Euskara da josten duen haria

'Gasteiz, euskararen hiria’ jaialdiaren bigarren aldia egiten ari dira egun osoan hiriburuko erdigunean. Gogora ekarri dute orain dela mila urte Gasteiz euskalduna zela eta oraindik ere badela.

Haurrentzako ikuskizun eta jolasak antolatu dituzte goizean Plaza Berrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Haurrentzako ikuskizun eta jolasak antolatu dituzte goizean Plaza Berrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko irailaren 13a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten mila urte bete dira Donemiliaga Kukulan (Espainia) Gasteiz izena dokumentu batean lehen aldiz agertu zenetik, Gastehiz forma hartuta, eta testigantza horrek erakusten du orain dela mila urte ere Gasteiz herri euskalduna zela. «Hari batek lotu gaitu azken mila urte hauetan. Lur honetan, muino honen bueltan bizi izan den jendeak, ordutik hona, badu ezaugarri komun bat: Gasteiz herria zen hartan bizi zirenak eta oraingo hiri honetan bizi garenok euskaraz ari gara». Gasteizek euskararekiko duen atxikimendua aspaldikoa dela bistaratzeko eta bide horri eutsi behar zaiola aldarrikatzeko egin dute Gasteiz, euskararen hiria jaialdiaren bigarren aldia, hiri erdigunean.

Goizean goizetik ekitaldiz bete dituzte Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria: umeentzako ikuskizunak, herri kirolak, bertso saio musikatua, erraldoiak, drag show-a, kontzertuak... Arratsaldean kalejira bat egin dute euskalgintzan aritzen diren zenbait eragilek, eta mezu argia zabaldu dute: Gasteizen ez da eten euskararen haria, eta hari horrekin sortutako sareari esker lortu da Arabako hiriburua «euskararen hiria» izatea.

Geu elkartea da jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta jaialdiaren materialarekin postua paratu du Andre Maria Zuriaren plazan. Jende asko bildu da afixak, txapak eta bestelakoak hartzera, eta ez dira gutxi izan euskaraz jakin gabe ere jaialdiaren inguruan interesa agertu dutenak. «‘Eta hau zer da?’ galdera eginez hurbildu zaizkigu asko. Guk euskararen aldeko ospakizun bat dela azaltzen diegunean, guztiek ongi hartu dute», aipatu du Aitor Alvarez elkarteko kideak.

Gasteiz Euskararen Hiria
Erraldoiek festa girotu dute hiriaren erdigunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gasteiz, euskararen hiria jaialdian aniztasunari ere tokia eman nahi diotela azaldu du Uxue Alonso Geu elkarteko koordinatzaileak, euskararen inguruan profil askotako pertsonak batzen direlako, adin, jatorri eta interes ezberdinak dituztenak. «Euskara plurala da, eta lekua eman behar zaio aniztasun horri, mundu guztiak du-eta tokia euskalgintzan eta euskararen unibertsoan». Euskarak Gasteizen izan duen ibilbidea eta garrantzia azpimarratzearekin batera, «periferiako hirietako euskaldun zapalduak» aitortzeko helburua ere badu jaialdiak, Alonsok gaineratu duenez.

Izan ere, eta arratsaldeko kalejiran gogora ekarri duten moduan, oraindik euskara ez da hizkuntza normalizatua Gasteizen, eta oraindik ere «sokari tinko heldu» beharra dago ez erortzeko. Denen bultzadarekin baino ez dute lortuko Gasteizen euskarak aurrera egitea, Irati Anda bertsolariak oholtza gainean adierazi duenez: «Gaurko eguna betikotzea/ da egin behar duguna/ Zein polita den ikustea/ Gasteiz euskalduna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.