Aranzadi elkarteko Ornitologia Saileko burua

Juan Arizaga: «Ez dakigu zer egiten duten neguan hemen umatzen diren hegazti askok»

Aranzadiko eraztun-jartze bulegoa «inoiz baino hobeto» ari dela nabarmendu du Arizagak, bai eraztunak jarri dizkieten hegaztien kopuruagatik, bai datuen kalitateagatik. Aurrera begira, eraztun jartzaile gehiago behar dituzte.

Juan Arizaga. IÑIGO URIZ / FOKU
Juan Arizaga. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1949an, Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusi zenak, Jesus Elosegik, gutun bat bidali zion Madrilgo Zientzia Naturaletako Museoko zuzendariari, hegaztiak markatzeko eraztunak eskatuz. Hark esan zion ez zutela halakorik, eta, horrexegatik, urte hartan bertan Aranzadiko eraztun-jartze bulegoa sortu zuten. Ordutik, hazi baino ez da egin, eta gaur egun «inoiz baino hobeto» ari da, Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendari Juan Arizagaren (Donostia, 1980) arabera. 2000tik 2024ra bitartean bulegoak izandako bilakaera aztertu dute txosten batean; datu bat ematearren: tarte horretan 226 hegazti espezieri jarri dizkiete eraztunak.

Gaur egun hegaztiez dakizuen dena jakingo zenuketen haiei lehenago eraztunak jarri izan ez bazenizkiete?

Ornitologia zientzia konplexua da, hegaztiez jasotzen den informazioa hainbat iturritatik datorrelako. Bide klasikoa markatu gabeko hegaztien erroldak egitea eta landan haiei behatzea da; horrek informazio dezente ematen digu. Baina egia da hegaztiei buruzko informazio asko ezin dugula lortu ez baditugu banan-banan markatzen. Eta horregatik jartzen dizkiegu eraztunak. XIX. mendearen bukaeran sortutako tresna bat da, eta ia-ia modu berean erabili dugu gaur egun arte. 

Eta zer informazio lortzen duzue eraztunak jarrita, errolda batek ematen ez duena?

Adibidez, migrazio ibilbideak, eta umatze eremuen eta negua igarotzeko tokien arteko konektibitatea. Herbehereetan mokozabal bat markatzen badut eta hegazti horrek kosta atlantikotik barrena migratzen badu negua Espainia hegoaldean edo Mauritanian pasatzeko, badakit hegazti horrek bide hori egin duela, markatuta doalako; badakit nondik nora dabilen. Espezie askorekin jarduten dugu horrela. Hegazti bati eraztunak jartzen badizkiogu eta geroago hura beste leku batean aurkitzen badugu, errazagoa da jakitea nolakoak diren haren migrazio ibilbideak.

Eta Aranzadin ibilbide luzea duzue zeregin horretan.

Bai. Hemen migrazioari behatzeko tradizio handia egon da, eta gaur egun [Espainiako] estatuan jartzen diren eraztun guztien %60 inguru kudeatzen ditugu. Euring izeneko egituraren parte ere bagara; Europako eraztun-jartze bulego guztien lana koordinatzen du. Denok protokolo estandarizatu batzuk erabiltzen ditugu datuen fluxurako.

Azken 25 urteotan egindako lana aztertu duzue txosten batean. Zerk bultzatuta?

Noizbehinka balantzeak egin behar dira. Bulegoa gelditu gabe lan egiten duen zerbitzu bat da, proiektu asko daude martxan, ikertzaile eta eraztunak jartzen dituzten boluntario asko... Bulegoak azken 25 urteotan izan duen eboluzioa aztertzea da helburua.

Eta ondorio nagusia?

Inoiz baino hobeto gaudela. XXI. mendearen hasieran, eraztun-jartze bulegoa nahiko gaizki zegoen: desagertzeko zorian egon zen. Bost eraztun jartzaile baino ez zeuden, eta orain dozena batzuk gara. Lan eraginkorra egin dugu proiektua berriro indartzeko, eraztun jartzaile berriekin, proiektu berriekin, egitura berriekin... Lana ondo egin da, eta orain inoiz baino hobeto gaude, eraztun jartzaileen kopuruari dagokionez, markatzen diren espezieen kopuruari dagokionez... Datuen kalitatea ere askoz hobea da lehenagokoa baino.

«Aztertzen dugu zer-nolako eragina duten ingurumen faktoreek hegaztien biologian, iraupenean, mugimenduetan, ugalketan...»

Izan ere, garrantzi handiagoa ematen diozue kalitateari kopuruari baino.

Eraztun jartzea tresna zientifiko bat da, eta ondo planteatutako helburu zientifiko batzuei erantzun behar die. Proiektuen kalitate zientifikoa inoiz baino hobea da orain. Hegaztiei ez zaie eraztuna jartzen soilik jakiteko nondik nora joaten diren, baizik eta baita ere jakiteko zenbat denbora bizi diren, itsas hegaztien koloniek nola funtzionatzen duten, hiltzeko arrazoiak zein diren... Datu indibidualak behar diren ikerketetarako jartzen dira eraztunak.

Orduan, eraztunak ez zaizkie soilik hegazti migratzaileei jartzen.

Ez, denei jartzen zaizkie. Zenbait proiektuk ez dute zerikusirik migrazioarekin. Hemen eraztunak jartzen zaizkie kaioei, eta horrek ez du zerikusirik migrazioarekin, adibidez. Nola mugitzen diren ikusten dugu, baina zenbat bizi diren ere bai, zein den kumeek eta helduek bizirik irauteko probabilitatea, hori nola aldatu den zabortegien eta arrantzaren eraginez... Aztertzen dugu zer-nolako eragina duten ingurumen faktoreek hegaztien biologian, iraupenean, mugimenduetan, ugalketan... Migrazioa baino gehiago da, bai.

Inoiz baino hobeto zaudetela esan duzu, baina zer behar duzue askoz hobeto egoteko?

Ari garen horretan segitzea. Bulegoa kudeatzeko, profesionalizazioaren aldeko apustua egin genuen bere garaian, eta gaur egun talde txiki baina eraginkorra dugu lan hori egiten. Datu basearen kalitatea oso ona da, eta trebakuntzari garrantzi handia ematen diogu: eraztun jartzaile berriak trebatzen ari gara, gelditu gabe. 

Informazio asko ezezaguna da oraindik?

Bai! Espezie askori buruzko informazioa izatea falta zaigu, eta Gasteiztik hegoaldera jende gehiago behar dugu eraztunak jartzeko, nahiz eta lanerako oso eremu ona izan. Eta gauza asko ez dakizkigu: adibidez, ez dakigu zer egiten duten neguan hemen umatzen diren espezie askok. Eraztun jartzaile gehiago behar ditugu horretarako.

lotsabako

Eraztuna jarri zenion lehen hegaztia?
Txinbo kaskabeltz bat.

Eta azkena?
Amilotx urdin bat, gaur, Aranzadin sartu delako. Eraztuna jarri, eta askatu egin dugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA