Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Oroitzapena presentzia ikusezina da», esan zuen Victor Hugok; esan zuen, ziurrenik, ez zuelako Uztaritzeko (Lapurdi) Intxausti-Baita etxea ezagutzeko aukera izan. Izan ere, etxe hartan oroitzapenak ikusi, ukitu eta usaindu egiten dira, baita entzun ere, bertan bizi den Miren Intxaustiren ahotik. Estilo ingeleseko lorategia zeharkatu eta han nagusi den Lourdesko ama birjinaren estatuari erreparatu ostean, Euskal Herriko historian sartzea bezalakoa da Intxausti-Baita etxeko atea gurutzatzea eta bertako liburutegian egotea.
Les basques dans le monde (Euskaldunak munduan) izenburua duen mapa handi batek hartzen du pareta bat; Juan Sebastian Elkanok, San Ignazio Loiolakoak, Miguel Lopez de Legazpik eta Francisco de Vitoriak egindako ibilbideak agertzen dira, besteak beste. Horren pareko pareta liburuz josita dago. «Horiek Euskal Herriari buruzkoak dira; gutxi, baina beti entzun dut baliosak direla», esan du Intxaustik. XX. mende hasierako lege liburuz josita daude beste apalategi batzuk, gehienak ingelesez idatziak —«nire aitaren unibertsitateko liburuak dira»—, eta haien gainean hainbat elementu adierazgarri: gurutzea, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren argazki bat —«niretzat bigarren aita izan zen»— eta Jose Miguel Barandiaran apaiz eta antropologoaren beste bat —«nire maisurik eta adiskiderik handiena izan da»—.
Kristalezko ate bat du liburutegiak, lorategira ematen duena; arratsaldeko argia goxo sartzen da. Hara begira jarrita, baina, begia beste mahai batera joaten da; argazkiz josita dago. Bat nabarmentzen da: gizon bat ageri da, trajez jantzita, mahai baten atzean, irribarrez. Ez du Agirrek edo Barandiaranek bezain aurpegi ezaguna, baina hari zor zaio gela horretan dagoen dena. Manuel Intxausti da, 1900. urtean Filipinetan jaio eta 1961. urtean etxe hartantxe hildako gizon bat. Bi ardatz zituen haren bizitzak: kristautasuna eta euskaltzaletasuna. Eta zeukan dirua —dirutza handia— bi ardatz horien bueltako proiektuei ematen pasatu zuen bizitza osoa: gerrako umeentzako kolonia bat sortzen, Eusko Jaurlaritzaren New Yorkeko aldia finantzatzen, Eusko Ikaskuntzaren kongresuak antolatzen, Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Elkartasuna antolatzen, zinemaren aitzindari izaten... Eta zergatik ez da, bada, ezaguna? «Oso diskretua zen. ‘Gauzak egin behar dira; ez du merezi jendeak jakitea nork egin duen’. Hori zen haren leloa». 65 urte bete berri dira hil zenetik.

«Nire aita gizon oso isila zen, oso seriosa, zuzena, nortasun handikoa. Beti esaten zigun: ‘Bizi honetan zuzen ibiltzeko, kasik behar duzu beti kontra jo’. Egia da, baina arriskutsua: gauza ederrak arriskutsuak izan ohi dira. Oso emankorra izan zen, arlo guzietan: familian, adiskideekin... Behar zuten guztiekin zen emankorra. Asko zuen, asko-asko, baina pentsamendu hau zuen: ‘Ez ote dudan gehiegi...’. Besteen arranguran beti: ematen pasatu zuen bizia», nabarmendu du Miren Intxaustik.
Euskaldun-fededun binomioa bere-berea zuen Intxaustik. Fedea etxean jaso zuen, familia oso kristau batean jaio baitzen, Filipinetan. «Biziki giristinoak ziren, eta saiatzen omen ziren beti pobreekin arduratzen, baina ez bere ondasunak denei erakusten: umilak ziren. Umilak, baina diru asko-askorekin». Horixe da bere bizitza markatu zuen beste faktore bat: aberastasuna. Haren aitonak Euskal Herritik Filipinetara migratu zuen, eta fortuna handi bat egin zuen. Manuel Intxaustik 20 urterekin hartu zuen bere familiaren negozio oparoen ardura, bere aita hil zenean.
Ricardo Leizaola lagun
Eta euskaltzaletasuna? Umetan fraide kaputxino euskaldun bat izan zuen irakasle, eta hark zera esaten omen zion, bere alabak kontatu duenez: «Manuel, ez ezazu inoiz zera ahaztu: zure abizena euskalduna dela, ez espainola». Hori izan zuen euskaltzaletasunaren hazia. Lege ikasketak egin zituen Madrilen, eta baita soldaduska ere. Han Ricardo Leizaola ezagutu zuen, gerora lehendakari izango zen Jesus Maria Leizaolaren anaia. «Leizaolak sendotu zuen hori nire aitaren baitan», kontatu du Intxaustik.
Oso-oso lagunak izan ziren bizitza osoan zehar. «Nire aitak, erdaraz ari zelarik, adiskideei usted esaten zien, salbu Ricardo Leizaolari». Hainbat urte geroago, gainera, senide bihurtu ziren, Intxaustiren seme bat eta Leizaolaren alaba bat ezkondu egin baitziren. Bikote haren alaba bat Usua Intxausti da: bere aitonak Manuel Intxausti eta Ricardo Leizaola ziren. «Nik ez nuen nire aitona Manuel ezagutu. Nire amonak kontatzen zuena dakit: esaten zuen aitona oso eskuzabala zela, baina ez zuela esaten; horretan umila zela. Nire aitona Ricardo ezagutu nuen: hura nazionalista hutsa zen. Inprenta bat zeukan Donostian; Zeruko Argia han argitaratzen zuten. Bera ere kristaua zen, baina kontzientzia sozial handia zeukan. Gerran alde egin behar izan zuen, eta dena galdu zuen: Venezuelan hutsetik hasi behar izan zuen. Oso jantzia zen, eta maitagarria».

Manuel Intxausti 1923an etorri zen Euskal Herrira lehen aldiz, eta Euskal Herriko hainbat txoko kamerarekin grabatzen aritu zen; tartean, Eusko Ikaskuntzarentzat egin zuen Eusko Ikusgayak dokumentala. Alegia, Intxausti euskal zinemagintzaren aitzindarietako bat izan zen. Garai horretantxe ezagutu zuen Ana Belen Larrauri donostiarra; ezkondu egin ziren eta familia bat osatu zuten. 1933an Donostian jarri ziren bizitzen, baina hiru urte geroago 36ko gerra lehertu zen...
Garai hartan Intxaustik eta Larraurik bizi eta egindakoak fin jaso ditu Jon Urutxurtu ikerlariak berriki argitaratu duen liburu batean: Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia (Jatsu, 1937-1939). «Gerrak eztanda egin zuenean, Estatu Batuetako enbaxadak hor bizi ziren estatubatuarrei handik ateratzen lagundu zien; tartean, Intxausti eta haren familia», kontatu du Urutxurtuk. Izan ere, garai hartan Filipinak AEBenak ziren. Une horretan jabetu zen familia Uztaritzeko Intxausti-Baita etxeaz. Han bizi zirela, gerrako 34 euskal haurri ostatua, heziketa eta zainketak eman zizkieten Jatsun (Lapurdi) sortu zuten kolonia batean, Lurdes Euzko Aur-Etxean, 1937tik 1939ra; den-dena finantzatu zuen Intxaustik. Haren emazte Ana Belen Larrauriren inplikazioa ere erabatekoa izan zen.
New Yorkeko bizipenak
«Baina gero alemanak hasi ziren hemen beren gauzekin, eta aitak zera erran zuen: ‘Gerlatik gu bagoaz, e! Hemen beste gerla bat ez!’». Eta 1939an AEBetara joan ziren, New York alboko White Plains hirira. Miren Intxaustik urtetxo bat baino ez zuen ozeanoa zeharkatu zutenean: «Nik buruan dut lekeitiar andere bat: Eulogia Erezuma. Amerikara etorri zen, gure etxean lan egitera; sukaldari oso ona zen. Gainera, bazen txakur bat, nire bizian leku ederra izan duena: Txiki. Beti biltzen ginen hirurak sukaldean. Orduan nik ez nekien euskaraz, eta Eulogiak ingelesez ere ez. Gogoratzen naiz, gaur balitz bezala, neure buruari esaten niola: ‘Miren, zuk nolabait ikasi behar duzu euskaraz, kontu horien ulertzeko’», esan du Intxaustik, zortzi hamarkada geroago, euskaraz. «Gure aita zenak beti esaten zuen: ‘Kontuz haurtzaroarekin: pertsona batean garrantzitsuena haurtzaroa da’».
Mirenen etxera, haurra zela, erbesteko Jaurlaritza joaten zen bazkaltzera igandero: «Umeen aurrean behin ere ez zituzten beren gerla kontuak kontatzen; errespetu handia zieten umeei. Agirre alegera zen, baikorra: niretzat bigarren aita izan zen, pertsonalki». Zer ziren, bada, umeei kontatzen ez zizkieten kontuak? Erbesteko Jaurlaritzak Paristik ospa egin behar izan zuen naziek Frantzia inbaditu zutenean; Belgikatik pasatuta, Intxaustiri esker joan ahal izan ziren AEBetara. «Europatik etorrita, ongietorria aitak eta amak eman zieten».
«Nire aita gizon oso isila zen, oso seriosa, zuzena, nortasun handikoa. Oso emankorra izan zen, arlo guzietan: ematen pasatu zuen bizia»
MIREN INTXAUSTIManuel Intxaustiren alaba
Intxaustik finantzatu zuen lehendakariak AEBetara egin zuen bidaia, Columbiako Unibertsitatean irakasle lana lortu zion, eta hango pertsona garrantzitsuekin harremanetan jarri zuen. «Ikasketa nagusien Madrilen egin aitzin, Filipinetan egin zituen lehenago. Hor ezagutu zituen AEBetako orduko presidentearen anaia-eta. Ezagun inportante asko zituen, eta haiei esker ere gauza asko egin zituen», azaldu du haren alabak.
Egin zuen beste gauza bat Euskaldunen Adiskideen Nazioarteko Elkartea izan zen. Bai Uztaritzen, bai New Yorken, euskal errefuxiatuei laguntzeko nazioarteko elkarte hori bultzatu zuen, jende garrantzitsu askoren laguntza jasota. «Boterea zuten lagun asko zituen, eta bat Ernest Pezet zen. Frantziako Senatuko presidenteordea zen: ze gizona...!». Hura izan zen elkarte hartako idazkari nagusia. Ameriketan zegoela, Euskaldunen Mundu Elkarte bat sortzen ere saiatu zen.
Hala ere, gaixotu egin zen garai horretan. «1942an aita gaixotu egin zen, eta ez zeukan sendabiderik. Aitak bost umeoi azaldu zigun zer zen heriotza, eta amak jainkoari promes egin zion Lourdesera joanen zela eriak laguntzera, aita senda zedin. Eta medikuak esan zigun sendagai berri bat sortu zutela, eta agian horrekin saiatu zitezkeela: penizilina. Orduan agertu zen. Nola ez erran miraria dela! Ez zen zeharo sendatu, baina hamabost urte gehiago bizi izan zen. Eta Europara itzuli ginen». Uztaritzera, hain zuzen.
«Gauzak oso txikiak iruditu zitzaizkigun! Aitak eta amak Empire State Building gora eraman gintuzten, oporretan Kanadako mugara joaten ginen, eta hango mendiak ere handiak ziren. Orduan, pentsa ezazu... Han dena handia zen, eta hemen ez», kontatu du Intxaustik, umorez.

Euskal Herrira bueltatuta, gaixorik segitu arren, Intxaustik segitu zuen ematen eta ematen. Eusko Ikaskuntzak 1948an Miarritzen eta 1954an Baionan egindako VII. eta VIII. Biltzarrak antolatzen buru-belarri aritu zen —Baionako biltzarrerako egindako panel handi baten bertsio txikitua da liburutegian dutena, Les basques dans le monde izenburukoa—, eta Baionako Euskal Museoan euskal diasporari buruzko atal bat pentsatu eta sortu zuen. Horiek denak sakon jasoak ditu Jean-Claude Larrondek Manuel de Ynchausti. Etorri handiko mezenas bat liburuan.
Agirre lehendakaria hil eta urtebetera, 1961ean, eman zuen Intxaustik azken hatsa, Intxausti-Baita etxean, emazteak eta bost seme-alabek inguratuta eta Jose Miguel Barandiaranek lagunduta.
Oroitzapen horiek denak gogoan, liburutegiko kristalezko atea ireki du haren alaba Mirenek. Eguzkitsu dago udaberriko arratsaldea Uztaritzen. Etxe barrenera begira jarri da, eta zera atera zaio, barren-barrenetik: «Aitak eta amak egin dutena, bai merezimendua!».