Euskarazko bideojokoen etorkizuna hizpide

Larunbatean egingo dituzte euskal bideojokoen Jokoteknia jardunaldiak. Aurten euskal bideojokoen azoka antolatu dute lehenengoz.

Zomorro Studio taldeko Ibai Aizpurua, 2022ko Jokoteknian, Game Jam egitasmoen prozesua azaltzen. GAME ERAUNTSIA
Zomorro Studio taldeko Ibai Aizpurua, 2022ko Jokoteknian, Game Jam egitasmoen prozesua azaltzen. GAME ERAUNTSIA
Irati Abarrategi
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geroz eta garrantzi handiagoa du entretenimenduak gizartean. Bideojokoen industria interes horrekin batera hazten da urtetik urtera, baita Euskal Herrian ere. Euskarak, ordea, erronka ugari ditu bideojokogintzan. Hizkuntza eta aisialdi digitala uztartu dituzte euskal bideojokoen Jokoteknia jardunaldietan.

Euskarazko bideojokoak ardatz izango dituen jardunaldia egingo dute larunbatean, 9:45etik 20:00etara, Bilboko La Perrera gunean. Bederatzigarren aldia izango da aurtengoa. Lander Unzueta Game Erauntsia elkarteko kideak azaldu duenez, euskal bideojokozaleak eta industriako garatzaileak elkartzeko asmoz antolatu dituzte Jokoteknia jardunaldiak. «Euskal Herrian bideojokoen arloko hainbat jardunaldi indartsu daude, baina euskararen presentzia oso urria izaten da», deitoratu du.   

Hala ere, pozik dago jardunaldi honek izandako bilakaerarekin. Bederatzigarren Jokoteknia egingo dute aurten, eta Unzuetak adierazi du bideojoko eta enpresa handietan lan egiten duten garatzaileak dituztela. Uste du bilakaera «nabarmena» izan dela lehen alditik, eta hori «ospatzekoa» dela. 

Aurten, lehen aldiz, euskal bideojokoen azoka antolatu dute. Azokak hamasei erakusmahai batuko ditu, eta euskarazko jokoak «ezagutzeko eta probatzeko» aukera egongo da. Jokoak ez ezik, bideojokoen arloarekin lotura duten beste zale eta eragile batzuk ere izango dira azokan. Euskal manga eta anime komunitateko kideak egongo dira, adibidez, euskarazko mangaren eta animearen eskaintza erakusten. Euskarazko rol partidak ere antolatuko dira, eta Pantailak Euskaraz elkartekoek gaur egungo euskarazko ikus-entzunezkoei buruzko informazioa emango dute. 10:00etatik 20:00ak arte egongo da zabalik azoka.

Lau hitzaldi eta mahai inguru bat ere egingo dituzte. 10:00etan Paula Olaz konpositoreak bideojokoen musika eta soinu bandak sortzeko prozesuaren inguruan mintzatuko da. Jarraian, Josu Igoak hartuko du lekukoa, eta bideojokogintzaren esparruko itzulpengintzari eta euskarari buruz hitz egingo du. 11:30ean Jon Suarez artistak marrazkilaritza eta arte kontzeptualen inguruko hitzaldia emango du. 12:00etan Nestor Uriarte bideojokogile eta Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak bideojokoen munduko langileen borrokaz hitz egingo du. Azkenik, mahai inguru bat egingo dute Digipen, Harrobia eta Tartanga ikastetxeetako ikasleekin. Horren ostean, azokak eta Gamer gelak irekita jarraituko dute. 

Emakumeen eta euskararen presentzia

Unzuetak esan du bideojokoen arloan euskararen presentzia «oso urria» dela. Euskal jokogintzak duen erronka handiena «egonkortzea» da, haren arabera. Horretarako, bi alde nabarmendu ditu: batetik, garatzaileei «baliabideak» eta «laguntzak» eman behar zaizkie; bestetik, zaleek jakin behar dute euskaraz jokatzeko aukera dagoela.

Bideojokoak eta bideojokoak garatzeko lana «esparru maskulinizatua» izan direla dio Unzuetak, jokoak «gizonezkoentzat» egin izan direlako. Hala ere, azpimarratu du emakume gehiago dagoela orain, bai bideojokoak garatzeko lanetan, bai jokalarien artean ere. «Gaur egun, uste dut jokalari gizonezkoen kopurua eta jokalari emakumezkoena nahiko parekatuta daudela», laburtu du Unzuetak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA