dugu egun gehiagotan lokala alokatu», dio Añorgak.

Izan ere, Berlingo Euskal Etxeak ez du egoitza propiorik. 28 bazkide dira guztira, eta ordaintzen duten urteroko kuotarekin ezin dute gauza askorik finantzatu. Gainera, ia ez dute diru laguntzarik jasotzen, eta babesleen bila dabiltza.

Gernika Euskal-Aleman Kultur Elkartea gaur egungo euskal etxearen oinarritzat jo daiteke. 1998. urtean sortu zuten, Gernikako bonbardaketaren 60. urteurreneko ekimen baten ondorioz. Geroztik helburua bera da: «Euskal kultura eta hizkuntza Alemaniako jendeari ezagutaraztea».

Euskararen aldeko ekitaldiak hurrengo hilabeteetarako ere antolatu dituzte. Korrikarekin bat eginez, apirilaren 9an euskararen aldeko kilometro pare bat korrituko dituzte Alemaniako hiriburuan. Unter den Linden hiriko etorbiderik ezagunena da, eta ia osorik gurutzatuko dute lasterkariek.

Aurretik, Korrikaren jaia antolatu dute. Anari bakarlaria eta Maialen Lujanbio egongo dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu