Herrigunetik kanpoaldera lekualdatu da ospakizuna Jaialdiaren bosgarren egunean, Expo Idaho gunera. Agertoki eta eremu desberdinetan antolatutako gune zabal bat da, eta, bertan, euskal kulturarekin eta euskal komunitatearekin lotura duten ekitaldi askotarikoez gozatu ahal izan dute bisitariek.
Goizean ireki ditu ateak, 10:00etan, eta ilara luzeak sortu dira sartzeko. Eta ilaretan, aniztasun handia parte hartzaileen jantzietan: lauburudun zapiak, txapela amerikanoak, tixerta pertsonalizatuak norbere abizenekin, tamaina eta forma guztietako ikurrin koloretsuak; ez da detailerik falta izan.
Gunera sartu, eta, lehenik, merkatuan bildu da gehiengoa. Produktu andana zegoen salgai, hala jakiak nola oroigarri eta moda osagarriak; guztiak, modu batera edo bestera, euskal identitatearekin lotutakoak.
Merkatuaz gain, bazegoen zer egin eta zer ikusi ere: dantza eta kirol erakustaldiak izan dira protagonista, eta, besteak beste, Boiseko Oinkari dantza taldeak, Añorgako Arkaitz dantza taldeak eta Tio Teronen Semeak taldeak egin dituzte emanaldiak. Herri kiroletako erakustaldiak eta bertso saioak ere izan dira, eta horietan ere jende ugari bildu da.

Arratsaldean, berriz, Idaho Central Arena izan da topagune. Dantzaldi deituriko emanaldi bat izan da bertan, eta AEBetako eta Euskal Herriko hainbat talde igo dira oholtzara. Amuma Says No taldeak jo du aurrena, eta giro ederra sortu du. Neomak-eko musikarien txanda izan da ondoren, eta pistan ziren ikus-entzuleak jauzika jarri dituzte euskal musika tradizionala eta elektronika nahasita. Gatibu taldeak eman dio amaiera emanaldiari, eta euritan ez, baina kantuan eta dantzan jarri ditu Idaho Central Arena aretoan bildutako guztiak.