Seriea. Manuel Intxausti (eta III)

Euskal kulturaren album bat

Manuel Intxausti aitzindaria izan zen euskal zinemagintzan. 1920ko hamarkadan ‘Eusko ikusgayak’ dokumental sorta egin zuen; Josu Martinezek nabarmendu du «balio kultural eta etnografikoa» duela. Intxaustiren beste hainbat film ere digitalizatu dituzte.

Zuberoako dantzari batzuk, Manuel Intxaustik grabatutako film batean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA
Zuberoako dantzari batzuk, Manuel Intxaustik grabatutako film batean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Uztaritze
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Gaur egun Euskal Herrian ia edonork du eskura sakelako telefono bat edo kamera bat, eta ohikoa da harekin inguruan gertatzen ari dena grabatzea: dagoen lekuan ikusten duena, inguruan duen jendea, gozatzen ari den ekitaldia edota bere burua. Hori, baina, ez da beti erraza izan. «XX. mende osoan ez da zinema industriarik egon Euskal Herrian, ez bada autonomia egon den momentuetan: 36ko gerra garaian eta 1980ko hamarkadatik aurrera Hegoaldean. Ondorioz, XX. mende osoan Euskal Herrian egin ziren zinema saiakera guztiak amateurrak izan ziren; gainera, kamera bat izatea oso garestia zen. Horrek ekarri du orduko zinema saiakerak jende ezohikoak egin izana», azaldu du Josu Martinez zinemagile eta ikertzaileak. «Horietako bat Manuel Intxausti zen».

Manuel Intxausti izan zen Euskal Herrian kamera bat izan zuten lehenetako bat, eta, bide batez, euskal zinemagintzaren aitzindarietako bat. 1920ko hamarkadan, Intxaustik 35 milimetroko kamera bat erosi zuen, aisialdian erabiltzeko: familiako bidaia eta ospakizunak grabatu zituen. Hori ez ezik, 1923ko udan Baztanen izan zen Aita Donostiarekin, eta hango dantzak filmatu zituen, eta, irailean, Donostiako zenbait gertakari kultural ere grabatu zituen. Hori dena, zinemarekin liluratuta zegoelako eta hori egiteko aukera —eta dirua— zuelako.

Hain justu, garai hartan etorri zen Euskal Herrira lehen aldiz, eta orduan hasi zen euskaltzaletzen, soldaduskan ezagututako lagun Ricardo Leizaolaren bidez, bai eta Aita Donostiaren beraren eta Eusko Ikaskuntzako jendearen bidez ere —bost urte lehenago sortua zen erakunde hori—. Haiek, hain zuzen, 1918an Oñatin (Gipuzkoa) egin zuten lehen kongresuan, Eusko Ikaskuntza sortzekoan, helburu hau ere jarri zioten erakundeari: Euskal Herriko ohiturak filmatzea, haiek ikertu eta kontserbatu ahal izateko. «Intxaustik bere burua aurkeztu zuen, eta oparitu egin zien grabatu zuen guztia. Eusko Ikaskuntzari zera proposatu zion: ‘Nahi baduzue, nik egingo ditut filmaketak’. Eta horrela ibili zen, zenbait urtez, Euskal Herriko dantzak, ohiturak, lekuak eta horrelakoak filmatzen», azaldu du Martinezek.

Manuel Intxausti 36ko gerra aurretik, Donostian, bere kameraren aurrean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA
Manuel Intxausti 36ko gerra aurretik, Donostian, bere kameraren aurrean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA

Horren emaitza Eusko ikusgayak dokumental sorta izan zen. Sakon ikertua du Martinezek: «Intxausti lehen euskal herritarretako bat izango zen zinema filmaketak egiten; dokumentalean, seguru. Ni seguru nago hark filmatu zituen leku asko lehen aldiz filmatuak izan zirela kamera batekin; Izaba eta Otsagabia filmatu zituen, adibidez, eta seguru nago leku horietan hori baino lehen ez zela sekula zinema kamera bat egon». Hori ez ezik, nabarmentzekoa da titulu nagusi eta intertitulu gehienetan baliatutako hizkuntza ere: euskara. «Zinema mutuari buruz ari gara; soinuduna 1930eko hamarkadan sortu zuten. Zinema mutuan intertituluak erabiltzen ziren: ‘Orain erori egingo da’, eta horrelakoak. Testuak euskaraz ziren, eta, alde horretatik, aitzindaria da Eusko ikusgayak».

