Cristina Lege. Espai Catalunya taldeko presidentea

«Euskaldunen eta katalanen arteko Babelgo dorrea eraikitzeko asmoa dugu»

Euskararen eta katalanaren artean zubi bat eraikitzeko asmoz sortu du Espai Catalunya taldeak 'Els dijous en catalá' egitasmoa. Ostegunero egingo dute topaketa, Donostiako Via Fora jatetxean.

BERRIA.
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Bere burua «erdi katalantzat, erdi euskalduntzat» jotzen du Cristina Legek, Donostiako Espai Catalunya taldeko presidenteak (Bartzelona, 1966). Els dijous en catalá egitasmoa antolatu du erakundeak, euskara eta katalanaren erabilera sustatzeko asteroko topaketa. Donostiako Via Fora jatetxean izango da (20:00).

Zertan datza Els dijous en catalá egitasmoa?

Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen arteko bilgune bat da. Topaketen helburua toki bietako lagunek elkar ezagutzea da, eta, gainera, euskara eta katalanaren erabilera areagotzea.

Hori guztia, musikak eta garagardoak lagundurik...

Giro lagunkoia egotea nahi dugu, eta, zuzeneko musikaz lagunduta, garagardo katalanez gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Euskal Herriko zein Herrialde Katalanetako abeslariak izango ditugu, gainera.

Paradoxikoa dirudi, baina gaztelania izango da euskaldunek eta katalanek elkarrekin mintzatzeko erabiliko duten hizkuntza nagusia, ezta?

Ekitaldira etortzen den edonork interes berezia izango du Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako kulturan. Hala, elkarren artean gaztelaniaz mintzatuko badira ere, kulturen arteko bilguneari eman diogu garrantzia, eta bi hizkuntzen arteko harremanari.

Dena den, «hizkuntza bikoteak» sortu nahi dituzuela diozue.

Hala da. Gerturatzen direnak euskarazko eta katalanezko solasari ekiteko, joko batzuk prestatu ditugu. Euskara ikasten dabiltzan katalan asko daude, eta alderantziz. Hor eragin nahi dugu: elkar miresten duten bi kultura bataren edo bestearen hizkuntzan komunikatzen saiatzea.

Hizkuntza biek elkar elikatzea da azken helburua?

Euskaldunen eta katalanen arteko Babelgo dorre moduko bat eraiki nahi dugu.Euskarak eta katalanak elkarren beharra dute, hizkuntza gutxituak direlako, eta eskaintzeko asko diotelako batak besteari. Guk ezin dugu hizkuntza politika egin, baina hizkuntza biak ikasteko bideak eraiki ditzakegu.

Erakunde publikoekin lan egin duzue egitasmo horretarako?

Ez. Beste modu batera lan egin nahi izan dugu. Egitasmo horren bidez egunerokoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dugu, hor errotzen delako hizkuntzaren erabilera, ez erakunde eta instituzioetan. Hor dago benetako hizkuntza normalizazioa, ez beste inon.

Zerk bultzatu zintuzten Els dijous en catalá antolatzera?

Gure erakundearen filosofiak. Kulturen arteko zubiak eraikitzen jarraitu nahi dugu. Krisi garaian kulturaz ahaztu egiten garela dirudi, eta halakoen bidez aurre egin nahi diogu horri. Gainera, harreman sozialak eragin nahi ditugu, eta ezin funtsezkoagoak dira horiek ere egungo krisi egoeran.

Erakundearentzat apustu handinahia dela dirudi.

Gure erakundeak berebiziko garrantzia eman dio, egungo beharrei erantzuten dielako. Ekonomia aldetik ez gara handiak, eta ahoz ahokoaz eta sare sozialez baliatu gara egitasmoa zabaltzeko. Ez dakigu zelan joango den, baina itxaropentsu gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.