Euskaldunak: oso klasikoak eta esnobak

Ikus-entzunezkoen kontsumoaren inguruan euskaldunek dituzten gustuak aztertu ditu Gaizka Izagirre blogariak, sare sozialetan hilabete batez eginiko inkesta batekin.

Gaizka Izagirreren arabera, zinemazale euskaldunek joera dute telesailak gutxiesteko. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ariketa soziologiko «txiki bat» egiteko asmoz, euskaldunek filmen, dokumentalen eta telesailen inguruan dituzten gustuak ezagutzeko egitasmo bat abiatu zuen duela hilabete bat Gaizka Izagirre zinemazaleak. Twitterren eta Facebooken, besteak beste, 30 galdera bota zituen, egunero bat. Milaka erantzun jaso zituen. «Susmoa nuen euskal zinemazale komunitate bat bazegoela, baina zein tamainakoa zen jakin nahi nuen», adierazi du Izagirrek. «Jende hori pizteko asmoz bota nuen erronka».

Ondorio deigarriak atera ditu Izagirrek erantzunetatik. Horietako bat: euskaldunak oso klasikoak dira filmik gustukoenak aipatzerakoan. Izan ere, filmik hoberenen zerrendetan agertzen ohi direnak aipatu dituzte lehen postuetan. «Horretan oso diferentzia gutxi daude euskaldunen eta nazioarteko ikusleen artean».

Beste ondorio bat: filmak, zineman barik, etxean ikusten dituztegero eta gehiagotan galdeketan parte hartu dutenek. Dokumental gutxi ikusten dituzte euskaldunek, Izagirrek ondorioztatu duenez. Aipamen gutxi izan zituzten, baina gogokoenen artean, Euskal Herrikoak daude: «Badirudi gutxi ikusten ditugula baina hemengoak gustuko ditugula».

Blogaria harritu duen emaitza bat: «Mundu guztiak gustuko duena, baina zuk gorroto duzun filma» aipatzeko eskatu zuen 26. egunean. Star Wars erantzun zioten irakurle gehienek (Amelie eta Titanic gero; Avatar eta Lord of The Rings hirugarren postuan). «Deigarria iruditu zait mirespen maila handia duen Star Wars filma lehena atera izana».

Telesailen urrezko aroa deitu duten honetan, galdeketaren beste emaitza interesgarri bat: filmak edo telesailak, zer nahiago zuten galdetu zuen blogariak 24. egunean. Erantzun zuten gehienek (%66) filmak nahiago zituztela adierazi zuten. «Asko banatzen da jendea galdera horrekin», esan du Izagirrek. Beste ondorioa: zinemazaleak direnak gogorragoak dira seriezaleekin, alderantziz baino. Hau da, filmak ikusten dituztenek joera dutela telesailak ikusten dituztenak gutxiesteko. «Iruzkin asko irakurri ditut telesailen balioa zalantzan jartzen. Esnobismo bat badago, neurri batean», blogariaren arabera.

«Itxurakeria» alde batera uzteko eskatu zien Izagirrek irakurleei, baina zalantzan jarri behar izan du emaitza bat: filmak jatorrizko hizkuntzan ikusten dituztela esan zuten %66k.

Film txarrak aipatzerakoan, Espainiako asko agertu dira. «Badirudi ez dugula oso gustuko zinema espainiarra», adierazi du Izagirrek.

«Noski, hau ez da ikerketa soziologiko sendoa. Baina balio dezake sare sozialetan dabiltzan euskaldunen gustuen inguruan gehiago jakiteko». Jarraitu nahi du ikertzen. Hurrengo urratsa: ikus-entzunezkoak jatorrizko hizkuntzan ikusten dutenen artean, zenbatek ikusten dituzte euskaraz azpidatzita?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.