Beraz, Eusko ikusgayak 1920ko hamarkadan grabatutako dokumental sorta bat da, zuri-beltzean dagoena, soinurik gabe, eta Euskal Herriko ohiturak erakustea helburu duena. Film horietan, herri kirolak, euskaldunen fisionomiaren eta jantzien erretratuak, nekazari eta arrantza bizibideak eta erlijio errituak azaltzen dira, eta, bereziki, dantza tradizionalak: Durangaldeko, Otsagabiko, Baztango, Zumarragako, Zuberoako eta Doneztebeko dantzak daude ikusgai, baita aurreskua eta fandangoa ere.

Filmek erakusten dutena

«Dantzaren kasuan, etnografiaren ikuspegitik zinemak zera zuen: ohiturak edo kultura kontserbatzeko orduan, ez da gauza bera dantza bat eta haren urratsak liburu batean deskribatzea, edo ikustea. Ikustea guztiz diferentea da. Dantzez nik baino gehiago dakiten batzuei erakutsi nizkien filmak —adibidez, Jose Inazio Ansorenari—, eta nabarmendu zuten hortik informazio pila bat atera zitekeela», azaldu du Martinezek.

Intxausti ez zen bakarrik aritu; bidelagun jakintsuak izan zituen. Esaterako, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusi Angel Apraizekin joan zen Erronkarira eta Zaraitzura, eta Aita Donostia ere maiz izan zuen bidaide. «Intxaustiren lanak ez ziren zinema batean erakusteko, konferentzietan eta Eusko Ikaskuntzaren bileretan erakusteko baizik», esan du Martinezek. Halaber, jasota dago Eusko ikusgayak 1928ko irailean Donostiako Kasinoan proiektatu zutela.

«Helburua ez zen dirua ateratzea edo istorio bat kontatzea: helburu etnografikoa du. Film horiek balio kultural eta etnografikoa dute», nabarmendu du ikertzaileak. Film sorta hori ikertu zuen garaian, 2015ean, RIEV aldizkariaren 60. zenbakian emaitzen berri eman zuen Martinezek Eusko ikusgayak: euskal zinematografiaren amatxi ahantzia artikulu zientifikoan. Zera erantsi zuen film sorta horrek ekarri zuen ikuspegiari buruz: «Kameratik Euskal Herriari begiratzeko manera baten aitzindaria da Ynchaustiren lana, sustrai erromantikoko ikuspegi folkloristarena. Haren ondotik, aro, jatorri eta ideologia ezberdineko zinemagileek Eusko Ikusgayak-en ageri diren motibo bisualetako asko erabili dituzte haien dokumentaletan Euskal Herria irudikatzeko. Hala, nolabait esateko, XX. mende osoan iraun duen tradizio zinematografiko bateko katebegitzat har genezake. Euskalduntasunaren inguruko iruditeria oso zabaldu bat pantailara eramaten lehenetakoa; desagertzeko arriskuan dagoen herri bereziarena». Ez da gutxi; Euskadiko Filmategiak sortu zen garaitik du Eusko ikusgayak kontsultagai.

Beste 189 film

Ez da gutxi, eta ez da Intxaustik zinemari egindako ekarpen bakarra. «Tesia egin nuen garaian, Miren Intxaustik esan zidan beren etxean bazituztela film gehiago. 2015a izango zen. Nik esan nion inportantea zela pelikula horiek ere berreskuratzea. Pelikulak denborarekin hondatu egiten dira. Entzun zidaten, eta handik urte batzuetara deitu zidaten: konbentzitu nituela, eta erakutsiko zizkigutela zituzten pelikulak». Bada, 189 ziren guztira. Elias Kerejeta zinema eskolako ikasle batzuekin aritu zen Martinez film horiek sailkatzen eta antolatzen: «Formatu desberdinetakoak dira, zaharrenak 1920ko hamarkadakoak eta berrienak 1960koak, batzuk zuri-beltzean eta beste batzuk koloretan... Kristoren altxorra da».

Gerora, Euskadiko Filmategiak digitalizatu zituen Gure irudi galduak proiektuaren barruan, eta haiek ere kontsultatu daitezke. «Euskal kulturaren argazki albuma osatzen dute. Gertukoak ziren Jose Antonio Agirre eta Jose Miguel Barandiaran, eta halako jende inportantea agertzen da irudietan. Erbesteko irudiak daude, Euskaltzaleen Biltzarreko batzarrak, bazkariak, pilota partidak, lehiaketak, Eusko Ikaskuntzaren 1948ko kongresua, udako unibertsitateak, hainbat eta hainbat gauza».

«Gure historia kulturala jende idealistak egindako lan txikiek osatzen dute; txikiek edo handiek, baina industriatik kanpo egindakoek»

JOSU MARTINEZZinemagilea eta ikertzailea

Intxausti-Larrauri familiak bidaia asko egiten zituen, eta horiek denak ere jaso zituzten kameran 1920ko eta 1930eko hamarkadetan: Japonia, Palestina, Kanada, AEBak, Txina... agertzen dira. «Leku pentsaezinak», azpimarratu du Martinezek: «Alde horretatik ere izugarri harrigarriak dira film horiek».

Eta oraindik ere badago lana film horiekin: «Uste dut merezi lukeela materiala sakonago ikertzea, ongi identifikatzeko hor agertzen diren jendeak, pertsonak, lekuak, ekitaldiak, antzerkiak… Nik egin nahi nuke!». Izan ere, badute garrantzia Intxaustik kamera bidez jasotakoek: «Badago zinemagile txiletar bat esaten duena irudi dokumentalik gabeko herri bat argazki albumik gabeko familia bat bezalakoa dela. Gure herria herri ikusezin bat da, mapetan agertzen ez den herri bat: irudirik gabeko herri bat ere izan da. Ez dugu berandu arte izan zinemarik, ezta gure kultura bilduko lukeen erakunderik ere; oraindik ez daukagu biblioteka nazional bat. Gure historia kulturala horrelako lanek osatzen dute, jende idealistak egindako lan txikiek; txikiek edo handiek, baina industriatik kanpo egindakoek. Gaur garenaren jatorrian horixe dago».

Jose Miguel Barandiaran, mendia igotzen, Intxaustiren film batean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA
Jose Miguel Barandiaran, mendian gora, Intxaustiren film batean. INTXAUSTI FAMILIAK UTZITAKOA

Barandiaran, Intxaustiren laguna

 

Manuel Intxaustik grabatutako filmetan maiz agertzen da Jose Miguel Barandiaran antropologo eta apaiza. Miren Intxaustik kontatu duenez, gerra aurretik jada lagunak ziren: «Uztaritzen zeudela, nire aita eta ama Baionara joan ziren arratsalde-pasa, eta Don Jose Miguel aurkitu zuten. ‘Baina zer egiten duzu hemen?’. ‘Autoritateek esandakoa. Nire atzetik dabiltza nire adiskidetasun judu-masonikoengatik’. Aitak lana eman zion: erbestera etortzen zirenak entzutea, aitorpenak egitea». 

Hori ez ezik, Jatsuko Lurdes Euzko Aur-Etxeko umeekin mendi bueltak egiten zituztenean maiz batzen zitzaien Barandiaran. Eta haren antropologia lanetatik ere zerbait ikusi zuten Intxausti-Baita etxeko paretek: «Maiz etortzen zen hona. Beti hemen geratzen zen bere ikerketak egitera etortzen zenean, eta beti bazen etxeko norbait bera behar zuen tokira eramateko. Zabal-zabala zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA