Juan Luis Aranburu. Kantuzaleen elkarteko kidea

«Euskal kantugintza oso trabatuta dago, iraganeko bideetan harrapatuta»

Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketako finala egingo dute gaur Donostian. Antolatzaileak dioenez, sekulako ahalmena dago gazteen artean, baina euskal musikaren aldeko politikak falta dira.

EDU LARTZANGUREN.
Edu Lartzanguren.
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Kantuzaleen Elkarteko kidea da Juan Luis Aranburu (Urretxu, Gipuzkoa, 1963). Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa antolatzen galtza bete lan ibili da azken asteotan. Gaur, finala ikusi ahalko da, 18:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hamazazpi bakarlari, bikote eta talde arituko dira oholtzan.

Benetan balio al dute halako lehiaketek gero musikari profesionalak sortzeko?

Gaur ezagutzen ditugun kantarien artean, oso gutxi izango dira —banako batzuk— lehiaketatik pasa gabekoak. Benito Lertxundi, Txomin Artola... horiek guztiak txapelketetan hartu zuten parte. Hasieran, Herri Irratiak antolatzen zituen txapelketak; gero, beste erakunde batzuk aritu ziren horretan. Horiek utzi zutenean Iparraldean hasi ziren kantari batzuk txapelketa antolatzen. 1992. urtean geure gain hartu genuen antolaketa. Duela lau urte Urko Menaia aritu zen gurekin, eta duela hiru urte gurekin diskoa grabaturiko Leire Berasategi eta Kristina Arantzabal Lain taldekoak dira orain. Oihane Sarasolak Emon taldea sortu zuen duela bi urte, eta Bea Asurmendik zein Garazi Esnaolak taldeak egin dituzte.

Zuek bultzada ematen diezue, baina gero zer-nolako zailtasunak izaten dituzte?

Merkatuan sartzeko, zailtasun handiak dituzte. Euskal musika oso trabatuta dago, iraganeko bi bidetan harrapatuta: betiko kantariak, batetik, eta gazte taldeak, bestetik. Formatu horietan jarri dugu indar guztia orain arte, baina aurrera begira baditugu egitasmoak gazteei beste zer edo zer eskaintzeko.

Zer eskainiko diezue?

Zubi lana egingo dugu musikariok merkatura igotzeko, jende artean ezagutarazteko. Gazte piloa dabiltza lokaletan jotzen eta gaztetxeetako zirkuitoetan musika eskaintzen. Haiek gurera etorri beharrean, geuk joko dugu haiengana, eta zer edo zer eskaini, jendeaurrean jo dezaten formatu handiagoan. Esaterako, Europan egiten ari diren kantu txapelketetara eramatea. Azaroaren 19an Udinen [Friuli] eginiko Liet nazioarteko txapelketan Siroka taldeak ordezkatu gaitu. Bosgarren egin zuten, hamabi talderen artean. Urtero bidali nahi dugu ordezkari bat txapelketa horretara.

Zein da gaurko txapelketako parte hartzaileen soslaia?

Gazteak dira, 16 urtetik gorakoak. Hau izaten da euren lehen esperientzia oholtzaren gainean eta mikrofonoaren aurrean. Gure lana babestea eta lasaitzea izaten da. Guretzat garrantzitsuagoa da kantaria kantua baino.

Ekitaldian, 17 kantutik 10 eurek sorturikoak izango dira. Hor badago, beraz, sormenerako ahalmen bat?

Halako jende gazteak euren hitzak eta musika sortzea nabarmentzeko modukoa da. Sari berezi bat dugu sormen lanari emateko. Indarra jarri nahi dugu sari horretan, guretzat garrantzitsuena delako.

Zerk huts egiten du halako sormenari gero etekinik ez ateratzeko?

Ez dago kantagintzaren aldeko politikarik. Hedabideetan ez da bultzatzen euskal musika. Estatistikak esaten digu oso ehuneko eskasa hartzen dutela. Eta, gainera, zabaltzen den euskal musika apur hori ere berdinegia da, antzekoegia. Oso aukera gutxi ematen dizkiete kantari berriei. Politika aktibo baten aldeko presioa egin nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.