«Iruindarrok!», ozenki entzun da Iruñeko Udaletxe plazan. Clint Jean Louis Fernandezek (Nairobi, 1972) eta Araceli Sergiok (Iruñea, 1963) sanferminei hasiera eman diete, Nafarroako larrialdietako zuzendariordetzaren izenean; Jean Louis Nafarroako larrialdi zerbitzuko zuzendariordea da, eta Sergio, Tafallako ZIU mugikorreko erizaina. Urduritasuna eta gogo bizia nahastu zaizkie balkoira atera bezain pronto: suziriaren metxa alde batera utzi, eta berehala besarkatu dute elkar. Normalean besten alde ezkutuan aritzen dira lanean, behar dutenei laguntza emanez ospitalera bidali baino lehen. Oraingoan, protagonistak izan dira.
Ongi lo egitea lortu duzue?
CLINT JEAN LOUIS: Nik ongi lo egin dut, egia esan.
ARACELI SERGIO: Nik ez. Kosta egin zitzaidan lo hartzea, eta 04:30ean esna nengoen, oso urduri.
Normalean non ikusten duzue txupinazoa?
SERGIO: Alde Zaharreko edozein tabernatan.
JEAN LOUIS: Azken urteetan ezin izan dut ikusi, baina sentitzen dut, Udaletxe plazaren atzeko partean aritzen baikara lanean. Anbulantzia medikalizatu bat daukagu, eta suhiltzaileekin batera egoten gara hor atzean, gorabeheraren bat balego ere. Orduan, festaren atzean egoten gara. Ez dut txupinazoa ikusten, baina entzuten dut, eta zapia janzten dugu elkarrekin.
Zer itxura hartu diozue plazari?
JEAN LOUIS: Harrigarria da. Izugarria da jendearen marea balkoitik ikustea.
SERGIO: Udaletxe plazak berez den baino handiagoa dirudi denak batera saltoka ikusten dituzunean.
Bazen duda nola jantziko ote zineten: zuriz edo laranjaz?
JEAN LOUIS: Protokoloa bete behar genuela esan ziguten; beraz, zuriz jantzi gara.
SERGIO: Hobe: horrela elegante agertu gara!
«Pazientea ahalik eta ondoen tratatzen saiatzen gara, eta unean bertan hura salbatzeko maniobra bat egiten»
CLINT JEAN LOUIS FERNANDEZ Nafarroako larrialdi zerbitzuko zuzendariordea
Txupinazoa jaurtiko zenutela jakin zenutenean, nola erreakzionatu zenuten?
SERGIO: Oso urduri nengoen albistearen egunean. Lankide batek esan zidan: «Ez dituzu mezuak irakurri?». Hainbeste talde ditugu, ez nuen ikusi! Oso hunkituta nengoen txupinazoa bota behar genuen albistea jaso genuenean.
JEAN LOUIS: Zuzendariordetza osoaren aitortza ekarri du. 1998an entzierroetan parte hartzen hasi ginen, eta azken zatian egon izan gara beti, tradizionalki arrisku handiena zegoen tokian. Hor egoten gara, Gurutze Gorriko kideekin, anbulantziako osasun teknikariekin eta poliziekin. Gero, txupinazoko dispositiboa dago, eta aurten uztailaren 10ean ere izango da, txupinazo txikiarengatik.
Askok jaiekin lotzen dituzte sanferminak; zuentzat desberdina da?
JEAN LOUIS: Bai. Gure lana larrialdietara zabaltzen da. Pazientea ahalik eta ondoen tratatzen saiatzen gara, eta unean bertan hura salbatzeko maniobra bat egiten. Batzuetan, salbatu egiten da, baina, askotan, behin betiko tratamendua ospitalean egiten da. Diziplina anitzekoa da. Polita da, baina lan handia da.
SERGIO: Gogorra da, baina lana eta festa tartekatzen saiatzen gara.
Suziriak zuen lana aitortzeko balio izan du?
JEAN LOUIS: Bai. Jaietako alor batzuk ikusezinak dira. Ez da sanferminetako lana bakarrik: urte osoko lana aitortzea nahi dugu.
SERGIO: Erizain batek txupinazoa jaurtitzea oso garrantzitsua da. Eta denok gara osasun publikoko langileak; hori ere zaindu egin behar da.
Korrikalariek luzaketak egiten dituzte; zuek nola prestatzen zarete?
JEAN LOUIS: Korrikalariek lo egiten dute, eta goizean santuari abesten diote; gu ere lo egiten saiatzen gara, eta 07:00etan San Martin anbulatoriora joaten gara.
SERGIO: Egunero joaten gara materiala aztertzera, entzierrora joan aurretik. Eta gero oinez joaten gara zezen plazaraino.
JEAN LOUIS: Urtero gauza berbera egiten dugu, baina, aldi berean, dena berria da: egunero edozer gerta daiteke.
«Erizain batek txupinazoa jaurtitzea oso garrantzitsua da. Eta denok gara osasun publikoko langileak; hori ere zaindu egin behar da»
ARACELI SERGIO Tafallako ZIU mugikorreko erizaina
Esku oheen artean, ikusi al duzue eboluziorik jaietan?
JEAN LOUIS: Entzierroetan eboluzio bat izan da. Lehen, adarkada gehiago izaten ziren, baina azken urteotan neurri asko hartu dituzte entzierroa hain arriskutsua izan ez dadin: lurrean produktu bat botatzen dute, eta ibilbidean nor sartzen den kontrolatzen dute. Baina horrek arriskua ez du erabat saihesten.
SERGIO: Erorialdiak, bultzakadak eta kolpeak dira arriskutsuenak: garezur barneko lesio traumatikoak. Oro har, ez sanferminetan bakarrik, jendea larrialdietara asko joaten da: zerbitzua nahiko beteta dago.
Jaiei hasiera eman diezue. Hemendik aurrera, zer egin behar duzue?
SERGIO: Orain familiarekin eta lagunekin elkartuko naiz, festaz gozatzeko!
Zer-nolako sanferminak nahiko zenituzkete?
SERGIO: Gustatuko litzaidake festa integratzaileak izatea, leku guztietako herritarrekin. Errespetuzko jaiak izatea ere nahi dut, eta garrantzitsua iruditzen zait elkar zaintzea. Gozatu, pasatu gabe.
JEAN LOUIS: Nahi dut jendeak ahalik eta gehien gozatzea, baina errespetuz jokatzea: jai seguruak izatea. Ez dugu nahi inor gaizki egoterik, baina gu jendeari laguntzeko prest gaude hori gertatzen bada.
LOTSABAKO