Gasteizko jaiak

Euskara plazara, eta plazak euskaraz

Aihotz plazak biltzen ditu urtero euskarazko ekitaldi nagusiak Gasteizko jaien barruan. Musika ez da falta, baina, eguerdiro, hiriko bertsozaleen gotorleku bihurtzen da. Geu elkartearen txosnari esker, euskararen arnasgune da.

Paula Amilburu bertsolaria, Aihotz plazan bertsotan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paula Amilburu bertsolaria, Aihotz plazan bertsotan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abuztuaren 8a
14:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburuko jende oldea noiz iritsiko zain, festa azken txanpan sartu da Gasteizen. Termometroak koska bat egin du gora, eta erruz ari da eguzkia bazterrak berotzen. 30 gradutik gora dabil tenperatura eguerdian, eta harrizko harlauza zaharrak eta harresiak babestutako Aihotz plaza labe itxura hartzen ari da. Hala ere, arnasgunerik ere bada: Erdi Aroko txoko eder hori euskararen gotorleku da oraindik ere. Musika eta dantza ekitaldi asko programatuta daude egunotarako, denak euskaraz; bertso saioak ere ez dira falta.

Paula Amilburu, Ekaitz Samaniego, Xabat Galletebeitia eta Amaia Iturriotz igo dira oholtzara. Giroa ikusita, meritua badute bertsolariek eta ikusleek. Eguzkiak indarrez jotzen du, eta publikoak parasolen gerizpea bilatu du. Geu elkarteak urtero muntatzen duen txosnan bilatu dute zerekin hidratatu, saioa hastear dela.

2012an jarri zuen lehen aldiz txosna elkarteak, eta urtez urte jaietan «sendotuz» joan da, Azaitz Unanue Geu elkarteko kideak azaldu duenez. Elkartearen lan eskergari esker, eta Gasteizko Udalaren eskaintzak lagunduta, jaietan espazio bakarra da programazio guztia euskara hutsean eskaintzen duena. Abuztuaren 2an hasi ziren ekitaldiak programatzen eta euskaltzaleei zer jan eta zer edan ematen.

GEU txosna Aihotz plazan. BERRIA
Geu elkartearen txosna, Gasteizko Aihotz plazan. BERRIA

Plaza beteta egon da egunero, eta horrek erakusten du badagoela «beharra», Unanueren hitzetan. «Gasteiztarrek identifikatzen dute jada plaza hau: badakite zer topatuko duten hemen. Euskara guztiona dela erakusten ari gara». Plaza euskararentzat arnasgune da, Geu elkartearen lanari esker, neurri handi batean. Txosna handia da, eta 170 lagun inguruk hartzen dute parte txandetan: «Gure boluntario guztiak euskaldunak dira, eta hori bermea da: hemen beti euskaraz artatuko zaituzte».

Harrikada Kurling taldeko kideak aurten ere Geu txosnan boluntario lanak egiten ari dira; zazpigarren urtea dute. Iraitz Perez de Goldarazena barraren bestaldean dago garagardo batzuk zerbitzatzen. «Urtero plan berdintsua dugu: txanda bat egiten dugu txosnan, euskarak behar duelako. Eta arratsaldean, parrandan ateratzen gara, noski», dio, barrez. 

Bertso saioa parasolekin

Hasi dira bertsolariak abesten, eta bero sapa izan dute ahotan agurrean. «Eman 50eko ahalmeneko kremita/ tinto hotz botila beti/ eskuan ondo eutsita/ izotz pusketa parea/ besapetan itsatsita/ hobe haizegailutxo bat/ aurreko aulkian jarrita», bota du Samaniegok.

Bihar bertsolarien azken saioa izango da plazan, 13:30ean. Oihane Perea, Unai Anda, Maialen Lujanbio eta Julio Soto ariko dira. Baina bertsoak baino gehiago ere bada Aihotz. Arratsaldean dantzak hartzen du plazako oholtza, eta gauean, kontzertuek. Besteak beste, Gorka Urbizu, Merina Gris eta Izaki Gardenak igo dira plazako oholtzara. Tatta & Densoren txanda izango da gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.